Aurreko nobela kaleratu zuenetik hainbesteko denbora tarterik igaro ez delako akaso, baina Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok eleberri berriaren aurkezpenak ez du Martutene-rak adinako abarrotsik atera, baina hala ere, adiskide eta zaleez inguraturik egin du aurkezpena Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, eguerdian. Han izan dira kazetariez gain, eta besteak beste, Erein argitaletxeko editore Inazio Mujika eta Iñaki Aldekoa, Ibon Sarasola eta Miren Azkarate euskaltzainak, Mariasun Landa idazlea, Xabier Euskitze bertsolari eta telebista aurkezlea, Ramon Etxezarreta politikaria eta abar...
Ramon Saizarbitoriak adierazi du Martutene argitaratu osteko "erditze ondoko depresio moduko horri" aurre egiteko hasi zela ipuin batzuk idazten, "gauza ez hain sakonak". Haietako bati gusturago heldu ziola, hari mutur batek bestea ekarri zuela, eta hala ondu zuela Lili eta biok, Martutene baino laburragoa izanagatik ia 600 orrialde dituen liburu sendokotea. Ironia finez aritu da aurkezpen solasaldi osoan; zenbaitetan bere buruaz barre eginez —behin baino gehiagotan nabarmendu du bere alderdi neurotikoa—, egungo kritika joerek sortzen dioten kezka azalduz — "geroz eta ohikoagoa da kritikak ikuspegi psikoanalitikotik egitea, eta niri ere gustatzen zaizkit pertsonaietatik abiatuta egindako kritika horiek, baina arriskutsua ere bada, nitaz esaten dutenagatikË, baina baita kritika horiek umorez hartzen dituela erakutsiz ere: "Markos Zapian kritikariak esan izan du nire nobeletan ez dela ez animaliarik, ez homosexualik ezta masturbaziorik azaltzen. Liburu honetan hiruak azaltzen dira".
Kasualitateak zerbaiten seinale omen dira, eta zalantzarik gabe hala dira Faustino Iturberentzat, Lili eta biok liburuko protagonista eta jadanik Martutene-n ateratzen zen pertsonaiarentzat, Mujika Iraola Ereineko argitaldariak azaldu duenez. Faustino Iturbe oso gaixo dagoelako idazten ez duen idazle bat da, eta ziur asko, idazten ez duelako dago gaixo. Bakarrik bizi da kulpa zahar baten zama bere gain eramatera etsita. Baina, ausaz —dena gertatzen baita ausaz nobela honetan—, Lilirekin egiten du topo, oraindik harremanen lotura egiteko hitzaren baliagarritasunean fedea gordetzen duen nerabe argiarekin eta Txiki izeneko txakur abandonatu batekin ere bai, zeinak ez duen hitzaz baliatu beharrik elkarbizitza atsegin bat bideratzeko.
Ez da kasualitatea Saizarbitoriaren narraziogintzan ohikoak diren hainbat gai azaltzea nobela berrian: azaltzen da kulparen zama, azaltzen da 36ko gerraren itzal luzea, azaltzen da sentsualtasuna, azaltzen da komikotasun bat... baina berebiziko indarra dute ausazko enkontruek, kasualitateek. Mujika Iraola: "Ausazko enkontru bakoitza da mataza baten hasieraren punta bat, punta bakoitzak badu bere tonua, batek du poliziakoa, besteak umoretsua, patetikoa batean, komikoa bestean, xamurra beti, hunkigarri askotan. Eta hari guztiek maitasun istorio tragiko batera garamatzate...".
Saizarbitoriak esker onez amaitu du aurkezpena, xamur eta irribarrez, egindakoarekin gustura dagoenaren bisaia fortzaturik gabekoz, eta aldarrikatu du bera "idazle baino gehiago nobelagile" dela, eta bereziki nahi lukeela liburu hau "gazteren batek ere" irakur dezan, Kandisnkyren tradizioa-rekin izandako "esperientzia ona errepikatzeko".