Bizkaiko bost musikazale amorratuk sortu zuten 2010ean Kherau. Azaro amaieran aurkeztu zuten Munduan ortozik (Baga-Biga) lehen diskoa, «tradizioa traizionatu gabe euskal folkarekin jolas egiten duena».
Diskoa osatzen duten hamar kantuak bi multzotan bana daitezke: kantu herrikoien moldaketak eta Kherauk sorturikoak. Erdi eta erdi. Euskal tradizioko Maritxu, Zortzi nobio edo Jaun Baruak eta Errosiñola kataluniar kantu herrikoia aurki daitezke lehen multzoan, besteak beste. «Alabaina, ingeles batek disko osoa entzungo balu, ez luke jakingo zeintzuk diren kantu herrikoiak eta zeintzuk gureak. Geure nortasuna eman diegu kantu herrikoiei ere. Kantu guztiak kherautu ditugu, estilo berezia sortuz», dio Iker Lope de Bergara txirulari, albokari eta abeslariak.
Nortasun berezi horren eraketan berebiziko garrantzia du musika tresnen alorrean Kherauk darabilen aniztasunak. Ibon Ordoñezek, esaterako, abesteaz gain, hainbat tresna jotzen ditu: bouzouki irlandarra, gitarra, mandolina, bodhram, panderoa, baxua, djmbe, kajoia eta udua. Aitor Estebanek baxu elektrikoa jotzen du, Gaizka Andollok kajoia eta darbouka eta Alex Garciak trikia. Gainera, estilo ezberdinetako taldeetan ibilbide luzea eginak dira denak. «Orain, ordea, tradizioaren eta originaltasunaren arteko erdibidea bilatzen dugu».
Mestizajea
Euskaldun berriak dira taldekide guztiak, eta euskara dute ohiko hizkuntza eta musikarako tresna. «Ibonek eta biok barnetegian ezagutu genuen elkar, eta hantxe kantatu genuen estreinakoz Jaun Baruak», Lope de Bergarak gogoratu duenez. Taldearen izena bera, euskara berezi batetik hartua da. Kherau hitzak egin esan nahi du erromintxelez, euskal ijitoen hizkeran.
«Jon Miranderen Kama-Goli poeman ikusi nuen lehen aldiz: Hiretzat goli kherautzen dinat erromeetako gazin mendroa... Ez nuen tutik ulertzen. Erromintxela deskubritu genuen orduan, eta gustatu zitzaigun euskara zela ikustea, euskara mestizoa. Geu ere mestizoak gara neurri batean, eta talderako izen aproposa da», dio Lope de Bergarak.
Munduan ortozik diskoari izena ematen dion abestiak, taldearen jarrera ere laburbiltzen du. «Horrelakoak gara gu, eta horrelakoa da gure musika: xumea eta zuzenekoa, birtuosismotik eta sofistikazioetatik aldentzen dena. Musika egitean ondo pasatzea da gure helburu nagusia». Eta irrikan daude gozamen hori zuzeneko kontzertuetan jendearekin partekatzeko.
«Geure nortasuna eman diegu kantu herrikoiei ere»
Abesti tradizionalak eta sormenezkoak biltzen ditu Kherau taldearen 'Munduan ortozik' lehen diskoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu