Literatura

Gertakariei haize ematen eta errautsak jasotzen

Literatur pertsonaia batez esan daitekeen onena ertz asko dituela da. Baina pertsona batez? Henry Millerren ustez, Blaise Cendrars, zati asko zituen gizon bat zen. Zati horietako bat zen haren liburu bakoitza, ala literatura bizitzeko modu baten zati bat gehiago besterik ez zen?

Jon Benito.
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Liburu asko eta ezberdinak idatzi zituen. Bakoitza aurrekoaren aurkakoa zen. Bizitzaz maitemindua zegoen, eta horren menera idazten zuen. C´est tout. Idaztea bizitzari aditzak jartzea zela sinetsita, «ez-fikzioko» lanak idatzi zituen (ez egiarik ez gezurrik ez idatzi izanak harrotzen zuen); horregatik ez zen monokorde, baina. Abangoardiako kide izan zen eta, behin eta bitan, bidegile ere bai, haiei aurreratuta. Munduan zehar bidaiatu zuen, handik eta hara, Europa, Asia, Afrika eta Amerikan. Gerra ere ezagutu zuen.

Begiek ikusia letraren trazuekin marrazten, asmatua bere mailara ekartzen, bere luma tintan baino bizitzaren errekan bustitzen zuela esaten zen.

Bestea izatea

Beste baliorik ez balu ere, bestearen lekuan egotekoa, bestea ezagutzekoa, bestea irudikatzeko ahalmenagatik bakarrik balio beharko luke literaturak. Cendrars ere, beretzat, «bestea» zen: «Ni bestea naiz/ sensibleegia dena».

Bera, berez, jaiotzez ez zelako Cendrars, hezur-haragitan Frederic Sauser Halle zen izenez, eta Suitzan jaio zen, 1887an. Bizian egingo zuena ikasi zuen txikitatik. Bidaiatu, ezagutu, ikusi: beretzat besterik behar ez balitz bezala jarraitu zuen familia Egipto, Italia eta Alemanian barrena. Gaztaroan gurasoek behartutako planari muzin egin, eta Rogovinera ihes egin zuen trafikatzaile batekin. Harekin Alemania zeharkatu, eta Moskura heldu zen, lehen iraultza saioaren aurreko egunetan. Transiberianoa ezagutu zuen han (bere literatur lan berritzaileenaren aitzakia izango zena gero), baina ez hori bakarrik, tsarraren liburutegi inperialean literatura ezagutu zuen, eta haren zaintzaileak idaztera, egunaren amaieran pentsamenduak marraztera, ez ahaztera, errealitatea birsortzera gonbidatu zuen. Sauser Halleren baitan idazle bat ari zen ernaltzen;idazle hark Blaise Cendrars izena zuen.

Mundua bere errepresentazioa

Jaiotzen ikusi zuen XIX. mendea atzean utzita, XX.a hasi zen, baina. Gerrak besoa ebaki zion, Suitzara itzulita egin zituen medikuntza ikasketek gizakiaren baitakoak, psikea eta jokaerak erakutsi zizkion; Schopenhauerren bidez, mundua bere errepresentazioa zela jabetu zen, eta literaturarekin, hitzekin, mundua bere modura birsor zezakeela. Garai horretan kokatu behar dira haren lehen poemak eta Les Feuilles libres aldizkarian lau zatitan argitaratutako Moganni Nameh nobelatxoa. Wikipediak dio, Sauser Hallek literatura aurkituz gero bizitzaz poema bat egin zuela, baina ziurrenik hori gehiegi esatea da.

Telegrafoa, telefonoa, gramofonoa, zinema, automobila eta komunikazioak asmatu ziren. Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen bisita batek ere begiak ireki zizkion: modernitatea han zen, bere abiadura, mekanika eta eritasun guztiekin. Aurrerantzean nola idatzi behar zen? Adierazteko modu baten beharra ulertu zuen; utikan ordura arteko narrazio eta kontamolde guztiak. Eldarnio betean, inoiz idazten eman duen gaurik ederrenean, Les Pâques à New York sortu zuen. Poesia modernoaren aitzindaria izango zen poema.

Abangoardiaren Paris

Ez zetorren ezerezetik Cendrars. Ongi ezagutzen zuen mundua. Bazekien kulturak moldatzen duela pertsona eta asko eta ezberdinak direla, hezur-haragizkoak, munduaren edo mihiaren ertzaren arabera. Pertsona ere ezagutzen zuen, haren baitako putzua eta haren funtzionamendua arautzen zuen mekanika. Filosofiaz ere bazekien, zergatiak ondo ulertu nahian galderak ondo formulatzeko. Baina batez ere, pertsona eta mundua nola gururatzen diren zekien.

Gurasoak erditu zirena izateari utzi, eta idazle bat sortu zuen. Parisen bizi zen, arte adierazpide ezberdinetan lan egiten zuten jendez inguratuta bizi ere. Kubismoaren eztanda, abangoardia, mundua begiratzeko eta kontatzeko modua aldatzea: horixe zen bere baitan bizi zuena. Poetek arte plastikoekin lotura estua zuten,eta Cendrars Chagall, Leger, Modiglianiren barruko besoa zen, margoaren azpiak zirriborratzen zituena.

Perspektiba oro gaindituta, bere lagunek margoan bezala, ideia bat bestearen gainean jartzen zuen, elkarren ondoan, paisaia berreginez, puzzle bat balitz bezla, bere poemetan. Henri Bergsonen teoriak ere hor zituen bere estiloa elikatzeko: orainaldiak iragana ere berarekin zeraman, etaberritu egiten zuen tai gabe, etorkizuna aldatu zezakeen bezala. Errealitatea mugimendua da, beraz, aldaketa, zirrara. Errealitatea deskribatzea, ezinbestean, etenik gabe piztia berri bat bilakatzen den mamua marraztea edo idaztea, ia ezinezkoa zen.

Futuristak Marinettirekin saiatu ziren erronkari aurre egiten, ordea. Bezalarik, paisaiarik, erretraturik gabeko, paralelismorik gabeko idazteko modu baten bila aritu ziren. Arte plastikoek egin zutena literatur teorietara garraiatu zuten. Kolorea erritmoetan itzuli nahi zuen poetak, forma berriak asmatu, tipografia ezezagunak baliatu. Transiberianoaren prosan, adibidez, hitza irudiarekin elikatzen da, begiak harritzen diren bitartean barruak zauritzeko.

Aukera berriekin jarraitu zale, Cendrars ez zen atzera geratu, eta 1919an Dix-neuf poèmes élastiques (Poema Elastikoak) argitaratu zituen.

«Ni Poeta naiz»

«Jainkoa eta Deabrua dira nire jostailu gogokoenak. Batari nire bihotz odoltsua eskaini diot, betiereko eta amaigabeko amodiozko ametsez ase. Besteari nire haragi umela, desira zehatz eta beroak eman dizkiot. Aspertu egiten naute nire orpoetan eskegitzen diren jainko eta deabru txiki hauen elkarrizketek eta borrokek. Batek nire bihotza harrapatu nahi du, besteak nire sexua. Nik barre egiten dut haien itzulinguruez. Ni Poeta naiz».

Idazteko bizitzea

Izen aldaketak hautu bat zekarren beretzat. Blaise Cendrars, nortasun aldaketa bat ez ezik, intentzio bat zen. Cendre errautsa bada eta ars artea, errautsen artea egitea zuen helburu Sauser-Hallek: «Hitzak errealitatearen errautsak dira». Hitzek ez dute gerra bizitzen, hura deskribatzeko saioa besterik ez dezakete egin. Horrela, J'ai tué edo La Main coupée ipuinetan I. Mundu Gerran ezagututakoa berrasmatu zuen. Ez hori bakarrik, beste hainbat istorio, jende, mundu eta literatura ere aurkitu zituen bere literatur jardunean. Brasilen edo Frantzian, zinema edo kazetaritzan, (Paris-Soir-entzat II. Mundu Gerrako kronikak idatziz) erronka berriak, idazle gisa garapena, munduaren garapenarekin batera idazteko saioa egin zuen Cendrarsek.

Ahaztutako erregea

Biziaren azkenetan, ezinduta jada, bere burua «ahaztutako errege» gisara definitu zuen. Errege zen, lehena izan zelako, bidegilea, saiatua, literaturari adierazpide berriak bilatzerakoan. Ondorioz, eta merituz, frantsesez egindako literaturan erreferente ezinbestekoa da, itzalpeko hizkuntzaren kaligrafoa, zinemak aurrerantzean literaturan izango zuen garrantzia aurreikusi zuena.

Ia saririk gabe, ahaztutako erregea, duela 50 urte hil zen. Mende erdi: baina Bergsonek idatzita utzi bezala, denborak ez du axola, iraganak orainaldia aldatzen du etenik gabe eta hitzak geratzen zaizkigu liburuetan, errealitatearen errauts gisa, mendearen lehen erdiaren memoria gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.