Genero beltza pop kolorez

Mikel Begoña gidoilariak eta Iñaket marrazkilariak ‘Hiru etxe Santamonikan’ komikia ondu dute. Alfred Hitchcocken ‘Notorious’ lanaren filmatzean dago girotua, Hollywooden

(ID_13293738) (Andoni Canellada/@FOKU) 2023-10-26, Donostia. Mikel Begoña eta Iñaket-en Hiru etxe Santa Monikan komikiaren aurkez...
Mikel Begoña eta Iñaket, 'Hiru etxe Santa Monikan' komikiaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko abenduaren 22a
05:10
Entzun

Iñaki Martinez Iñaket marrazkilariak (Bilbo, 1965) eta Mikel Begoña gidoilariak (Sopela, Bizkaia, 1964) duela hamabost urte inguru ekin zioten elkarrekin sortzeari. Fikzioa lantzen dute, komikian betiere, baina oinarri historiko bat izaten dute beti abiapuntuan. XX. mendeko gudek eta bereziki 36ko gerrak, esate baterako, behin baino gehiagotan eman diete istorioak girotzeko aitzakia. Gertaera interesgarri bat aurkitu, nondik norakoak arakatu, eta, horretan murgilduta, beren asmamenari askatasuna eman.

Hiru etxe Santamonikan euskarazko bigarren eleberri grafikoa dute, eta, lehenengoa bezala, Harriet argitaletxeak plazaratu du. Hiru etxe Santamonikan bestelakoa da, baina. Ez du ikustekorik aurretik argitaratu dutenarekin, hainbat alderditan. Iñaketena izan zen proposamena: «Zeri helduko diogun ez dut nik erabakitzen, baina motibatzen nauen zerbait behar dut ezinbestean, ez nadin aspertu, epe luzeko lanak izaten baitira hauek». Hala, ordura arteko koordenatuak apur baterako alboratu, eta hurrengo lana Alfred Hitchcock zinemagilearen filmazio batean girotzeko ideia hartuta jo zuen Begoñarengana. «Baina izan dadila Hitchcocken estiloko misterioren bat, ez biografiarik, ez antzekorik», zehaztu zuen. Notorious filma jo zuten begiz. 1946an Hollywooden filmatua, Ingrid Bergman, Cary Grant eta Claude Rains ditu aktore nagusi, eta espioitza, heriotza eta gizonen eta emakumeen arteko harremanak harilkatzen ditu traman.

Hastapenetik, beraz, «genero beltzari heltzea eta osagai klasikoak baliatzea izan da asmoa», Begoñaren arabera.

Mamira jo ezkero, Ralhp Dolan du protagonista nagusia. Gidoilaria da, eta zinema mutuaren garaian izar izandako emakume batekin bizi da Los Angelesen. Bien etxean, eta protagonista inoizko gidoirik onena idazten saiatzen ari den bitartean gertatzen denak osatzen du eleberriaren lehen hari mataza. Bigarrena osatzeko elementuak alboko etxetik aterako dira. Han, lapur bat ezkutatuko da. Zaurituta dago, kasino ontzi bat atrakatu, eta, ihesian, tiro egin diotelako. Handik gertu, Robert Capa argazkilariaren eta Ingrid Bergman aktorearen arteko amodioa aterpetzen du beste etxe batek. Horra hor hirugarren haria.

Ralfp Dolanek, gidoia lantzen ari den idazleak, bakarrean batuko ditu hiru etxeetako tramak, berau izanik gidoilaria eta, era berean, protagonista. Hori guztia Notorious filmatzen den bitartean gertatuko da.

Molde klasikoa apurtuz

Genero beltzeko osagaiak izanagatik ere, Hiru etxe Santamonikan komikiak «apurtu egiten du molde klasikoa, bai estetikoki, bai eta narratiboki ere», Harriet argitaletxeko editore Gregorio Muroren ustez. Estetikoki, «kolore biziak dituelako, eta zuri-beltzean egitea izango zatekeelako ohikoena». Iñaketek badu azalpenik horretarako: «Aurreko komikian ikasitakoa hurrengoari aplikatzen diot. Otzi komikia lantzean oso kolore lauak erabili nituen, eta oraingoan ia psikodeliara jo dut, kolore arrosa azpi berde baten gainean jarriz, eta abar». Polar generoan koloreak ausarki erabiltzeko joera berri horri izenik ere asmatu dio: «Beltz pop». Haren ustez, Begoñarekin batera egindako lanen artean «onena» da.

Genero klasikoaren moldea apurtuko lukeen bigarren elementua narratzailea litzateke. Eleberri eta film beltz askotan ageri den off-eko ahotsik ez baitago. «Testuak minimizatu» egin direla nabarmendu du editoreak, eta, alde horretatik ere, «aski modernoa» dela genero beltzekoa izateko. Begoñak zehatzago azaldu dezake: «Oso gutxitan erabili ditut testu kaxak, laguntza narratibo gisa ondo etor zitezkeen arren. Testuak soilik une jakin batean hartu du zama, eta, betiere, Ingrid Bergmanen eta Robert Caparen arteko harremanari testuingurua ematearren».

Robert Capa begiz jota

Bergmanek eta Capak Bigarren Mundu Gerraren hondarrean ezagutu zuten elkar, Parisen. Bergman AEBetako tropak animatzera heldua zen Frantziako hiriburura, eta Capa berriemaile grafiko gisa ari zen. Notorious-en filmazioan ere elkarrekin aritu ziren, bata aktore eta bestea argazki zuzendari izan baitziren. Begoñak eta Iñaketek aspaldidanik jarraitu diote arrastoa Robert Capari. Haren bizitza komikira eramatea ere otu zitzaien inoiz, «baina azkenerako ez genion horrenbesterainoko interesik aurkitu», dio Begoñak.

Gregorio Muro Harriet argitaletxeko editorea eta, era berean, komikilaria da. Haren ustez, «komikiaren alderik ederrena» komiki bakoitzaren atzean dagoen ikerketa da, eta «unibertsitatean egiten diren tesiekin aldera liteke».

Iñaketek eta Begoñak 2008an ondu zuten elkarren arteko lehen lana, Norma argitaletxearentzat. Lehen eleberri grafikoa, berriz, Tristisima ceniza izan zen, 2011n plazaratua, argitaletxe berean. 36ko gerran dago girotuta; zehazki, Bilbo mendean hartu zuten garaian. El pico de los Cuervos heldu zen ondoren. Anarkistek Franco hiltzeko egindako saioa du oinarri historiko gisa. Helize komikia (Harriet, 2020) Bizkaiko gizarteari egiten dio erretratua, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan. Komiki bakoitzak dakarren alderdi historikoa eta fikzioa bereiztea irakurlearen esku uzten dute beti. Begoñak, bestalde, Berunezko itsasoa komikia autoeditatu zuen 2017an. Matxitxakoko gerran oinarrituta dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.