Zinema. Estreinaldiak

Gerraosteko gizarte hautsia

Paul Thomas Anderson zuzendariak 50eko hamarkadako AEBetan girotu du 'The Master' bere azken filma

Paul Thomas Andersonen The Master Oscar sarietarako kiniela guztietan ageri da. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jadanik hainbat herrialdetan estreinatu dute The Master —horien artean, jakina, AEBetan—, eta, horrexegatik, 2012ko pelikula onenen zerrenda askotan agertu da Paul Thomas Andersonen azken filma. Horien artean, Sight and Sound zinema aldizkari ospetsuak iazko filmik onena izendatu du.

Horiek horrela, ez da harritzekoa aurtengo Oscar sarietarako kiniela guztietan egotea The Master. Are gehiago kontuan hartzen badugu nortzuk ordaindu duten pelikula; Weinstein anaien izena agertzen da ekoizleen artean, eta gauza jakina da trebezia ikaragarria dutela Hollywoodeko akademia kideen botoak beren aldera bideratzeko.

Beharbada film konplexuegia da pelikula onenaren Oscar saria eramateko, baina inor gutxik jartzen du zalantzan Joaquin Phoenix hautagai sendoa dela gizonezko aktore onenaren sari gutiziatua eskuratzeko. Urtebeteko atsedenaldi mediatikoaren ostean —I'm Still Here: The Lost Year of Joaquin Phoenix (Cassey Affleck, 2010) dokumental faltsua egiteko baliatu zuena—, indartsu itzuli da gaur egun dagoen aktorerik onenetakoa.

Iazko Veneziako zinemaldian aurkeztu zuten lehen aldiz The Master, eta guztien harridurarako Kim Ki-duken Pietà-k eraman zuen urrezko lehoia. Paul Thomas Andersonek zuzendari onenaren sariarekin konformatu behar izan zuen, eta aktore onenaren saria pelikulako protagonistek eskuratu zuten, Joaquin Phoenix eta Philip Seymour Hoffmanek.

Aktore bikainak

Izan ere, bi aktore hauen lanaren gainean dago The Master-en gako nagusietakoa. Seymour Hoffmanek hasieratik lan egin du Paul Thomas Andersonekin. Boogie Nights haren lehen pelikulan rol ahaztezina zuen, eta gerora Magnolia-n zein Punch-Drunk Love-n parte hartu zuen. Joaquin Phoenixen lehen aldia da, ordea, eta ez zuzendaria aurretik saiatu ez delako, baina beti aktorearen ezezkoa jasotzen zuen. Orain, The Master-ekin lehen mailako gozokia eman dio Andersonek, eta Phoenixek ezin hobeto aprobetxatu du aukera.

Bi aktore bikain horien ondoan, beste bi ere aipatu behar dira. Batetik, Amy Adams, azken urteotako emakumezko aktorerik interesgarrienetakoa. Bestetik, Laura Dern eskarmentuduna.

Filmaren inguruan lehen albisteak agertu zirenean Zientziologiaren Elizaren inguruko istorio bat zela esan izan zen. Hain zuzen ere, Lancaster Dodd sortzailearen inguruko biografia bat izango zela zabaldu zen. Behin amaituta, argi gelditu da hori dela The Master-ek ukitu duen gaietako bat, baina ziur aski ez nagusia, ezta garrantzitsuena ere.

Hori baino gehiago, 50eko AEBen inguruko kronika garratz bat egin nahi izan du Paul Thomas Andersonek. Zientziologiaren Eliza 1952an hasi zen ezagun egiten herrialdean. Bigarren Mundu Gerra amaitu berria zen, eta gertaera horrek sortu zuen kontzientzia krisiari aurre egin ahal izateko gazte askok helduleku berriren bat behar zuten. Eliza berriaren mezuak jende asko erakarri zuen, eta berehala kide asko bildu zituen.

Freddie Quell izan zen gazte horietako bat. Gerran borrokatu ondoren, AEBetara itzuli eta nora ezean ibili zen, harik eta Lancaster Dodd ezagutu zuen arte. Sortzailearen laguntzailerik leialena bihurtu zen Quell, biek ezagutu zuten Zientziologiaren Elizaren arrakasta. Hainbat urte elkarlanean aritu ondoren, Quellen barnean Elizaren inguruko zalantzak sortzen hasi ziren.

'THE MASTER'

Zuzendaria: Paul Thomas Anderson.

Aktoreak: Joaquin Phoenix, Philip Seymour Hoffman, Amy Adams, Laura Dern, Kevin J. O'Connor, Rami Malek, Jesse Plemons.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 137 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hilaren 9an Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.