«Ia ezinezkoa. Zaila». Baobabs Will Destroy Your Planet talde iruindarreko kideek Iñaki Llarena produktoreak Londresko Abbey Road estudioetan grabatzea proposatu zienean, hala erantzun zioten. Ez dira egunero bisitatu daitezkeen estudioak. Mundu osoko musikari ospetsuenek grabatu dituzte euren lanak bertan, besteak beste, The Beatlesek, Iron Maidenek, Michael Jacksonek eta Freddie Mercuryk.
Emozioz mintzatzen da Eymard Uberetagoena taldeko gitarra jotzaile eta abeslaria Abbey Roaden bizitakoaz. Egun bakarrean grabatu zuten hamar abestiz osatutako diskoa. Denbora mugatua zen, «oso garestia delako han grabatzea». Hala ere, pozik dago emaitzarekin. Gainera, Abbey Roaden euskaraz grabatu duen lehen taldea da. Bihar Iruñeko Zentral aretoan aurkeztuko dute taldearen izen bera duen diskoa.
Iñaki Llarena eta Leire Aranguren aritu dira ekoizle lanetan. Aurretik ere estudio ezagunetan grabatzen izanak ziren. Llarenak jakinarazi duenez, Baobabsekoek «gogor» egin behar izan dute lan. Izan ere, ia bost hilabetez egindako probasaioen emaitza da diskoan entzungo dena. Gainera, beste estudioetan ez bezala, Abbey Roadekoetan musikari guztiek batera joz egiten dira grabaketak. Horrek, taldeari ahalegin handia eskatu diola nabarmendu du Uberetagoenak.
Gitarra jotzaileaz gain, taldea Eneko Requetibate bateria jotzaileak eta Darina Sadchicova teklatu jotzaileak osatzen dute. Urte eta erdi inguru da eratu zela. Musika jaialdi batean ezagutu zuten elkar Uberetagoenak eta Requetibatek. Iraila zen, Kutxa Kultur jaialdia. Ordutik gauzak izugarri azkar joan direla onartu du Uberetagoenak: «Elkar ezagutu eta hiru astera maketa bat grabatuta geneukan».
Lau abestiz osatutako maketa hark oso harrera ona izan zuen, eta bideoklipa ere grabatu zuten. Gainera, Gaztea Maketa Lehiaketako sari berezia eskuratu eta Bilboko Kafe Antzokian jotzeko parada izan zuten. «Saria eskuratuta, taldea ezagutzen hasi zen jendea eta kontzertuak ematen hasi ginen», dio gitarra jotzaileak.
Orain arteko ibilbidea sendotzeko diskoa grabatzea ezinbestekoa zela iritzita, abestiak sortzeari ekin zioten. Maketan nagusi diren indie doinuetan sakondu dute. «Sortze lanean, bagenekien nora iritsi nahi genuen, bai abesti konposizioari dagokionez eta bailortu nahi genuen soinuari dagokionez ere», azaldu du Uberetagoenak. Sormen lana amaituta, grabaketa estudio bila hasi ziren. Argi zuten atzerrian grabatu nahi zutela. Besteak beste, Pink Floyd taldeko David Gilmour gitarristaren Astoria eta The Church estudioak zituzten buruan.
Mitikoen artean mitikoenak
Abbey Roadez ere oroitu zirela onartu du Uberetagoenak. «Oso urruti ikusten genuen. Beatles gure erreferentetako bat da, eta ia ezinezkotzat jotzen genuen». Zailtasunez jabetu arren, irailean han grabatzearen aldeko apustua egin zuten. Llarena ere ahalegin horretan bidaia lagun izan zuten. Abenduan oraindik ez zuten erantzunik. Baina, urtarrilaren 20an estudioaren baiezkoa jaso zuten, eta grabatzeko data eman zieten: otsailaren 20a.
Estudioan bertan alokatu zituzten behar zituzten instrumentuak. Tarte batez probatu ondoren, grabatzen hasi ziren Abbey Roadeko hirugarren estudioan. Euskal Herritik sintetizadoreak bakarrik eraman zituzten. Lehenik, musika pistak grabatu zituzten, eta ondoren, ahotsak. Emaitzarekin pozik daude. «Nortasun propioa duten abesti soilak bildu ditugu diskoan. Gainera, lortutako soinua oso berezia da, eta hori da nahi genuena» azaldu duUberetagoenak. Bestalde, bateriak duen indarra nabarmendu du.
Iruñeko Zentral aretoan Sr Chinarro taldearekin bihar egingo duten kontzertua baliatuko dute taldekoek lehen diskoa aurkezteko. Horrez gain, hainbat emanaldi dituzte hitzartuta. Ekainaren 11n, Iruñeko Ziudadelan egingo den 360 jaialdian ariko dira.
Gauzatutako ametsa
Baobabs Will Destroy Your Planetek Abbey Roaden grabatu du diskoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu