Geratzeko itzuli da Pixies

33.424 lagun bildu ditu BBK Live jaialdiko bigarren egunak. Lehen jardunaldian baino musika estilo aukera handiagoak eragina izan du jendearen joan-etorri etengabean.

Pixies taldeko Black Francis, BBK Liveko zuzeneko emanaldian, ostiral gauean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lehenbiziko eguneko synth-pop gaindosiaren ostean, eskertzekoa izan zen ostiraleko eskaintza askotarikoa izatea. John Berkhout oiartzuarrak arduratu ziren bigarren jardunaldia inauguratzeaz. Ostean, Jose Gonzalezen eta C.Tanganaren aukera antagonikoen artean aukeratzeko beta egon zen. John Berkhouten antzeko sokakoa da Gonzalez suediarra. Gustura entzun zituzten bere folk doinuak bertaratutako lagunek, eta sorturiko atmosfera lasaiak lagungarria izango zitzaion bati baino gehiagori biharamuna pasatzeko.

Ocean Colour Sceneren txanda iritsi zen gero, bigarren agertokian. Laukotea 2015ean Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdian baino sendoago aritu zen. Bira honetan, duela hogei urte kaleraturiko Moseley Shoals jotzen ari dira.

Klasikoak hilezkorrak dira

Pixiesen kontzertua suziri bat bezalakoa izan zen. Pentsa, 30 abesti baino gehiago eskaini zituzten emanaldiak iraun zuen ordu eta erdi inguruan. Berba erdirik esan gabe taularatu ziren, eta kantuek hitz egin zuten beraien partez. Hogeita hamar urteko ibilbidearen laburpena egin zuten, abestiz abesti: Bone Machine, Wave of Mutilation, edota Head On (The Jesus and Mary Chain eskoziarren bertsioa; iazko kartelburuetako bat izan ziren) erori ziren hasieran; gero etorriko ziren Here Comes Your Man, Velouria edota Hey bezalako klasiko gehiago.

New Order taldearekin batera, jaialdiko talde helduena zen laukote bostondarra, eta zaleengan ere nabaria zen adin tarteak goraka egin zuela. Heldu zein gazte, publikoa animaturik egon zen emanaldi osoan, eta eztarriak urratu artean abestu zuten askok. Musikariek errepidean duten bizimodua oso gomendagarria ez dela entzun izan da maiz; Black Francisi nabaritzen zitzaion gehien urteen joan-etorria, hala ere, ondo defendatu zituen abestiak. David Lovering eta Joey Santiago (bateria eta gitarra, hurrenez hurren), eroso ikusten ziren taula gainean, Francis baino lasaiago, itxuraz behintzat. Baxua Paz Lenchantinek jo zuen, 2013an taldea utzi zuen Kim Dealen ordez.

Emanaldiak goia jo zuen Where Is My Mind abestiarekin. Taula nagusiaren aurrean zeuden milaka zaleek lagundu zuten, jaialdiak utzi duen une gogoangarrienetako bat osatuz. 2004an itzuli zirenetik disko bakarra kaleratu du laukoteak; irailerako, ordea, bigarren lan bat publikatuko dute. Hortik aurrera, bosgarren martxa sartu zuten amaiera arte. 1992tik lehenbizikoz, Velvety abestia jo zuten, eta ostean Caribou eta Debaser; jendearen «beste bat» oihuak eta gero, Planet of Sound-ekin itxi zuten emanaldia.

Etxean bezala

Sarrerako agertokia aurreko aldietan baino handiagoa ezarri dute aurten. Artista ugari pasatudira handik, baina, ostiraleko bat nabarmendu behar bada, hori Belako da. Lehenagotik ere arituak dira BBK Live jaialdian, baina inoiz ez oraingoan besteko jendetzaren aurrean.

Laukoteak publikoa bereganatua zuen lehenbiziko unetik, eta,horrela ere, hustu egin ziren taula gainean. Aurten kaleraturiko Hamen diskoko abestiak jo zituzten, gehienbat. Gaua heldu zen emanaldiarekin batera, eta horrek indar berezia eman zion kontzertuari. Sea of Confusion, Guk Emanez edota Off Your Shoes izan ziren eskainitako abesti batzuk. Sinnerman itzel batekin amaitu eta txalo artean jaitsi ziren taula gainetik; Kobetamenditik ez ziren mugituko, baina. Mungiarrak musikazale amorratuak dira, eta behin baino gehiagotan egon dira jaialdian ikusle gisa ere. Cris Lizarraga abeslariak, adibidez, WAS taldearen abesti batean abestu zuen ordu batzuk geroago.

Bitartean, Love of Lesbian kataluniarrak agertoki nagusian aritu ziren; aurten hildako David Bowieri eta Princeri eskaini zieten kontzertua. Jaialdian aritu ziren lehenbiziko aldia izan zen ostiralekoa, eta publiko kopuruan igarri zen.

Bigarren agertokian Grimes aritu zen ostean. Ikusmira zegoen Claire Elise Boucherren proiektua zuzenean ikusteko. Bi dantzari eta musikari baten laguntzarekin taularatu zen, halere, bera bakarrik nahikoa izan zen publikoa bereganatzeko. Go! abestian argindarra joan zen agertokian, eta horrek giroa hoztu zuen. Halere, areindar handiagoarekin itzuli ziren gero.

Atseden hartzera erretiratu ez zirenek bazuten non aukeratu goizaldean. Bigarren agertokian Underworld bikotea doinu dantzagarriak eskaintzen ari zen, besteak beste, Trainspotting pelikulak famatu egin zuen Born Slippy. Karpan, berriz, Slavesek (bikotea hau ere) egurra banatu zuen. Punk gordina jorratzen dute ingeles hauek, eta izugarrizko bolumenarekin pogo basatiak sortu zituzten; abesti arteko atsedenaldietan baino ez zegoen tregoarik. Aurtengo jaialdirako estreinatu dute Basoa gunea, eta arrakastatsuaa izan da, eta alternatiba on bilakatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.