Genero guztiak lantzeko era asko batuko ditu Lekeitioko Zinema eta Bideo Bilerak

Koldo Almandozen 'Ahate pasa' eta Telmo Esnalen 'Amona putz!' daude gaur hasiko den jaialdiko filmen artean

Irune Berro Urrizelki.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Lekeitioko (Bizkaia) Zinema eta Bideo Bileran, 39 film labur lehiatuko dira gaurtik larunbatera bitartean. Ohikoa denez, euskara hutsean eginikoak izango dira denak. Bi sail bereiziko dituzte aurten ere: profesionala eta amateurra. Batean zein bestean, lan dokumentalak, argumentuzkoak eta sormenezkoak izango dira. Ikusgarri zinema aretoan izango dira emanaldiak, 19:30ean hasita.

Lehiaketan parte hartuko duten 39 film horietatik hamabi profesionalenak dira. Honako hauek: Koldo Almandozen Ahate pasa, Telmo Esnalen Amona putz!, Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren Gartxot, Natalia Romoren Kerela, Iñaki Madariagaren Kontaidazu burdinaren ipuina, Borja Portuondo eta Karlos Zurutuzaren Esklabo Iraken, Maialen Sarasuaren Hemen nago, Loreto Agirreren Bizitzako kopa, Bernat Casaresen Tebal, Carlos Iglesiasen Slack Line (Grabitatearen erronka), Iñaki Beraetxeren Anestesia eta David Zabalaren Napoka Iria Poortstraat 58.

Lekeitioko Zinema eta Bideo Bileraren antolatzaile Joseba Zuberogoitiak adierazi duenez, «genero bakoitzaren barruan ere estilo askotako lanak» emango dituzte. Gai eta teknika askotako 40 lan jaso dituzte, eta horietatik bakar bat besterik ez dute utzi jaialditik kanpo, «ez baitzituen oinarri guztiak betetzen». Zuberogoitiak dioenez, «maila handiko lanak» bidali dituzte «amateurren atalean ere». Denera, sortzaile hasiberriek eginiko 27 lan izango dira Lekeitioko Bileran. Andoni Mendizabalen Mosa, Alberto Bilbaoren Gazte ahaztuak, Kepa Errastiren Maritxu, Mentxu Sesarren Payola eta Natalia Martinen Firin Faran Euskal Herrian dira horietako batzuk.

Halaber, lau lan emango dituzte lehiaketatik kanpo; horien artean Oizmendi telebistak Lekeitioko jaien inguruan ekoitzitako hiru dokumental: Anteroren jeitsiera eta bajadea, Antzar eguneko potiñak prestatzen eta Antzar eguna 2010. Beste lan bat ere izango da: Victor San Miguel misiolariaren bizitzaren inguruan Koldo Lenizek ondu duen dokumentala, Father Victor.

Benito Ansola bekak

Orobat, berritasun bat dakar aurten Lekeitioko Bilerak. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin batera, Benito Ansola beken lehen deialdia egin du, euskarazko ikus-entzunezko lanen lehiaketatik eta erakustalditik aparte, urrats bat gehiago egiteko. Hamazortzi eta 30 urte arteko gazteentzako bekak dira. Bi proiektu sarituko dituzte aurten. Beka jasotzen dutenek 4.000 euro izango dituzte epe baten barruan lan bat osatzeko. Ikus-entzunezko obra hori Lekeitioko Bileran aurkeztuko dute. Hartara, lana ekoizten eta zabaltzen lagunduko dietela nabarmendu du Zuberogoitiak.

Larunbatean emango dute proiektu sarituen berri, film irabazleen zerrenda jakinaraztearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.