Genero rolak eta hirietako paisaiak irudikatu ditu Ibargoienek

Perspektiba ezberdinak plano berean kokatu ditu Donostiako Okendo kultur etxeko aretoko margolanetan

Adriana Ibargoien Bianchi, Donostiako erakusketan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bi ildo nagusi jorratzen dituen koadro sorta jarri du Adriana Ibargoien Bianchi margolariak (Donostia, 1983) Donostiako Okendo kultur etxeko erakusketa aretoan. Nortasunak bildumako artelan guztiak mihise gainean olioz egin ditu Ibargoienek. 40 lanetariko 23tan hainbat hiritako paisaiak margotu ditu; beste hamazazpietan, berriz, natura hilak margotu ditu, eta collage teknika ere erabili du. Perspektiba anitza deritzon teknikaz baliatu da natura hilen sortarako. Horretarako, objektu bera ikuspuntu ezberdinetatik ikusita erretratatu du, eta plano berdinean kokatu. Kubismoaren eragin nabarmena daukate lanek, egileak aitortu duenez. Metodo horri esker, «askoz informazio gehiago» eman dezakeela eta erabili du artistak.

«Atsegin dut erakusketa jartzen dudan hiriko margolan batekin irekitzea». Donostiako Kursaal jauregiaren gaueko irudi bat da ikusgai dagoen lehen irudia, eta Praga, Venezia, Florentzia, Iruñea eta beste hainbat hiritako paisaiak ere aurkitu daitezke. «Nik bisitatu ditudan hiriak dira, nigan eragina izan dutenak. Haietan bozetoak egiten ditut, eta ondoren argazkiak ateratzen ditut». Lanabes horiexek eraman ditu ondoren bere tailerrera margotzeko. Eguneko, edo egun askotako hainbat momentutan toki beretik ateratako argazkiak darabiltza batez ere, perspektiba beti berdina ez den arren. «Hiriek nigan eragin duten ikuspuntua erakutsi nahi dut», adierazi du. Irudi lasaiak dinamikoagoekin nahasten dira, bai egunak eta bai gauak ere. Irudiak zatikatu egin ditu karratu eta laukizuzenetan, argitasun eta itzalak konbinatuz zeru, zoru eta eraikinetan: «Pasaien nortasuna eratortzen saiatu naiz».

Erakusketaren bigarren atalean, artelanen eduki sinbolikoak protagonismo nabarmena hartzen du. Bestearen aldean «aldarrikatzaileagoa» deritzo atal honi artistak. Garagardo botilak eta makillaje produktuak dira elementu nagusiak. Horiek 1926ko The Ladies' Home Journal egunkariaren pusketekin nahasi ditu, collageak osatuz. Egunkari horren eduki heteronormatiboa eta sexista aipatu du Ibargoienek. Izan ere, ama edo emazte ona izateko aholkuak ematen zituen egunkariak, eta, haren pusketetan, «Munduak emakumeengandik espero duena» eta «Errazago sukaldatzeko» mezuen gisako goiburuak daude. Egunkari zatiak egungo produktuekin nahasi ditu margolariak, «1926ko emakume batez espero zenaz eta gaur egungoaz espero denaz gogoeta egiteko». Haren ustez, «exijentzia estetikoek, amatasunarekikoek eta beste hainbatek emakumeoi presio handia dakarkigute oraindik ere». Margolanetatik koloretako marrak ateratzen dira, «elementuok gizartean eragiten duten presio sozialaren sustraitzea islatzeko».

Erakusketa otsailaren 16ra arte egongo da ikusgai goizez eta arratsaldez, astelehenetik larunbatera bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.