Gauzek zama galdu dutenean

Alfonso Zapicok Fermin Muguruza musikariaren eta Eduardo Madina politikari ohiaren arteko solasaldi bat hartu du abiapuntu euskal gatazkari buruzko komiki liburu bat osatzeko: 'Zubigileak'

Fermin Muguruza musikaria eta Eduardo Madina politikari sozialista ohia dira Alfonso Zapico marrazkilariaren Zubigileak lanaren ardatza. ALFONSO ZAPIKO / ASTIBERRI.
Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Berez, Jot Down aldizkarirako musika elkarrizketa bat egiteko joan zen Eduardo Madina politikari sozialista Fermin Muguruza musikariaren etxera 2016an, baina topaketa hura beste zerbaiten ikur ere izan zitekeela igarri, eta Alfonso Zapico marrazkilaria ere gonbidatu zuen, bilkura haren zirriborroak egin zitzan. Koadernoan marraztutako irudi horiek berrikusi, berrantolatu, osatu, eta euskal gatazkari eta bizikidetzari buruzko 200 orriko komiki bilakatu du orain Madinaren eta Muguruzaren arteko sei ordu baino gehiagoko solasaldi hura. Zubigileak izendatu du lana, eta Astiberri argitaletxeak kaleratu du, gazteleraz eta euskaraz aldi berean, Bego Montoriok itzulita. «Hasieran, irudi du liburuak asko hitz egiten duela iraganari buruz, baina benetan etorkizunari buruzkoa da», azaldu du Zapicok. «Denak du zama txikiagoa orain».

Zapicok aurrez ere landuak ditu bestelako gatazka batzuk bere komikietan. Palestina hartu zuen ardatz, esaterako, 2008an kaleratutako Cafe Budapest fikziozko lana sortzeko, eta lehenagotik ere badu lanik euskarara itzulita. 2012an, Espainiako Komikiaren Saria jaso zuen James Joyce idazleari buruzko Dublindarra lanarekin, eta Astiberri argitaletxeak haren euskarazko bertsioa atera zuen. Azaldu duenez, Palestina marrazteko izan zituen motibo bertsuek bultzatu dute orain euskal gatazka marraztera: «Palestinakoa banalizazio puntu batera heldu zen. 2005. eta 2006. urteen artean hasi nintzen liburu hura lantzen; Intifada bat zegoen, eta astero zeuden hildakoak, baina, gatazka hark hainbeste urte zeramanez, kasik bazirudien jendeari bost axola zitzaiola hura guztia, eta, gutxi gorabehera, hori da orain hemen ere gertatzen dena. Banekien egoera hau bazegoela, baina ez nekien nondik zetorren, eta horregatik ere egin dut liburu hau: neure buruari azaltzeko».

Zapico bera ere agertzen da komikian, Madina eta Muguruzarekin batera, eta liburuak haren bidez egiten du aurrera. Zapicok atzera eta aurrera darabil kontakizuna, elkarrizketaz gainera elkarrizketaren testuingurua azaltzeko. Kontatzen ditu, adibidez, 1936ko gerran Madinaren eta Muguruzaren familiek bizitakoak; irudikatzen du Muguruzak jasandako zentsura; aipamena egiten dio Egunkariaren itxierari; azaltzen du Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en hilketa; eta marrazten du 2002an Madinari egin zioten atentatua ere.

Asteartea da, euria ari du, eta Madina bere Seat Ibizara doa irudian. Behin ate parera helduta, bere buruarekin hasi da hizketan: «Kaka zaharra, euria. Azpia begiratzeko arrastaka hasten bazara, zikin-zikin jarriko zara, Edu. Eta berandu zabiltza». Ez da makurtu. Sartu da autoan. Giltzak. Kontaktua. Jarri du martxan, eta... ezer ez. «Dena alferrik», dio. Jarraitzen du Madinaren Seat Ibizak auto ilara baten erdian aurrera, irratian eguneko albisteak. Autoak ezker eta autoak eskuin. Ezer ez. Oraindik. Sartu da biribilgune batera, eta, orduan, Zapicok goialdetik ikusitako auto katramila baten erdian irudikatzen duMadina hankarik gabe utzi zuen eztanda.

Irudikapenaren bertigoa

Marrazkilariak ez du zauririk ezkutatu, baina uko egin dio odola erakusteari. Hildakorik ez dago, adibidez. «Horrek eman zidan bertigorik handiena», aitortu du egileak.

Kolore mantxa bat dira, esate baterako, GALek Baionako Monbar hotelean tiroz hil zituen Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena, Sabin Etxaide eta Jose Maria Etxanizen gorpuak. «Ez nuen beharrik ikusten gehiago marraztu behar izateko. Hain da dramatikoa ematen dudan informazioa, irakurleak ulertzen baitu zer gertatzen den», esplikatu du.

Komikigileek garai batean baino askatasun handiago dute egun, Zapicoren iritziz, eta berak ere askatasun hori baliatu nahi izan du komikian. «Lehen, komikiak formatu estuagoetara lotuta egoten ziren, gidoigileak izaten zituzten, eta beti aritu behar izaten zuten 48 orriko mugan. Beti merkatuaren lege horien menpe. Orain, aldiz, aukera handiagoa dugu jolasteko, eta, oraingo honetan bezala, marrazkilaria kronikari lanetan jartzeko, adibidez. Bestelako irakurleak ere agertu dira, eta halakoei esker dira posible gaur egun gisa honetako produktu arraroago hauek. Oso garai interesgarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.