«Ni ez naiz burgesak margotzen aritzen. Nire inguruan ez dago halakorik. Kale girokoa naiz ni: kalea da nire egongela. Asko begiratzen diot kaleko jendeari; nire jendea da». Patxi Buldainenak dira hitzak (Iruñea, 1927). Buldain fundazioaren museoko eskailerak igotzen ari dela bota du ateraldia, Uharten (Nafarroa). Bitalista izan da beti, eta bitalista da orain ere, bere 84 urteko gorputzean. Gaztetu egin zaio begirada, gainera: operatu egin zuten bistatik, eta ikusmenaren %20arekin aritu da lanean denbora batez. Betaurreko berriak jarri zizkioten iaz, ordea, eta pintatzera itzuli da berriz udaberrian. Bere kontsideratzen duen hori margotzera; kaleko bizitza. Honore de Balzac idazle frantziarraren lan monumentalari hartu dio osatu duen koadro bildumarentzako izenburua: Giza komedia. Apirilaren 15era arte izango da zabalik.
Erraldoia zen Balzacen asmoa: XX. mendeko gizarte osoa harrapatu nahi zuen bere liburuetan; gizatasuna, bere onenean eta txarrenean. Elkarri lotutako 137 liburu idatzi nahi izan zituen, eta 95 bukatu zituen. Bere neurrian, baina antzera aritu da Buldain ere, eta horregatik egin dio keinua idazle frantziarrari. Humanismoak batzen ditu. Idazlearen erretratu batekin abiatzen da erakusketa, eta Balzacen testuen izenburuak dituzten zortzi sailetan daude bilduta ondoren artistaren 126 koadroak; Giza komedia, Bizitza pribatuko eszenak, Parisko bizimoduaren eszenak, Absolutuaren bilaketa, Erbesteratuak, Bizitza luzearen elixirra, Landako bizimoduaren eszenak eta Emakumearen ikerketak.
Gizatasuna. Hori da Buldainen ibilbide osoaren ezaugarri etengabea. Gizaki bat beste gizakiak nola bizi diren erretratatzen. Hori du kezka, eta hori du gaia, eta hori da Uharten orain ikus daitekeena ere. Neurri txikiko lanak dira denak, eta giza figurari buruzko koral moduko bat osatzen dute, gehienetan. Multzoka antolatu dute bilduma; irudi bat bestearen ondoan. «Dokumental bat bezalakoa da hau», dio Buldainek. «Kazetari baten modukoa naiz, argazkilari baten gisakoa. Begiratu eta idatzi, edo begiratu eta argazkia atera, hori egiten dute haiek. Nik koadroak egiten ditut».
Giza figura
Giza figura da nagusi, figurazioa. Nahiz eta ez den beti garbi-garbia izaten, eta zenbaitetan abstrakzioa ere laztantzen dute horregatik Buldainen pertsonaiek. Pintzelkada sendoak dira gehienak, eta bolumena ere ageri dute koadroek. «Eskultura asko egina naiz, eta margolan hauetan ere nahiko eskultore izan naiz», azaldu du artistak. Absolutuaren bilaketa izeneko koadro sorta da salbuespena. Lanik abstraktuenak bildu dituzte hor. Buldainek xiringa bidez egindako kolore puntuz osatutako piezak; festa kromatikoa. Buldainen lan zaharrak ere jarri dituzte berrien alboan, sortzailearen ibilbidean izan den garapena erakusteko, eta artistari egindako elkarrizketa bat ere entzun dezakete bisitariek.
Oso presente dago Paris beti Buldainen hitzetan. Nabarmena da han eman zuen gaztaroaren arrastoa 80 urtetik gorako sortzailearen azken lanean ere. Sakon markatu zuen etapa hark, eta behin eta berriz jotzen du garai hartara bere egungo sorkuntzak azaltzeko. Kaleko girora ere bai, behin eta berriz;1969ko Madrilera, adibidez.
Paristik itzuli berri zen orduan, eta erakusketa bat antolatu zioten Espainiako hiriburuan. Galeria berehalakoan utzi zuela dio, ordea. «Kalera joan nintzen, Vallecasera. Han ikusi nuen jendea benetan. Han entzun nituen haien kontuak. Han dago kritika». Antzera aritzen zen Parisen ere. «Louvre eta museo handien kaleetan bizi zen jende diruduna orduan, eta han dena zen isiltasuna eta baretasuna. Bereizita ibiltzen dira beti dirudunak. Besteok ez, besteok hemendik hara etengabe, edonon, zarata batean, jauzika... Hori da niri beti gustatu zaidana ». Giza afera, funtsean.
Errepikatzearen aurka
Zuraren gainean aritu da oraingoan zuzenean Buldain. Lagun duen zurgin batek 2005ean emandako ate pusken gainean, zehazki. Pieza txikiak ziren, eta, horregatik, formatu txikian aritu behar. «Errazagoak egiten zaizkit neurri handiko lanak, egia esan», aitortu du artistak. «Txikian beti aritu behar duzu kontu handiagoz. Handian gauza asko sar ditzakezu, baina txikian oso argi jokatu behar duzu. Bitxiak egitearen gisakoa da lana». Bizikleten gurpilekin eta ispiluekin omen dabil orain lanean. Bizizale eta berrikuntza gose. «Neure burua errepikatzen hasi naizela ohartzean, aldatu eta kito. Aspertu egiten naiz bestela. Parisen abangoardia guztiekin izan nintzen harremanetan, eta asko lagundu zidan horrek. Orain, batean aspertzen naizenean bestera egiten dut jauzi».
Beste erakusketa bat ere antolatu dute museoko beheko solairuan, Buldain fundazioko funtsekin. 1957 eta 2003 bitartean egindako sei lan jarri dituzte ikusgai, Buldainen ibilbide oparoaren erakusgarri: ohe-somierrekin egindako eskulturak, Parisen egon zenean egindako margolanak, eta giza figurak ageri dituzten grabatuak, besteak beste. Gainera, azken horiek salgai jarriko dituztemuseoko arduradunek, erakundea finantzatzen laguntzeko eta jendeari Buldainen lan bat eskuratzeko aukera emateko.
Giza aferaz
Giza figura lantzen duten 126 koadro bildu ditu Patxi Buldain artista nafarrak Uharteko bere museorako antolatu duen erakusketanBurgesik ez duela margotzen dio, herria dela bere arte sorkuntzaren abiapuntua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu