«Koldo Mitxelenaren testuek argiro frogatzen dute zorroztasun eta sakontasun zientifikoa ez direla inondik ere erakargarritasunaren etsai», Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren ustez. «Gauzarik inportanteenak ere modu arin, zenbaitetan ironiko eta beti erakargarrian kontatzeko ahalmena zeukan». Mitxelenaren ikasle izan zen Urgell, eta pozgarritzat jo zuen haren obra osoaren edizioko lehen liburukia hizkuntzalaritza historikoko idazkiei eskainia izatea. «Kultura Sailean oso argi ikusi genuen argitaratze ekimen honetan bidelagun izan behar genuela, ziur baikeunden proiektuarenemaitza gertakari handia izango zela euskalaritzan, Euskadin eta Euskal Herrian, dudarik gabe».
Mitxelena «Euskal Herriko Unibertsitatearen sustatzaile nagusia eta eragile nagusietakoa» izan zela ekarri zuen gogora Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak. «Parte hartze erabakigarria izan zuen Letren Fakultatea sortzean, eta berdin erretoreorde gisa, Bilboko Unibertsitatetik Euskal Herriko Unibertsitatera aldatzeko garai hartan. Horregatik, aintzat hartu behar da, haren lan zientifikoaz gainera, garrantzi handiko kudeatze lana egin zuela gure erakunde akademikoa sortzeko eginkizun gogorrean».
«Euskararen geroak eta garapenak kultura eredu moderno bat behar zutela ikusi zuen Mitxelenak, ziurrenik beste inork baino lehenago», Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez. Mitxelenaren Euskararen bide luze bezain malkarrak artikuluko hitzak ekarri zituen gogora Olanok, gaurkotasun erabatekoa dutela iritzita: «Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia».
«Gauzarik inportanteenak ere modu erakargarrian kontatzen zituen»
Mitxelenaren hainbat alderdi laudatu dituzte Blanca Urgellek, Iñaki Goirizelaiak eta Markel Olanok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu