Donostiako 49. Jazzaldia uztailaren 23tik 27ra egingo da, eta antolatzaileek osatu dute programazioa, ia-ia. Aurrez jakinarazitakoei izen gehiago gehitu zizkieten atzo, eta, hala, George Clintonek, Nicholas Paytonek, Dee Dee Bridgewaterrek, Snarky Puppyk eta Toshiko Akiyoshik, besteak beste, festibalean joko dute.
George Clinton estatubatuarrak irekiko du jaialdia, Jazz Band Ball delakoaren barruan, Zurriolako Agertoki Berdean. Funkaren historiako erreferenteetako bat da Funcadelic eta Parliament taldeetako burua, eta James Brown eta Sly Stonerekin parekatu izan dute. Egun horretan bertan joko du Snarky Puppyk Kursaal kanpoaldean. Talde instrumentala da, eta Michael League baxu jotzaile, ekoizle eta konpositoreak sortu zuen orain urte batzuk Texasen (AEB), nahiz eta orain Brooklynen (New York) duen egoitza. Kolektibo moduan funtzionatzen du, eta 30 bat musikari aritzen dira txandaka. Bederatzi disko kaleratu dituzte beste horrenbeste urtetan; azkenekoa, aurten bertan: We Like It Here.
Bestelako proposamena eskaintzen du Dee Dee Bridgewaterrek. Jazzaren estandarrei jarraiki 40 urteko ibilbide sendoa egin duen kantari estatubatuarrak amaituko du festibala, 27an, Trinitate plazan. Agertoki berean joko du Nicholas Payton tronpetistak, baina 25ean. New Orleanseko kaleetan marching band batekin desfilatuz hasi zen jotzen, eta gerora Louis Armstrong, Miles Davis eta Wynton Marsalisen iturritik edan du, baina gauza izan da estilo propio bati bide egiteko..
Toshiko Akiyoshik Kursaal auditoriumean joko du 26an, Sun Ra Dream Arkestrak Trinitate plazan egun berean, eta Bugge Wesseltoftek Kursaalean, azken egunean.
Aurretik jada iragarrita zeuden Ray Davies, Chick Corea, Madada Leo Smith, Vintage Trouble, Wire, Dave Hollan eta Bobby mcFerrin, esaterako. Sarrerak astelehenean, hilaren 31n, jarriko dituzte salgai, eta salmenta puntuak ohikoak izango dira.
George Clinton, Snarky Puppy eta Nicholas Payton, Donostiako Jazzaldian
Toshiko Akiyoshik, Dee Dee Bridgewater eta Sun Ra Dream Arkestrak osatuko dute programazioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu