Giro jakin bat film batera nola eraman

David Perez Sañudo ‘Azken erromantikoak’ filma grabatzen aritu da Laudion. Txani Rodriguezen ‘Los últimos románticos’ eleberria oinarri du euskarazko filmak.

AZKEN ERROMANTIKOAK FILMA
Miren Gaztañaga aktorea, atzo, pelikularen eszena bat grabatzen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
2024ko otsailaren 15a
05:35
Entzun

«Isilik!», oihu egin dute. «Geldi!», jarraian. «Ekin!». Cafe de la Estacion tabernaren terrazan eseri da Irune, Laudioko (Araba) tren geltokitik metro eskasera. Goibel dago, pentsakor, begirada galduta. Motxila marroia sorbaldatik kendu eta aulki batean utzi du. Isilik dago. Kamerak bizkarrez grabatzen dio, eta geldiro mugitzen da harengana, aurpegia enfokatzeko. Eskuko telefonoan dei bat egin, eta segituan eskegi du. Ardo kopa bat eskatu dio zerbitzariari. Zorrotik txanpon bat atera eta mahaian utzi du, telefonoa hartu du atzera, eta kopari trago bat eman dio jarraian. Jaiki da, motxila hartu du eta badoa. «Bale!», eten dute grabazioa.

Duela astebete inguru abiatu zuten Gernika-Lumon (Bizkaia) Txani Rodriguez idazlearen Los últimos románticos eleberrian oinarritutako film luzearen grabaketa, eta, atzo, Laudion (Araba) jarraitu zuten filmaketarekin. David Perez Sañudo zinemagileak hartu du eleberria pantaila handira eramateko ardura, Miren Gaztañaga aktoreak protagonistaren rola hartuta. Rodriguezen eleberria gazteleraz idatzita dagoen arren, Azken erromantikoak euskaraz filmatzen ari dira.

Dozena bat aldiz grabatu dute eszena berbera. Filmaketako kideak gora eta behera dabiltza, herritar ikusnahi batzuen begiradapean. «Grabatzen!» oihua hamaika aldiz entzun da. «Isiltasuna!», beste hainbeste. Figuranteei aginduak ematen dabiltza batzuk, lurra mahuka batekin bustitzen besteak, haizagailu handi batekin haizea sortzen beste batzuk... Rodriguezen eleberriaren ñabardura guztiei erreparatu nahi diete filmaketan. 

Hori da, bederen, Perez Sañudoren asmoa. «Eleberriak goitik behera markatu du pelikularen giroa», azaldu du. Lana ez da samurra, aitortu duenez: «Nobela sakona da, eta oso zaila da han jasotakoari irudiak jartzea, baina pozik nago orain arte egindako lanarekin». Marina Pares eta Perez Sañudok berak elkarrekin ondu dute gidoia: «Rodriguezen lana gure kezka asko garatzeko akuilu izan da». 

Pertsonaia «hauskorra eta konplexua»

Bakardadeaz mintzo da eleberria: Irune protagonista paper fabrika bateko lan gatazkan murgilduko da, komunitatearen zentzua eta klase kontzientzia zeharo galdu dituen garai batean. Eleberriaren orrietan murgilduz gero, argiak dira Rodriguezek Laudioko hainbat txokori egiten dizkion erreferentziak: tabernak, hilerria, trena, kaleak, industrialdea... «Liburuan ez dut Laudio aipatzen, baina Laudio da», kontatu du filmaketa gertutik ikusten ari den idazleak. «Ez nuen uste zinemarako aproposa izango zenik, protagonistak oso gutxi hitz egiten duelako eta hainbat pasarte egokitzea zaila delako. Polita izango da Daviden begiradaren bitartez ikustea». Pelikulan parte hartze txiki bat izango du idazleak. 

«Eleberriak goitik behera markatu du pelikularen giroa. Sakona da, eta oso zaila da han jasotakoari irudiak jartzea».

 DAVID PEREZ SAÑUDOZinemagilea

Perez Sañudoren bigarren lan luzea da, eta Iruneren nondik norakoak ditu oinarri. Gaztañaga aktoreak gorpuztuko du Irune, iragana «erromantizatua» duen emakumea. «Hauskorra eta konplexua da pertsonaia, bizitzaren kolpe latzek zeharkatuta. Baina iraganetik askatzeko ibilbidea egingo du, emantzipaziorako bidaia bat», kontatu du. Eleberria irakurtzea «opari bat» izan da aktorearentzat, eta «zoriontsu» dago pertsonaiarekin, «ikasteko» eta «hazteko» aukera ematen ari zaiolako. 

Filmaketaren bigarren astean daude, eta bost aste dituzte oraindik aurretik. Euskal Herrian ez ezik, Portugalen eta Espainian ere grabatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.