Gorpuak beren izen eta guzti desagerrarazi zituzten Gernikan orain 75 urte, eta, erregistroetan kuxkuxean ibilita ere, Zerrenda amaitu gabea besterik ez du topatu Txiki Agirre Keixeta artistak (Arroa, Zestoa, 1963). Biktima horiek ohoratu nahi izan ditu, bereziki, Zumaiako Alondegian abuztuaren 12ra bitarte atondu duen erakusketan, hildakoen zerrendetan ageri ez direnak, nonbait lurperatu zituztenak, senideei ezer jakinarazi gabe.
Aretoko zatirik handiena 2x2 metroko hamar koadrok hartzen dute, eta, horiez gain, badira beste hamasei koadro txiki ere, beren artean 2x2 metroko beste koadro bat osatzen dutenak, itxura batean. Hala, lehen begiratuan ikusleak beste koadro arrunt bat soilik ikusten badu ere, gertutik erreparatuta ohartuko da irudi bakoitza independentea dela zeharo, eta gainerakoetatik desberdina.
Keixetak ez die lanei izenbururik ipini, haren irudiko, ez dutelako behar. «Bakoitzaren gaia oso argia da: batean jendea ihesean ageri da, bestean hobi komun bat, edota hegazkinak bonbak jaurtiaz. Lehenago egindako lanak abstraktuak izan dira, oro har, baina hau ez. Bonbak bonbak dira, hor ez dago abstrakziorik». Irudiei pertsona izenak tartekatu dizkie; biktimenak, alde batetik, eta Mola, Sander, Franco eta hainbat jeneralenak, beste alde batetik, «argi gera dadin nortzuk izan ziren bonbardaketaren arduradunak».
Gisa berean, sinboloz josi ditu koadroak, interpretazio askerako aukera handiagoa ematen dutelakoan. «Nik baditut neure interpretazioak, baina baliteke ikusleek lanei beste esanahi bat topatzea». Sinbolo batzuk guztiz arruntak izanagatik —svastika nazia, gurutzeak—, Keixetaren lanetan badira beste arte obren eragin batzuk ere. Nabarmenena, Picassoren Gernika-rena. Batzuetan zamatsua eta itzal luzekoa begitandu bazaio ere, aberasgarri izan zaio oro har. «Lan horrek denongan du pisua, eta zaila da beragandik alde egitea. Nik lotsarik gabe erabili dut, erreferentzia garbia denez gero».
Testuraren bila
Ohiko teknikez gain, baliabide berriak erabili ditu Keixetak koadroei testura emateko. Konparazio baterako, testuak idazterakoan, gaztetxoek hirietako hormetan zirriborratzen dituzten amodio testuak imitatu ditu, idatzi bezain pronto gainetik ezabatzen dituzten horiek. Haren aburuz, testuok paralelismo garbian daude Gernikan gerran gertatuarekin, «sarraskiaren arduradunek izenak, dokumentuak eta beste ezabatu baitzituzten». Erakusgarri jarri dituen lanetan osagai fisikoak txertatu ditu, halaber, panpinak tartean. Horren bidez, tragediaren aurreko unea oroitarazi nahi izan du, haurrak plazan jolasean zebiltzanekoa.
Gernikako izen ezabatuei ohore
'Zerrenda amaitu gabea' erakusketa osatu du Keixetak, eta Zumaiako Alondegian da ikusgai, abuztuaren 12ra bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu