Gemma Urteagak (Beasain 1995) irabazi zuen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, atzo, Orioko Karela kiroldegian (Gipuzkoa), eta Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995) izan zen bigarrena, txapeldunordea. Gaztetxoen mailan, Zarauzko taldeak irabazi zuen finala, eta Leitzakoa izan zen txapeldunorde. Zarauzko taldea Ane Peñagarikanok, Jone Makazagak, Libe Goenagak eta Irati Tolosak osatu zuten. Leitzakoa, Joanes Ilarregik, Xabat Ilarregik eta Oier Altzelaik.
Bertso saio ona egin zuten helduen mailako hamar finalistek, eta Urteaga txapeldunak bertsoa akatsik gabe josteko trebetasun handia erakutsi zuen saio osoan. 15 eta 18 urte bitarteko bertsolariak aritzen dira helduen mailan, eta maila horretan azkeneko urtea dute hala Urteaga txapeldunak nola Iturriotz txapeldunordeak. Gainerako parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Peru Abarrategi (Aramaio, Araba, 1997), Iñaki Tena (Gasteiz, 1995), Txaber Altube (Abadiño, Bizkaia, 1998), Ander Gerrikaetxebarria (Zornotza, Bizkaia, 1996), Ortzi Murua (Azkaine, Lapurdi, 1995), Aitor Servier (Azkaine, Lapurdi, 1997), Mikel Lasarte (Barañain, Nafarroa, 1996) eta Maddalen Lopez (Lesaka, Nafarroa, 1996).
Jende ugari eta giro ederra
Giro ederrean jokatu zen finala, eta jende ugarik jarraitu zuen bertsolari gazteen jarduna, Orioko kiroldegia betea zela. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Arantza Manterola Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Patxi Etxeberria eta Sustrai Colina bertsolariek banatu zizkieten sariak bertsolari gaztetxoei.
Maddi Sarasuaren lekukoa hartu du Gemma Urteagak atzoko garaipenarekin. Gaztetxoetan, Peru Iruretagoiena izan zen iazko txapelduna.
Gemma Urteaga bertsolaria nagusitu da Eskolartekoan
Mikel Iturriotz izan da txapeldunorde, eta gaztetxoetan, Zarauzko taldea izan da garailea, Leitzakoari irabazita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu