Euriaren hotsak marka utzi du saioan. Sabaian tanka-tanka, Gaztelumendik esanda bezala “danborrada”. Itogin bat edo beste ere bai. Konzentraziorako traba da. Horregatik edo ez, puntuak aurreko finalaurrekoetan baino koska bat beherago izan dira Maule Lextarren:
1. Beñat Gaztelumendi 694,5 puntu
2. Julio Soto 668,5
3. Nerea Ibartzabal 663
4. Etxahun Lekue 656,5
5. Nerea Elustondo 637,5
6. Beñat Iguaran 604
Kartzelako gaia: “Zure ibilbideko unerik onenean zaude. Zure jarduna uztea erabaki duzu”.
Gehiegikeriak egindako aktore baten gorpuan jarri da Lekue. Autokritika egin du: “lanbide honetan paper gehiago/ ez baitut merezi berez/ eta barkamenik ere ez”.
Iguaran Kontxako bandera irabazi ostean arrauna uztea erabaki duen oriotar baten rolean jarri da. Bizimodu gogorra deskribitu du: “eman didazun guztiagatik/eskerrikasko Orio”.
Bertsolaritzan ibilbide oparoa egin ostean utzi du Gaztelumendik, aita izan behar du, eta maite dituenen ondora doa. “Pertsona asko dauzkat ondoan ikustezinak direnak”.
Bertsolariaren larruan jarri da Soto ere. Txapelketako presioek gain hartu diote. “Nire baitan gelditzen da larrosa eta asuna / bertsozaleak urtetan eman didan maitasuna”.
Ibartzabal emakume futbolari baten lekuan jarri da, eta haurdun gelditu. Leku horretan hainbat kritika izan ditu, emakume izateagatik. Honela esan du prentsaurrekoan: “Ta heziko dut berak nahi duen hori libre izan dadin”.
Iguaranek eta Ibartzabalek aukeratutako gaiak lotu ditu Elustondok. Kontxako bandera irabazita utziko du kirola: “Bizitza bat egin nahi dut arraun mundutikan kanpo/ ta ez da ama izatea erabaki dudalako”.
Azaroaren 12an egingo dute finalaurrekoen lehen fasea amaitzeko azken saioa, Durangon. Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran izango dira han.