Alexander Sokuroven Faust eta William Friedkinen Killer Joe ez dira amaiera zoriontsuko film erromantikoak gustatzen zaizkion lagun bati erakusteko modukoak. Desatseginak dira, gizakiaren barruko ur zikinenetan igeri egiten dutenak; oso modu desberdinean bada ere. Hala ere, oso harrera beroa izan zuten atzo biek, Veneziako Jaialdian estreinatu zirenean. Goetheren izen bereko obran oinarrituriko Faust lanak txalo asko eragin zituen, eta Killer Joe komedia beltzak, algara ugari. The Exorcist (1973) ezagunaren zuzendariak bost urte zeraman ezer filmatu gabe, eta Quentin Tarantinoren eta Coen anaien zantzuak dituen film batekin itzuli da. Ez alferrik, basakeria, odola litroka, parodiazko biolentzia eta sexu eszenak, eta sarritan surrealismora eta absurdura lerratzen den tonua dira Killer Joe-ren osagai nagusiak.
Umorerik ez, baina basakeriabadago Sokuroven filmean ere, eta ez gutxi. Goetheren obraz gain, Thomas Mannen Doctor Faustus ere izan du erreferentzia gisa zuzendari errusiarrak, mitoaren berrikuspena egiteko. Haren ustez, «gauza desatsegin eta izugarrien aukeraketa patologiko bat» dago filmean. «Eszena batzuk kendu egin nituen,pasatzenari nintzela iruditu zitzaidalako». Beharrezkoa deritzo, ordea, horrelako irudiak egoteari, izan ere, «iluntasunean galtzen den gizaki baten istorioa da, naturak duen okerrenari aurre egin behar dion gizon batena». Hasieran pentsatu bezala, Italian filmatzeari ere egin zion uko zuzendariak, han «perfekzio, edertasun gehiegi» zegoela iruditzen baitzitzaion. Azkenean, Txekiar Errepublikan, Alemanian eta Islandian filmatu dute, Johannes Zeiler, Anton Adasinskiy eta Isolda Dychauk aktore alemaniarrekin eta alemanez, «jatorrizko testuaren hizkuntza hori delako».
Fausto «bizitzari eta gizakiari buruzko pentsamenduak» azaleratzen dituen eta haren izatean natura «funtsezkoa» den pertsonaia iruditzen zaio Sokurovi. Mitoaren zinemaratzearekin, boterearen izaeraren bueltan eginiko ziklo bat itxi du zuzendariak. Proiektua osatzen duten beste hiru filmak Hitlerri buruzko Moloch (1999), Lenini buruzko Taurus (2001), eta Hiroito enperadore japoniarra gogora ekartzen duen The Sun (2005) dira. Horiez gain, Russkiy kovcheg (Arku errusiarra, 2002) eta Aleksandra (2007) egin ditu, besteak beste, zuzendari siberiarrak.
Oraingoan, «euren bizitzako apustu handia galdu zuten» pertsonaia historikoak alde batera utzi eta bi ordu eta laurdeneko saiakera abstraktu, sinbolikoago bati heldu dio Sokurovek. Edozein izan daiteke arima deabruari saltzen dion Fausto «bizi, humano» hori, zuzendariaren arabera.
Hondoa jotako pertsonaiak
Deabrurik ez da ageri Friedkinen Killer Joe lanean, baina urruti dabilenik ere ez dirudi. Izan ere, diruzaletasunak, berekoikeriak eta beldurrak gidatzen ditu amildegirantz doan familia bateko kideen ekintzak. Droga trafikatzaile bat da protagonista, Killer Joe izeneko hiltzaile bat kontratatzen duena bere ama akabatu dezan. Horrek bere ahizpa eskatzen dio garantia sexual gisa. Eta, hori gutxi balitz, aitak lagundu egiten dio. «Jende askok pentsa dezake ez dela dibertigarria, baina bada, modu ilun batean bada ere», esan zuen Friedkinek. «AEBetako politikari bat entzutea bezala da, jendearengatik egingo duen guztiaz hitz egiten hasten denean. Oso komikoa da».
Matthew McConaughey eta Emile Hirsh aktoreek parte hartzen dute filmean, eta gidoia Tracy Letts antzerkigileak idatzi du, bere antzerki obra batean oinarrituta. Pulitzer saridunak To Live and Die (1985) filmaren gidoia ere egin zion Friedkini. Killer Joe-rekin, irabazteko prest agertu da Friedkin. «Darren Aronofsky zuzendari handi bat dela esanda, bere botoa lortuko ote nuke?»,galdetu zuen umorez.
Ikusleen erreakzioa ikusita, atzoko bi zuzendariek badute irabazteko aukerarik. Estilistikoki oso desberdinak dira Sokuroven eta Friedkinen lanak, baina gizakiaren alde iluna azaleratzen dute biek. «Zoriontsua ez den jendea arriskutsua da», esan zuen zuzendari errusiarrak, Goetheren aipu bat gogora ekarriz. Azken finean, zinemak badu zoritxarraren beharra. Hala uste du, behintzat, Venezian arrakasta izan duen beste zuzendari batek, David Cronenbergek. «Ez zait inoiz burutik pasa jende zoriontsuari buruz film bat egitea. Zoriontasunak ez dauka kontatua izateko beharrik, bera bakarrik nahikoa da horretarako».
Giza basakeria erakutsi dute Venezian Sokurov eta Friedkinek
Faustoren mitoan oinarritutako 'Faust' errusiarrak eta 'Killer Joe' komedia beltzak harrera beroa izan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu