«Gizakian sinesten dut oraindik»

Ibilbide zail, deseroso baina oparoa izan du, eta egungo zinema artea bainoago produktu komertziala dela uste du. Arte Eder museoan bere obraren atzera begirako zikloa izan da asteotan.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako zinemagintzaren historia bizia da Francisco Regueiro (Valladolid, 1934). Miguel Delibesek zuzentzen zuen El Norte de Castilla berripaperean marrazkilari eta kazetari gisa jardun zuen sorterrian. «Lehenago, irakasle ere izan nuen Merkataritza Zuzenbidean. Beti nahi izan dut harekin kafe bat hartu, baina ez nuen modurik izan, oso hotza zen nirekin», esan du Delibesi buruz.

Valladolideko Seminci zinema jaialdian Ava Gardnerri elkarrizketa egin zionekoa akordura ekartzean, begiek dir-dir egiten dioteindar bereziz. Futbolari profesional ere izan zen. Baina 21 urterekin Madrilera joatean ia dena utzi eta zinemari heldu zion. Zinema Eskola Ofizialean egin zituen ikasketak. Eta 1961ean egin zuen aurreneko filma, Sor Angelina, Virgen. «Ikaskideekin nengoen parke batean, edaten eta poemak errezitatzen, giro alkoholiko-literario hutsean erabat barneraturik, gozatzen. Eta non ikusi nuen, bat-batean, moja bat familia batekin gugana zetorrela. Hortxe ikusi nuen nire filma, hortxe zegoen Sor Angelina, Virgen».

Luis Buñuelek Cannesen ikusi zuen, 1963an, Regueiroren bigarren filma, El buen amor. «Kritika zoragarria egin zidan».

Madrilen, denetariko iritziak bildu zituen filmak. Ondoren ondu zituen pelikulek bezala: Amador (1964), Me enveneno de azules (1967), Carta de amor de un asesino (1972), Las bodas de Blanca (1975), Duerme, duerme mi amor (1975), Padre nuestro (1985), Madregilda (1993)...

«Egurra eman didate beti, baita laguntzat nituen kritikariek ere», dio irribarrea galdu gabe, egindako lanaz harro. «Ez naiz joko horretan sartu. Sortzen pasatu dut bizitza, eta esaten dutena esaten dutela, badakit pelikula onak egin ditudala eta ez hain onak».

Gaiztasunek ez dute sekula kikildu. Eta erronkei gaina hartu nahian eman du bizitza. «Zaplastako ugari jaso ditut, baina horrek aurrera zaramatza, ez baitizu uzten gozotasunaren erosokerian lo hartzen. Ipurdien, bularren eta mota horretako irudien zinema txatxuarekin lehiatzea egokitu zitzaidan, eta tira». Kultuko zinemagile gisa pasatuko da historiara, halakorik ametitu nahi ez duen arren.

Gazterik hasi zen pintatzen, eta tarteka ez bada, ez dio sekula utzi margotzeari. «Venusen hankartearen metaforari» buruzko sail batean beharrean dabil orain, eta horren inguruan gidoi bat ere egina dauka, inoiz film bat egingo duen esperantzaz. «Pinturan askeagoa izan naiz. Zineman traba gehiegi daude; produktorea, banatzailea... Amaitu da zentsura administratiboa, orain zentsura ekonomikoa geratzen zaigu».



Madregilda-tik ez duzu pelikularik egin. Zer falta izan zaizu, aurrekontua, motibazioa, interesa...?

Interesak eta motibazioak mantentzen naute bizirik. Aurrekontuak huts egin dit. Espainian ez da sekula industria zinematografikorik egon; eta are gutxiago orain. Produktoreak kudeatzaile hutsak dira, diru laguntzak bilatzen dituzte, eta lortu ezean, ez dute filmik ekoizten. Ez da pelikularik egiten errentagarria ez bada. Produktu komertzialak dira. Begirada artistikorik ez dago, dena dira irizpide ekonomiko-administratibo-merkantilistak.

Eta zure zinema ez da sartzen irizpide horien barruan...

Ez dute sartu nahi. Nire zinema surrealista da. Beti saiatu naiz esperpentoak egiten, baina esperpento ederrak. Bikaintasunaren poesia hizkuntzaren eta irudien bitartez lortzen. Orain beste istorio batekin nabil borrokan. Egiazko pertsonaia baten ingurukoa da. Duela gutxi hil zen. Baina ezin dizut esan nor den, inork ez diezadan ideia kopiatu...

Hortaz, badituzu zenbait gidoi...

Bai, bai. Nik film gehiago ditut egin gabe eginak baino (etxean bageunde erakutsiko nizkizuke karpeta guztiak). Ezin diot sortzeari utzi. Gidoiak idazten ditut, gidoi osoak. Sinopsi bat idatziz gero atea irekia uzten duzu produktoreak edo besteren batek iritzia eman eta istorioa alda dezan. Eta gai batzuk edota istorio batzuk gal daitezke. Gidoi bat idaztea nobela bat egitea bezala da. Vargas Llosak zioen energia deskarga itzela dela, ederra dela, baina, aldi berean, oso nekeza eta gogorra. Azken urteetan hiru idatzi ditut.

Zergatik ez dago inor prest gidoi horiek pelikula bihurtzeko?

Las Bodas de Blanca-ren ekoizleak, Jose Fradek, esan zidan Padre Nuestro ez zela izango komertziala, ez zuela izango tokirik merkatuan, eta munduko hainbat herrialdetan eman zuten: AEBetan, Japonian, Israelen... Espainian arrakasta handia izan zuen. Gorderik daukadan gidoietako bat Padre Nuestro-ren tankerakoa da. Intzestua jorratzen du, baina aurreiritzirik eta taburik gabe. Maitasun istorio bat kontatzen du. Frankismoa zela eta ez zela, Padre Nuestro egitea hamar urte kostatu zitzaidan. Eta beste honekin antzera nabil. Atzean, beste arrazoi batzuk daudela ematen du, baina funtsean, berberak direla esango nuke. Haiek dute dirua, eta oso garbi dute zein zinema egitea komeni den. Nik ezin dezaket dirurik jarri, nahiko daukat istorioa idaztearekin eta filma zuzentzearekin.

Guadianaren modukoa zarela diozu...

Agertu eta desagertu egiten naiz, bai. Gertatu zait norbaitek esatea: «Hilda zeundela uste nuen!». Ez dakit adina edo burokrazia den, baina orain omenaldiak jasotzea egokitu zait. Laudorioak entzutea eta abar. Laster amaituko da, eta beste batzuei iritsiko zaie txanda.

Omenaldirik onena, baina, film bat egiteko aukera ematea litzateke...

Bai, noski. Horregatik joaten naiz omenaldi guztietara ea baten batean ekoizleren bat konbentzitzen dudan! Kar-kar.

Kasu egiten al diozu egungo zinemari?

Pelikula kutunenak bideoan ikusten ditut etxean, baina ez naiz zinemara joaten. Pelikula gustatzen ez bazait aretotik irteten naiz: nahiago dut erratu naizela onartzea bi ordu alferrik galtzea baino. Etxezuloan egoten naiz, nire istorioetako pertsonaiekin borrokan. Gaurko zineman nekez aurkitzen dut liluratzen nauen filmik, zerbait irakasten didanik. Badago bat, austriarra, Das Weisse Band-ena...

Michael Haneke?

Interesgarria iruditzen zait, bai.Dena den... Emaztea duela urte batzuk eraman zidan minbizi madarikatu batek. Eta emaztearekin batera, gauza asko hil egin zitzaizkidan. 40 urte eman genituen elkarrekin, inoiz ezkondu ez ginen arren. Bizitza betea izan genuen, zorion osoa; eta galtzean geratu zaidan hutsunea ere halakoa da: betea eta osoa. Bakardadea latza da. Eta batzuetan kostatzen zait ekitaldietara joatea. Ulertzen dut Vargas Llosa dioenean beldur dela Nobel sariak ekar diezaiokeenaz, bera idazlea baino ez delako.

Ikuskizuna lehenesten duen gizartean bizi gara?

Hala bada, neure errua ere bada, gizarteko kide naizen aldetik. Baina gizakian sinesten dut oraindik. Ezin diot gehiago eskatu bizitzari. Zinema Eskolan eman nituen urteak, adibidez, itzelak izan ziren, eta Victor Erize eta Antton Ezeizarekin gero izaniko harremana oso oparoa izan zen, oso aberasgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.