Kultura

Gerra garaiko Iruñearen memoriak bildu ditu Eugenio Arraizak liburu batean

1936 eta 1946 bitarteko oroitzapenak bildu ditu, erretratu pertsonal gisa, gazteleraz: "40 urtera arte ez nuen euskararik ikasi, eta, beraz, ordura artekoak gazteleraz kontatuko ditut".

Inigo Astiz
2011ko apirilaren 13a
16:42
Entzun

“Historiaren mamia dira oroitzapenak. Historia datuak ikertuz egin beharra da, baina haren odola eta arnasa dira oroimenak”. Eugenio Arraizaren hitzak dira (1936, Iruñea). Nafarroako euskalgintzako eragile nagusietariko bat da bera, eta bere memoriak argitaratzea erabaki du orain, eta lehen alea aurkeztu du gaur: Memorias, Cerezas y golondrinas, Pamplona, 1936-1946 (Memoriak, Gereziak eta enarak, Iruñea, 1936-1946). Bere bizitzako lehen hamar urteetako oroimenak kontatzen ditu bertan; gerra garaiko Iruñearen erretratu pertsonala.

Zeharka baino ez zuen ezagutu errealitate gordin hura Arraizak, halere. Umea zen, eta altxatu zirenen alde aritu zen familia bateko seme. “Burbuila baten barrenean bizi nintzen”, aitortzen du. "Nire orduko oroitzapenak gerezi eta enarei buruzkoak dira”. Baina, halere, liburuan errealitate haren berri ematea “justiziazkoa” iruditzen zaiola dio. Gerora eta beste batzuen bidez jakin zituenak ere sartu ditu, horregatik bere memorietan. Ig-no-ran-do izeneko atalean, batez ere. Bere izeben oso lagun zen emakume batekin izandako elkarrizketa bat biltzen du bertan, adibidez: “Animatuena bera zen [Charito]. Elkarrekin izan ginen Accion Catolican, eta gerra hasi zenean eskuko bonbak egiten genituen Ziudadelan (...) errosarioa errezatu bitartean”.

Iruñeko “mando usaina”, apaiz eta mojez betetako kaleak, erlijioaren pisua... Ume garai hartako oroitzapen eta sentsazioak biltzen ditu lehen memoria liburu honetan. Proiektu zabalago baten baitako lehen atala, baino ez da, ordea. Gehiago egongo dira, eta gogoratu bezala argitaratuko ditu. Horregatik gazteleraren hautua lehen liburukian. “40 urtera arte ez nuen euskararik ikasi, eta, beraz, ordura artekoak gazteleraz kontatuko ditut. Eta handik aurrerakoak euskaraz izango dira”. Aurten beste bi liburuxka gehiago kaleratu nahi ditu. Unibertsitate ataritako garaira artekoak kontatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.