Azken hilabeteetan ez zuen gitarra jotzeko indarrik. Ahuldadeak jota zegoen. Baina, ordura arte ez bezala, bere disko eta kantu zaharrak entzuten zituen etxean. Hala gogoratzen du Mari Sol Bastida alargunak. «Bere kantu guztiak zituen maiteak, baina Lekeitioak bereziki maite zituen, eta Gernika-rekin hunkitu egiten zen, negar egiteraino». Gernika-k «karga berezia» zuen Mikel Laboarentzat (1934-2008). 1936ko irailean, 2 urte zituela, Lekeitiora mudatu zen Donostiatik, amarekin eta anai-arrebekin batera, aita Bordelen erbesteratu ondotik. Bederatzi hilabetez izan zen han. «Hiru urte bete gabe zituenean izan zen Gernikako bonbardaketa. Oroitzapenak errealak diren ala kontatutakotik sortuak ez da jakiten sarri. Baina berak oso argi esaten zuen hegazkinen zarata gogoratzen zuela». Lekeitioen eta Gernika-ren hazia oroitzapen horietan zegoen.
Senarra zuenarekin hainbeste une igarotako leku berean atzera-aurrera dabil Mari Sol Bastida, urduri, zigarretari kea ateraz: Igeldoko Buenavista jatetxeko terrazan, Donostian. Haren garunakirudikatu eta bilbaturiko egitasmoa gauzatu da, eta artega dago haren berri zehatz emateko eta zein harrera izango duen ikusteko.
Bastidarena izan da Laboaren Gernika piezaren bi bertsio grabatuen puskak hautatuz eta lotuz pieza berri bat sortzeko ideia; hezurmamitu da egitasmoa, eta Gernika (1937-2012) dauka izenburutzat. Elkarrek eta BERRIAk plazaratuko dute, elkarlanean, hilaren 26an, bonbardaketaren urtemuga egunean.
Urduri dago Bastida. Ondo gogoratu nahi ditu xehetasun guztiak, egunak, lekuak eta abarrak. Baina gazteagoa den edozeini zail zaion zehaztasunarekin lan egiten dio oroimenak. Ondo asko gogoratzen du, esaterako, Laboak1972an estreinatu zuela bere Gernika zuzenean, Gernikan bertan. «Gero, 1970eko hamarkadan mila aldiz kantatu zuen. Ez zen erraza kantatzeko, baina askotan kantatu zuen». 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, Gernikan kontzertu berezi bat antolatu zuten, apirilaren 25ean. «Gaueko hamabietan bere Gernika kanta zezan eskatu zioten. Ederra izan zen, oso. Hunkigarria. Ez bakarrik haren eta musikarien emanaldiarengatik, baita Zumetaren txoriak proiektatu zituztelako agertokian ere, lehen Ikimilikiliklik ikuskarian egiten zuten moduan, eta, gainera, publikoaren zati handi batek koru bat-bateko bat osatu zuelako». Emanaldi haren grabaketa on bat ez izateak penatzen du Bastida.
Gernika aurreneko aldiz 1974an grabatu zuen Laboak, Bat-Hiru lanerako (Herri Gogoa / Edigsa). 1976an bigarren aldiz grabatu zuen, Suediako telebista kate baten eskariz. «Oso baliabide xumeekin egin zuten grabaketa hori, baina guretzat oso kutuna da. Suediako telebista kate bat etorri zen, frankismoaren kontrako kantuen inguruko dokumental bat egitera. Kataluniatik jarri zituzten harremanetan Mikelekin, eta Gernika kantatzeko eskatu zioten. Gernikako Ikastolako haurrek marrazkiak egin zituzten dokumental horretarako, eta gero galdetzen ziguten ea Zumetaren marrazkiak ziren. Oso bitxia da». Ez zen hitz sarriko gizona Laboa, baina ordukoan oso ondo azaldu zien suediarrei pieza haren esangura, Bastidak gogoratzen duenez. 1988an beste behin grabatu zuen lehen bertsioa.
