Belaunaldi oso baten galera ekarri zuen Ipar Euskal Herrian Lehen Mundu Gerra edo Gerla Handia deituak: 6.000 izan ziren hilak; hilak halako bi, gutxienez, gerraren ondorioz itsu, maingu, herren edo zoro geratuak. Hala ere, euskal literaturan ez du presentzia handirik duela ehun urte hasitako gatazka izugarri hark, eta hutsune horri aurre egiten hasteko saio bat da Mikel Peruarena Ansa idazle eta BERRIAko erredaktorearen Su zelaiak nobela (Susa).
Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak ardatz harturik, Euskal Herritik gerra hartara eramandako soldadu askoren bizipenak ditu kontagai Peruarenaren nobelak. Haietako asko, ordea, hil egiten dira kontaketak aurrera egin ahala, eta gero eta murritzagoa da pertsonaien kopurua. Nobelaren bigarren zatian Filipe Luro Arnegiko (Nafarroa Beherea) ikazkina bihurtzen da protagonista nagusi.
Gerrako paisaiak eta pasarteak ez ezik, gerrak soldaduen jatorrizko bizilekuetan eragindako aldaketak ere islatu ditu Peruarenak nobelan, hots, adin orotako emazteek, haurrek eta adin handikoek nozitutakoak.
Hala kontatzen duenarekin nola kontatzeko moldearekin, irakurlea Gerla Handian barneratzea bilatu du idazleak, haren gordintasuna disimulatu edo goxatu gabe, “errukirik gabe”.
Bigarren nobela du Peruarenak Su zelaiak. Aurrenekoa, Ez obetitu inori, 2009an argitaratu zuen, hura ere, Su zelaiak bezala, Susa argitaletxearen eskutik. Horrez gain, bi poema liburu ditu argitaratuak: Eguraldiaz hizketan (Elkar, 2003) eta Edan ase arte (Kutxa, 2008).