Zinema. Estreinaldiak

Gazte gotiko baten gorabeherak euskaraz zinema aretoetan

Animazio film katalana da 'Papa, sóc una zombi', Ricardo Ramon eta Joan Espinachen lehen lan luzea

Gontzal Agote.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Iazko Xixongo Nazioarteko Zinemaldian Enfants Terribles izeneko saria irabazi zuen ekoizpen katalana da Papa, sóc una zombi, eta, orain, gure pantailetara ailegatu da, euskarazko bertsioan (Aita, zonbia naiz). Helduentzako zein gatetxoentzako animazio filma da, eta Goya sarietan kategoria horretako hautagaien artean dago.

Trailerra ikusita nahiko argi dago Tim Burton zinemagile ezagunaren eragin nabarmena jaso duela Aita, zonbia naiz filmak: burezurrak, hilerriak eta paisaia expresionistak dira nagusi. Agertoki gotiko eta ilunak eta ilargiaren zaintza etengabekoa daude Dixie protagonistaren inguruan.

Dixie nerabe bihurria da. Bost urte pasatu dira gurasoak banandu zirenetik, eta, orduz geroztik, neska diferentea izatearekin amets egin du Dixiek. Institutuko lagunek ez dute normaltzat hartzen, haren janzkera eta portaera guztiz diferenteak baitira.

Halako batean, gertaera latz batek dena aldatuko du. Ekaitz bortitza dagoen gau batean, eta munduari dion gorrotoak lagunduta, Dixiek ihesaldi zoro bat hasiko du. Ez da horretarako gaurik aproposena, istripu bat izan eta bere burua ezagutzen ez duen mundu batean ikusiko baitu Dixiek. Hilik omen dago, baina hura bizirik sentitzen da; zonbi bat da.

Mundu berri horretan, gaizkiaren indarren erregina Nigreda ezagutuko du. Harekin batera, atseginagoak diren beste pertsonaia batzuk: Gonner pirata pikaroa eta Isis momia berbalapikoa.

'AITA, ZONBIA NAIZ'

Zuzendaria: Ricardo Ramon, Joan Espinach.

Herrialdea: Katalunia.

Urtea: 2011.

Iraupena: 80 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.