Geldialdi bat behin bateko bidegurutzean

Noizbait hartutako erabaki garrantzitsuei buruzko gogoeta egitea proposatu dute Xabier Lizaso eta German Ormazabal pianistek eta Andoni Egaña bertsolariak 'Eta... zer gehiago?' emanaldi berrian. Viktoria Eugenian izango dira etzi.

Miren Garate.
Donostia
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Ohiko egoera bat, orain urte batzuk nahiz orain gertatzen dena: selektibitatea edo baxoa egin ostean zer ikasteko asmoa duten galdetuko die irakasleak 17-18 urteko ikasleei; Andoni Egañaren hitzetan, «hurrengo ostirala hurrengo hogeita hamar urteak baino garrantzitsuagoa iruditzen zaien horiei». Bizitzako lehen bidegurutze handietako bat izaten da askorentzat. Trantze horretatik igaro ziren bere garaian Xabier Lizaso (Orio, Gipuzkoa, 1965) eta German Ormazabal (Tolosa, Gipuzkoa, 1966) piano jotzaileak ere. Irakasleek zer ikasi behar zuten galdetu zietenean, erantzun berbera eman zuten biek: pianoa. Eta erantzun berbera jaso zuten bueltan: «Eta... zer gehiago?». Esaldi hori abiapuntutzat hartuta, bizitzari eta bizitzan hartu beharreko erabakiei buruzko emanaldi bat prestatu dute hiruren artean.

Bi piano jotzaileak aldi berean ariko dira oholtza gainean, piano banarekin, eta hori da saioaren berezitasun nagusietako bat, ez baita askotan ikusten den gauza bat. Egaña ere ezohiko rolean ariko dela azaldu dute, nahiz eta ez duten horri buruzko xehetasun askorik eman nahi izan. «Bertsoak izango dira, baina, bertsoez gain, gauza dezente gehiago ere izango dira», esan du Ormazabalek. Beste pista bat ere eman du Lizasok. «Eszena zuzendari bat badugu: Agurtzane Intxaurraga. Antzerkitik badu, kontzertutik badu, Andonik bertso zoragarriak idatzi ditu, inprobisatzen dugu zertxobait, baina gutxi... Uztarketa handi bat da». Egañak, ordea, ez dio utzi urrunegi joaten publikoaren irudimenari: «Badakizue bertsolariok zer geldoak garen. Mugimendu pixka bat sortzen dugu oholtzan, baina horixe bakarrik».

Emanaldiko pisua musikak daramala azaldu dute, eta joko dituzten piezei bizkarrezur bat ematea dela Egañaren egitekoa. «Hitza aitzakia bat da entzule bakoitza bere istorio pertsonalean sartzeko eta istorio hori buruan duela pieza entzuteko». Publikoari zer pentsatua ematea baita helburua, eta bi piano jotzaile horien bizitza hartzen dute horretarako aitzakiatzat. «Eta... zer gehiago?» galderari erantzunez, bide ezberdinak hartu zituzten batak eta besteak: Lizasok pianoa eta pianoa bakarrik ikastea erabaki zuen; Ormazabalek, berriz, pianoa baztertu ez arren, Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta enpresen kudeaketan lan egiten du orain. Ikasketak medio, Londresen, Sevillan eta Varsovian bizi izan da aurrena; Tolosan geratu zen gero.

Istorio partikularrak dira, baina unibertsalerako bidea aise egiten dutenak. «Gurea aitzakia bat da jendeak bere burua islatuta ikusteko, denok egon garelako horrelako egoeratan», esan du Ormazabalek. Eta ez bakarrik ikasketei dagokienez, aukeratu beharra maiz sortzen baita lanari, familiari, harreman pertsonalei eta bestelakoei buruzko kontuetan ere. «Noiz eta zer egoeratan hartu behar izan nuen erabaki garrantzitsu bat? Zer irabazi nuen? Zer galdu? Askatasuna eta lotura ez al dira txanpon beraren bi aurpegi?». Horiek dira proposatzen dituzten galderatako batzuk. «Bizitzako zati batean orduko erabakiak nola eragin digun kontatzen dugu, eta nola orain elkarrekin gauden berriz ere. Bizitza bidegurutzeak dira, eta aukera bat hartzen duzunean beste batzuk galtzen dituzu, baina dena ez da galera beti; zoriontsu izan zaitezke hartu duzun bidearekin, eta, ez bazara ere, beti daukazu beste bidegurutzeren bat. Haria hori da», laburbildu dute.

Berezko pisua duten piezak

Elkarrekin aukeratu dituzte jo beharreko piezak. «Ni erabat ezjakina naiz, baina kanpoko begirada batek ere asko laguntzen du askotan, adibidez, zera esateko: 'Oso polita da obra, baina ez dit asko adierazi, lasaiago bat igual hobeto'», esan du Egañak. Zinemako musika, musika herrikoia eta konpositore sonatuek pianorako idatzitako goi mailako piezak joko dituzte, hala nola Sergei Rakhmaninoven piano eta orkestrarako hirugarren kontzertua, Frederic Chopinen piano eta orkestrarako lehen kontzertua, eta Leonard Bernsteinen West Side Story. «Uste dugu egiten dugun musikak oso ondo islatzen duela zabaldu nahi dugun mezua», esan du Ormazabalek. Oholtza gainean bi piano egoteari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, bi pianistak elkarrekin ariko dira emanaldiaren zatirik handienean, baina pieza batzuetan txandaka ere ariko dira.

Joko duten piezetako bat, esate baterako, Astor Piazzola konpositore argentinarraren Adios Nonino da. Puerto Ricora joana zen kontzertu batzuk eskaintzera, eta, ezustean, aita hil zitzaion. Ez agurtu izanaren harra geratu zitzaionez, pieza bat eskaini zion gerora, bi pianotara. «Aldi berean, ordea, ez da hain tristea. Horren aitzakian, nik bertso batzuk kantatzen ditut kontatuz bizitza ez dela beti bidegurutze bat, batzuetan aukerarik ere ez duela ematen». Besteak beste, zer ikasi aukeratzeko zorterik eduki ez duen jendea izan dute gogoan, hala nola oso gazterik lanean hasi behar izan zuen jendea. Bidegurutzean dauden 17-18 urteko gazte horien irakasle eta gurasoak ere aipatu ditu Ormazabalek. «Pentsatu nahi dut gaur egun norbaitek esaten badu musika ikasi nahi duela, erantzuna ez dela izango: 'eta... zer gehiago?».

Hondarribian (Gipuzkoa) egin zuten emanaldiaren estreinaldia, eta herri gehiagotan ere izan dira. «Oso pozik» daude orain arte izan duten erantzunarekin. Ostiralean izango dute hurrengo saioa, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.