Zinema. Estreinaldiak

Giza harremanak garatzeko ezintasuna

Fernando Francoren lehen film luzea da 'La herida', eta Marian Alvarezi Urrezko Maskorra eman dio

Marian Alvarezen lana saritu dute Donostian. BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Muntatzaile gisa film askotan parte hartu ondoren eta film labur ugari egin ostean, azkenean Fernando Franco zuzendariak lehen film luzea egitea lortu du. La herida amaitu berri den Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta bi sari garrantzitsu eraman zituen, epaimahaiaren sari berezia eta emakumezko aktore onenarena Marian Alvarezentzat.

La herida-k Anaren istorioa kontatzen du. 28 urteko gaztea da, eta itxuraz disfrutatzen du besteak laguntzen. Halaxe egiten du bere eguneroko jardueran, lanean horretan aritzen baita. Lantokitik kanpo, baina, errealitatea oso bestelakoa da. Anak arazo larriak ditu ingurukoekiko harremanetan; ez da batere ongi moldatzen harreman sozialetan, eta jarrera erasokorra hartzen du askotan.

Anak ez daki portaera hori nola zuzendu, ez daki zehazki zer gertatzen zaion. Berak ongi egon nahiko luke bere buruarekin eta inguruekoekin, zoriontsua izan, baina ezin du. Psikiatrek portaera horri nortasunaren mugako gaitza deitzen diote, baina gazteak ez du horren berririk.

Pelikula intimista eta ausarta egin du Fernando Francok, gai korapilatsu bati helduz. Lo mejor de mí (Roser Aguilar, 2007) filmari esker ezagutu genuen Marian Alvarez aktoreak jokatu du rol protagonista. Harekin batera, hainbat euskal aktorek lan egin dute La herida-n: Ramon Barea, Nagore Aranburu eta Ramon Agirre. Koldo Zuazua izan da filmaren ekoizlea, eta Euskal Telebistak ere hartu du parte pelikula espainiar hau ekoizten.

'LA HERIDA'

Zuzendaria: Fernando Franco.

Aktoreak: Marian Alvarez, Ramon Barea, Manolo Solo, Rosana Pastor, Andres Gertrudix, Ramon Agirre. Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2013.

Iraupena: 98 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.