«Garai zailetan ere, dena kontra denean, indarrak bilduz gero eta ideiak argi izanez gero, talde lanari esker, ekimen berriak bidera daitezkeela erakutsi zuten. Euskal kulturgintzari, eta batez ere liburu eta diskoari, urte osoan ez duen ikusgarritasuna ematea lortu dute, ez bakarrik Durangon, azoka egiten den lekuan, baita Euskal Herri osoan ere, lortu duen zabalkundeagatik». Hitzon bitartez azaldu zuen atzo Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakariak estreinako Elkar saria jasoko duen Gerediaga elkarteak biltzen dituen bertuteak. «2016ko Ibilbideari Elkar saria, lehen aldiz emango dena, Gerediaga elkarteari ematea erabaki da, 50 urtez Durangoko Azoka antolatzen egindako lanagatik», borobildu zuen.
Donostiako Alde Zaharreko Elkarren liburu dendan jakinarazi zuen Sorsek sari berriak bi modalitate izango dituela. Ibilbide bat saritzen duena izango da aurrena: «Sari hau urterokoa izango da, eta urte luzeetan egindako lana saritzea, ezagutzea izango du helburu. Saria emateko orduan, norbanakoen aurretik, talde lanean egindako ekimenak lehenetsiko dira. Kasu honetan ez da dirurik emango, artegile batek egindako ikur bat baizik».
Ibilbide saridunari urtero emango zaion artelanaren egilea Gotzon Huegun eskultorea da. Eskuetan hartzeko moduko neurri eta pisuko eskultura bat da, egurrez egina. Enbor bat dauka, Huegunen hitzetan «proiektuaren sendotasuna islatzen duena», eta, hari itsatsita, hainbat liburu apalategi. «Elkarrekoek, nirekin harremanetan jarri, eta hainbat ildo azaldu zizkidaten: elkarlana, ibilbidea, zaharberritze bat... eta liburua ardatz gisa. Apalategi mugikorrak dira, liburuarena asko mugitzen ari den mundua izanik».
Aurten bi urteurren esanguratsu bete ditu Elkar fundazioak. 40 urte dira Bilintx liburu denda ireki zutenetik Donostiako parte zaharrean eta Zabaltzen banaketa enpresa eratu zutenetik. Eta, bestetik, 20 urte beteko dira Joseba Jaka Elkar fundazioaren sustatzailea zendu zenetik. Bi urtemugok baliatu ditu fundazioak Elkar sariak aurrenekoz emateko.
Saria proiektu bati
Ibilbidea saritzen duen sariaz gain, Elkar fundazioak beste sari bat ere sortu du: Proiektuari Elkar saria. Aurrekoa ez bezala, sari hori bi urtez behin emango dute, Joseba Jaka saria banatzen ez duten urteetan, hain zuzen ere. Sorsek adierazi zuenez, ez da sormen lan bat laguntzeko saria izango, «euskal kulturgintzarako interesgarria den ekimen bat abiatzeko edo indartzeko baizik». 10.000 euroko laguntza izango da, eta fundazioak berak erabakiko du, «euskal kultur munduan ikusten dituen mugimenduen arabera», sari hori nork merezi duen. «Izan liteke proiektu bat martxan jartzea, ikerketa bat egitea edota beste edozer...».
Aurten ez dute sari hori banatuko; izan ere, hainbat urtez geldirik egon ostean, Joseba Jaka beka berreskuratu du oraintsu Elkar fundazioak, eta beka ematen den urteetan ez, gainerakoetan banatuko da saria.
Joseba Jaka bekaren bigarren aldia iaz aurkeztu zuten, «kultur sorkuntza sustatzeko» helburuarekin. Bi urtez behin egingo da. «Aurtennobela edo ipuin bilduma bat laguntzeko aukera zabaldu du, eta deialdi bakoitzean definituko da zein diziplinatako lana laguntzeko izango den». Izan ere, Sorsen iritzian, «kultura bat ez da soilik literaturara eta bereziki nobelara mugatzen; une honetan, adibidez, musikaren munduan sortzaile asko dago, eta ez dute bide erraza aurrera egitea».
Aurtengo deialdira 35 lan aurkeztu dituzte, eta hori oso datu «pozgarria» da, Elkar fundazioko lehendakariak dioenez. «Bekaren lehen aldi hartan 15-16 bat lan jasotzen genituen batez beste, eta 23 lan urterik emankorrenean; beraz, inguru horretan ibiltzea espero genuen, eta ezusteko ona jaso dugu. Jende asko dago idazteko gogoz». Lehen aldi honetako sariduna hiru kidez osaturiko epaimahai batek erabakiko du: Karmele Jaio idazlea, Iratxe Retolaza literatur kritikaria eta Joxe Azurmendi idazle eta filosofoa izango dira lan saritua hautatu beharko dutenak. «Urtero aldatu egingo da epaimahaia, sariak ahalik eta aniztasun handiena izatea nahi dugulako, baina izan liteke bakarren batek errepikatzea ere, transmisioaren lan hori ere egin dezan. Esaterako, lehen urte honetan Joxe Azurmendi sartu dugu, aurreko aldietan ere egin izan zuelako lan hori eta fundazioa ezagutzen duelako».
Bai urteroko ibilbidearen saria emateko eta bai bekaduna edo proiektuaren sariduna nor den jakinarazteko, «ekitaldi sozial bat» egingo dute urtero, apirilaren 16aren —Joseba Jaka hil zeneko eguna— eta apirilaren 23aren—Liburuaren Eguna— inguruan. Aurten, apirilaren 21ean egingo dute ekitaldia, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean —19:00etan—. Bertan jakinaraziko da nor den bekadun sariduna, eta Gerediaga elkarteak saria jasoko du.
Gerediaga elkarteak jasoko du ibilbidearen lehenengo Elkar saria
Elkar fundazioak urtero banatuko du urteetan egindako lana aitortzeko sari hori, eta bi urtez behin, berriz, proiektu bat lagunduko du 10.000 eurorekin.Apirilaren 21ean egingo dute sari banaketa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu