Getxophotok denborari eskainiko dio bere 10. urteurrena

Denborari buruzko hogei erakusketa eskainiko ditu jaialdiak Getxoko kaleetan. Erakusketez gain, ekintza ugari antolatu dituzte

Nature mostrak naturaren indarra erakusten du. CARLOS AYESTA ETA GUILLAUME BRESSION.
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Getxophotok hamar urte beteko ditu aurtengo aldian. Irudien zirkulaziorako ezohiko formatu, euskarri eta espazioak erabiltzen dituen argazki jaialdia da, eta ezagutza, komunikazio eta gozamen estetikorako tresna gisa ulertzen du argazkigintza. Urtero, gai jakin bati eskaintzen diote jaialdia, eta, aurten, bere urteurrenean, Getxophotok denboraren igarotzea landuko du, irailaren 1etik urriaren 2ra arte, Getxoko (Bizkaia) kaleetan kokatutako erakusketen bitartez. Jokin Aspuru jaialdiko zuzendaria da aurtengo komisarioa.

Bi zatitan dago banatuta Getxophoto: ekintzak eta erakusketak. Lehenengo asteburuan jaialdia inauguratuko dute, eta egun horietan bilduko dira ekintza gehienak; Getxophoton parte hartuko duten argazkilariek hitzaldiak eta masterclass-ak emango dituzte, besteak beste. Jaialdiak irauten duen bitartean ere, asteburuetan, hainbat egitasmo antolatu dituzte. Michael Ackerman argazkilariak, esaterako, tailer bat emango du, gaueko ibilbideak egingo dituzte, eta Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseuma bisitatuko dute. Horrez gain, beste urte batzuetan bezala, asteburu oro bisita gidatuak egingo dituzte; larunbat eta igandeetan, 12:00etan, erakusketak ikusteko eta beren autoreen inguruan informazioa biltzeko ibilaldiak proposatzen dituzte.

Hondartzatik portura

Irailaren 1etik urriaren 2ra arte ikusi ahal izango dira denboraren inguruko hogei erakusketak, Getxoko kaleetan; Ereagako hondartzatik Algortako portu zaharrera arteko gunean egongo dira gehienak. Punta Begoñako galerietan ere hiru erakusketa izango dira, beste ekintza batzuez gain.

Argentinako, Japoniako, Hego Koreako, Israelgo, Kanadako, AEBetako, Frantziako, Suitzako eta Alemaniako autore ezagunen eta talentu berrien lanak biltzen dira erakusketetan; horientzako erakusketa formatu berriak bilatzen saiatu da jaialdia. Horren adibide antolatu dute erakusketa ibiltaria; zortzi aktorek Irina Werning argazkilariaren irudiak eramango dituzte kaleetara. Bohncgang Kooren erakusketa ere berezia izango da; haren obra tabernetan aurkitu ahal izango diren edontzi azpikoetan inprimatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.