Ez du etenik haren oroimenak. 90eko hamarkadako emanaldietan Gernika jotzen zutela akorduan du, eta 1999an bertsio sinfonikoa grabatu zutela Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin Hamabostaldiaren barruan, orduko zuzendari Jose Antonio Etxenikeren ekimenez. Iñaki Salvador alboan du Buenavistako terrazan, urte luzez Laboaren musikari taldeko kide izandakoa eta familiaren adiskide handia. Hari begiratu dio grabaketa haren ingurukoez oroitzean: «Kontzertu zaila eta luzea izan zen. Orduan estreinatu eta grabatu zuten Gernika sinfonikoa». Carlos Puigek egin zuen orkestrazioa, Laboak berak enkargaturik. Anjel Katarainek grabaketa «txukun» bat egin zuen, eta horrela plazaratu zen Gernika II zuzenean izeneko lana.
Gernika-ren ibilbide guztia kontuan hartuta, Gernikaren bonbardaketaren 75. urtemuga gainean zela jabetuta eta Laboarentzat berarentzat pieza hori «oso berezia» zela jakinda, iazko udan ideia bat buruan iltzatzen hasi zitzaion Bastidari. « Gernika-ren bi bertsioen artean elkarrizketa bat planteatzea zen asmoa; remix bat egitea nolabait». Bertsio bateko zein besteko puskak «aukeratu» zituen, «ordenatu» ondoren, «oso baliabide gutxirekin»... Eta arazo nagusi batekin tupust egin zuen. «Zati desberdin horiek nola lotu». Langintza horretan apur bat «etsitzen» hasia zenean, Iñaki Salvadorren ekarpena iritsi zen, arlo teknikoarekin lotua zegoena. Lehen hautaketa eta pusken ezkontza «oso artisau eran» egin zuen Bastidak. Lanketaren zati horri «garrantzi handikoa» irizten dio Salvadorrek: «Lehen ere erabaki eta ideia handiez Mikel eta Mari Sol arduratzen ziren, ideia estetiko eta etiko handiak haienak ziren, eta guk ekarpen txikiak egiten genituen. Oraingoan ere, horrela izan da», dio, irribarre zabala ahoan duela, bi piezetako puskak lotzeko lan teknikoa ordenagailuaren laguntzaz egin duenak.
Kaos zirudiena eta ez dena
Itxura batean «ideia kaotiko samarra» zirudienak gorputz koherentea hartu du, Salvadorren hitzetan. «Hasieran beldurtu egin nintzen. Bi bertsioak oso desberdinak dira. Batetik, denboran oso aldenduak, eta, bestetik, izaeraz ere oso desberdinak. Lehena biluzia da: Mikelen ahotsa eta gitarra soila; oso hunkigarria. Bigarrena, orkestraz eta koruz jantzia, borobildua. Baina, ariketa egiten joan ahala, ezustekoa jaso genuen. Konturatu ginen Carlos Puigen bertsio sinfonikoak oso ondo jaso zuela jatorrizko bertsioaren arima, eta ondo ezkontzen dira».
Hiru urte pasatxo dira Mikel Laboa zendu zela. Hala ere, hitzetan ez ezik, begiradan ere presente dute nola Bastidak hala Salvadorrek. «Hor dago modu etereo batean», dio Bastidak, eurek hain gustukoa zuten akazia arbolari begira. Salvadorrek uste du Laboak bertsio berria ere gustukoa izango zuela. «Bat egiten du guztiz Mikelen espirituarekin; tradiziotik abiatuz aurrera egiteko nahiarekin, ikertzeko eta esperimentatzeko apetarekin. Mari Solek oso ondo harrapatu du asmo hori». Laboari buruz solastatzean ere, maitasunaz eta malenkonia goxoaz gain, umorea eta aurrera egiteko gogoa nabari zaie biei ala biei.
Aurrera egiteko modua da Genika (1937-2012). «Gernika gerraren aurkakosinbolo moral bat da», Bastidaren iritzian, eta «gaur egun, inoiz bezainbat behar dugu gerraren aurkako mezurik». Akazia azpitik Kantauri itsasoari begira geratu da, lehen ere sarri egiten zuen moduan.
Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga
'Gernika'-k solasean
Mikel Laboaren pieza enblematikoaren bi bertsioen puskak lotuz eta tartekatuz ondu dute 'Gernika (1937-2012)' obra berriaMari Sol Bastidaren ekimenez sortu dute, eta BERRIAk plazaratuko du, hilaren 26an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu