Gertakizunak gora, estreinaldiak behera

Antzerkiaren arloan, 2023. urtean eszenaratzeekin zerikusi zuzena ez duten gertakariak izan dira nagusi: omenaldiak, sariak, argitalpenak, ikerketak… Topaketek bizitasuna ekarri dute, baina aipatzekoa da estreinaldien kopurua nabarmen gutxitu dela.

'1836, su biren artean' antzezlana
'1836, su biren artean' antzezlanaren emanaldia, Gorlizen. AGUS PEREZ
Agus Perez.
2024ko urtarrilaren 4a
05:10
Entzun

Patri Urkizuren figurarekin zabalduko dugu 2023. urtearen errepasoa, azaroan haren omenez Donostiako Viktoria Eugenia Klubean egindako ekitaldiaren harira. Egun berean egin zioten omenaldia Jose Angel Irigarairi Irunen, bere literatur ibilbideagatik eta, normala denez, haien jarraitzaileak ezin izan ziren ekitaldi bietan aldi berean egon. Irigarai sobera ezaguna da euskal kulturan daukan gidaritza intelektual eta moralarengatik, baina Urkizuri aitortu behar zitzaizkion antzerkiaren alorrean urte askoan egindako ikerketa akademikoa eta dibulgazio lana.

Iazko Donostia Antzerki Saria emateko ekitaldian ere parte hartu zuen Urkizuk eta orduko hitzaldian akorduan izan zituen beste lagun bi —Arantzazu Fernandez eta Idoia Gereñu—, berarekin kolaboratu eta euskarazko antzerkiari buruzko tesi bana sortu dutelako. Eta saria aipatu dugula, gogora dezagun iazko edizioaren irabazlea Kamikaz eta Ttak kolektiboen Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lana izan zela. Epaimahaiak hau deklaratu zuen besteak beste: «[Egileak/antzezleak] testua idaztera eraman dituzten galderek, eztabaidek eta hausnarketek indar handia hartzen dute taula gainean».

Antzerkia Durangoko Azokan

Urtearen errepaso ez-kronologiko honetan abendura pasatuko gara, harekin batera DA! egunak datozelako. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) ere jartzen du standa Durangoko Azokan, eta helburu nagusitzat du antzerkia ikusgarri egitea, alde batetik erakusmahaian paratutako liburuen bidez eta, bestetik, aurkezpenen eta antzerki emanaldien bidez. DA! egunetan hiru ekitalditan parte hartu zuen EHAZEk, haietariko bi liburu aurkezpenak izan ziren eta bestea CD baten aurkezpen kontzertua.

Lehen ekitaldia Ganbila bildumako bi libururi egokitu zitzaion. Bat Gotzon Barandiaranen Hildako haurra izan zen —esandako antzerki-testua eta Besaulkiak-ena ere jasotzen ditu—, eta bestea Maddi Sara Goikoetxea Juanenaren Ura jaten izenekoa da. Goikoetxearen liburuak Euskal Herri osoko hamalau konpainia edo sorkuntza gunetako arduradunei egindako elkarrizketak biltzen ditu premisa honen pean: «Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dago». Durangoko bigarren aurkezpena Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan testu mardularena izan zen. Bi liburukitan banatutako obrak aktore eta sortzailearen bizipenak, antzerkiari buruzko bere gogoetak eta berak zenbait hedabidetan argitaraturiko artikuluak batzen ditu, euskal kulturako figura askori egindako aipamenak tarteko.

Esan bezala, hirugarren aurkezpena CD batena izan zen, eta horretarako zuzeneko kontzertua eman zuten Patricia Urrutiak eta Benetan Be konpainiako musikariek Batetik bestera antzezlanaren muina diren abestiekin. Bestalde, Szenatokia izeneko gunean zenbait antzezlan labur eszenaratu ziren, eta haien artean bi dira nabarmentzeko modukoak: Jon Ander Urresti bermeotarraren Eukaliptus, DA!-ren sormen bekari esker sortua izan delako eta Les Bobe Bobe gasteiztarren Txilin hotsak, Durangokoa izan zelako haren akabuko emanaldia.

Joan zaigun abenduan ere bere hamargarren urtemuga ospatu zuen Loraldia jaialdiak Bilboko Kafe Antzokian

Joan zaigun abenduan ere bere hamargarren urtemuga ospatu zuen Loraldia jaialdiak, Bilboko Kafe Antzokian, gure kulturako ordezkari askoren presentziarekin. Festibalak euskarazko hainbat adierazpide garaikideri ematen die ikusgarritasuna, eta haien artean antzerkiak ere badauka bere lekua. Horregatik merezi du aipatua izatea urtearen errepaso honetan.

Baina euskarazko antzerkian ez da dena udazkenean gertatzen, urtean zehar zenbait jaialdi, topaketa eta jardunaldi izaten direlako leku batean edo bestean: Aulestiko ADEL jardunaldiak (Bizkaia), Azpeitiko Antzerki Topaketak (Gipuzkoa), Gasteizko Baratza aretoko Zurrunbilo jaialdia eta beste ziklo batzuk, Errenteriako Eztena jaialdia (Gipuzkoa), Zestoako Antzerki Astea (Gipuzkoa), Debako Goaz taldeak antolatzen duen Antzerki Astea (Gipuzkoa)… Iaz, gainera, Debagoieneko Antzerki Plataformak jardunaldi trinko bat antolatu zuen Elgetan (Gipuzkoa), bost talde amateurren lanak aurkeztuz eta beraien zein ikusleen arteko harremanak bultzatuz.

Estreinaldi aipagarriak

Iazko estreinaldiei dagokienez, sona edo neurri handiko muntatze batzuk aipatuko ditugu hasieran. Axut! eta Artedramaren artean sortutako Hondamendia-k bere azken emanaldiak izan zituen 2023. urtearen amaieran, makina bat emanaldi haren bizkar hartuta eta Euskal Herri osoan —Madrilen ere bai— biran ibili ostean. Eszenaratze handiekin jarraituz, baina kasu honetan euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetan, Festen ekoiztu eta estreinatu zuen urrian Bilboko Arriaga antzokiak, Thomas Vinterbergek Dogma 95 mugimenduaren parametroetan sortu zuen film gogoangarria antzeztokira ekarrita. Bestalde, Tanttakaren Esnearen kolorekoa Arriagaren kolaborazioarekin sortu eta estreinatu zen, abenduan –berriz ere bi bertsiorekin–, eta tanto guztiak ditu 2024an emanaldi asko edukitzeko.

Axut! eta Artedramaren artean sortutako 'Hondamendia'-k azken emanaldiak izan zituen urtearen amaieran, makina bat emanaldi haren bizkar hartuta.

Aurten, 23. Korrika ere gertatuko da, eta bere adar kulturalak Badon ikuskizuna aurkeztu zuen Gasteizko Principal antzokian, abenduaren 1ean, Azpeitiko topaketetan aurrestreinaldia izan ostean. Marina Suarez Ortiz de Zarate gasteiztarrak zuzendu du tamaina eta kalitate handiko proposamen aurreratua, eta sortzaileek opera postdramatiko izendapena jarri diote. Euskal Herriko leku askotan emango dute, eta ikusleek antzerkiaz, musika abestuaz, bideo sorkuntza ikusgarriez eta taldearen sormenaz gozatuko dute euskararen egoerari eta geroari buruz era metaforiko eta poetikoan hitz egiten digun lan honekin.

Iaz izandako beste estreinaldi aipagarri batzuk hauek izan dira: Posdatarik gabeko gutunak (Xake), Kanpora sartzen (Txalo), Mira hadi. Eulalia Abaitua (Loraldia), Godoten esperoan eta Duzhe Dobre (Zurriola ikastola), T-4000 hegaldia musikala (Jaso ikastola), Balbea (Atx), (H)ondoko gela (Les Bobe Bobe), Asfaltoaren azpian, euria (Piszifaktoria), Troia (Kamikaz)… Eta Hego Euskal Herrira kanpotik etorritako lanetan hauek gogoratuko ditugu: Strip-tease (Morfeo), Prima facie (Vicky Luengo), Homenaje a Billy el niño (Teatro del barrio), Lectura fácil (Bito eta CDN) eta MDR (Los Galindos), Durangoko Tontolapiko Egunean eta gero Zarautzen ere emana izan zena.

Antz3rkiz delako elkarteak ere —EAEko hiru antzoki handiek osatzen dute— La celda sin noche ekoiztu zuen Costa Ricako kultura Ministerioarekin batera. Mireia Gabilondok zuzendu zituen herri hartako hiru antzezleak, Abdullah Ocalan preso politiko kurduaren bizipenak eta legatua plazaratuz. Eta guztiz kontrako planora joanda, aurtengo harribitxia 1836, su biren artean izan da: Jokin de Pedroren testuarekin eta Matxalen de Pedroren zuzendaritzapean, Gorliz eta Plentziako (Bizkaia) biztanleek antzeztu zuten lehen karlistadak Plentzian izan zuen eragina, antzezleak adin guztietakoak zirela, Lirain abesbatzaren parte-hartzearekin eta orkestra txiki baten laguntzaz.

Eta amaitzeko, kontu kezkagarri bi. Baga: orain gutxi jakin da Gasteizko Principal antzokia eraberritze lanetan sartuko dela aurten eta bi urte barru zabalduko omen dela berriz, baina bitartean Euskararen Etxearen aterpea izan behar duena aspaldi amaitu zuten eta oraindik ez dauka udalaren jarduteko baimena. Biga: EHAZEren datuen arabera, iaz euskarazko 71 estreinaldi izan ziren, 2022ko 95etatik urrun eta pandemiaren (2020) urteko 79en azpitik. Zalantzarik gabe, zer pentsatua ematen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.