DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA

«Geure buruari sabotaje egiten diogu Guatemalan»

Julio Hernandez Cordon zuzendariak 'Las marimbas del infierno' aurkeztu du Zabaltegin

Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Julio Hernandez Cordon zuzendaria Donostiako Zinemaldira itzuli da. Oroitzapen ederrak ekartzen dizkio jaialdiak, duela bi urte Horizontes Latinos saria irabazi zuelako Gasolina lehen film luzearekin. Lan hori batzuek oraindik gogoan izango dute.

La marimbas del infierno aurkeztu du Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean; fikzioa eta dokumentala nahasten dituzten pelikulen multzoan sartzen da lana.Hain zuzen, Guatemalako bi musikari dira protagonistak. Bata, Blacko, Guerreros del Metal heavy metal taldeko bateria jotzailea da. Nerabezaroan taldearen kontzertuetara joaten zen Hernandez Cordon (Ipar Carolina, AEB, 1975), eta betidanik miresgarria iruditu zaio Blackok musikarekin duen harremana. «Medikua izan eta bere lanbidea uzteko prestegon zen, benetan egin nahi zuena egiteko», azaldu du zuzendariak. Blackoren jarrera naif dela uste du, «Peter Pan moduko bat da».

Beste protagonista Alfonso da, marinba jotzailea. Behin, emaztearen eskariz, bi aste eman zituen marinba jo gabe. «Bere bizitzako bi aste tristeenak izan ziren. Esan zuen nahiago zuela besoa moztea marinba jo gabe egotea baino», ekarri du gogora Hernandez Cordonek.

Marinba eta heavy metal musika elkartzea erabaki zuen zuzendariak. Bi musikariek filmaketan ezagutu zuten elkar, eta hasierako beldurrak eta zalantzak uxatu ondoren, Infernuko Marinbak taldea sortu zuten. «Oso pertsonaia kontrajarriak izan arren, gauza komun asko dituzte».

Pelikula tristea

Umorea izan arren, Las marimbas del infierno «oso pelikula tristea» dela uste du Hernandez Cordonek. «Guatemalan sortzaile izatea zein zaila den agertu nahi izan dut.Sorkuntzan aritzen direnak ia musu truk aritzen dira, eremu underground batean». Zailtasun horien ondorioz, «askotan geure buruari eta geure egitasmoei sabotaje egiten diegu», gaineratu du.

Bera ere zorotzat hartu zuten zinema ikasi nahi zuela esan zuenean.Mexikora joan zen, Centro de Capacitacion Cinematografica eskolan estudiatu zuen. «Ikasketak bukatu eta Guatemalara itzuliko nintzela esan nuenean, berriz ere zorotzat hartu ninduten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.