Gizatasunarekin obsesionatutako dantza zuzendaria da Thierry Malandain. Gorputzekin tematutakoa. Giza izaeraren esentziaren atzetik ibilitakoa. Eta topatu du ihesbide bat haren hausnarketei bide emateko: balleta. Soirée obra estreinatuko du larunbatean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Malandain Ballet Biarritz konpainiarekin. Obra bera berria bada ere, ez da oholtzan ikusiko den guztia estreinakoa izango. Hiru pieza barnebiltzen ditu Soirée-k: batetik, lehenengo aldiz taularatuko duten Nocturnes; bestetik, aurretik jada antzeztu dituzten Estro eta Silhouette. Hiru pieza, baina ardatz bat: «Gizatasunaren muina». Eta dena musikaren hiru klasikoen abestien laguntzaz: Frederic Chopin, Antonio Vivaldi eta Ludwig Van Beethovenen doinuekin.
Ez da etiketa zalea Malandain. Ez du inon sartu nahi bere estiloa; ez du deusekin bat egiten, eta, aldi berean, berdin zaio edonon sailkatzea. «Nire dantzak aldaketak sustatzen ditu. Klasikoa zenbaitentzat, garaikidea besteentzat, neoklasikoa oinordekotzaz... Gustuko dudan dantza aurkitu nahi dut, besterik ez»
Bilaketa horrek eraman du oholtza gaineko lan poliedrikoa aurkeztera; izan ere, estilo, musika eta taularatze aldetik deus gutxi dute elkarrekin hiru atalek. Zuzendariak berak esan du «indartsua eta soila» dela obra. Ezberdinak dira, beraz, piezak; badute, haatik, ukitu berbera. Usaindu egiten da Malandainen eskua.
Viktoria Eugenia antzokiak eta Biarrizko dantza konpainiak orain dela zazpi urte elkarlanean hasitako Ballet T egitasmoa dela-eta estreinatuko dute obra Donostian. Izan ere, bi parteak lanean ari dira balletak toki zabalagoa izan dezan hiriko errealitatean. Horregatik, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte dantza garaikidearen aitzakiapean: ikastaroak, emankizunak, entsegu irekiak... «10.000 lagun baino gehiago mugitzen ditugu proiektu honi esker», esan du Carine Agirregomezkorta egitasmoaren koordinatzaileak. Egiten dute, beraz, gauza ugari. Dena dela, Malandainen estreinaldia da garrantzitsuena; Ballet T-ren «gailurra».
'NOCTURNES', ESTREINALDIA
Xaloa da Nocturnes-en eszenografia. Bi metroko tapiz gorria lurrean paratuko dute. Ondoren, dantzariek hartuko dute espazioa. Alfonbra gainean jarri, eta «eboluzionatuz» joango dira. Barne bidaia bat irudikatuz bezala. Chopinek pianorako idatzitako Nokturnoak abesti sortak gidatuko ditu dantzariak. Ez da hori izango, nolanahi ere, Chopinen garaiko ukitu bakarra: erromantizismoaren espiritua bete-betean jaso baitu Malandainek. Erdi Aroko freskoetatik hartu du ideia: gizarteko klase askotariko pertsonak azaltzen ziren orduko koadrotan, denak batera, betiere heriotza presente zela. Esanahia: heriotzak gizaki oro adiskidetzen du. Malandainek ildo beretik jo du: «Heriotzak denak berdintzen gaitu». Eta berdintze prozesu hori da, hain zuzen, hogeita zortzi minutuko dantzaldian ikusi ahalko dena.
'SILHOUETTE'
Luis XV.aren garaian, finantza kontrolatzailea zen Etienne Silouette. Ohitura zuen bere aurpegiaren forma margotzea. Handik omen dator silueta hitza: zerbaiten zirriborro minimalista egiteari deritzo. Silhouette pieza ere halako zer edo zer da, gizakiaren «silueta moduko erretratua». Zertzelada batzuk gizakiaren senaren inguruan, alegia.
Baina, era berean, saiatu da zuzendaria gizaki bakar baten figura zizelkatzen ere: Vaslav Nijinski poloniar koreografoa omendu du Malandainek. Hala, Frederik Deberdt dantzaria egongo da oholtzan, bakar-bakarrik, lau barraz inguratuta. Bakarkako dantzaldiak Beethovenen musika izango du bidelagun.
'ESTRO'
Antonio Vivaldiren L´estro armonico biolinerako hamabi kontzertuak interpretatu behar izan zituen Malandainek dantzari garaian. Eta ez zuen ongi pasatu. «Negar egin nuen ez zitzaidalako ateratzen. Zaila zen koreografian zailtasunak menderatzea; sarerik gabeko saltoa zen, zenbaitetan; bidegurutze bat, besteetan». Eta hark bizitako blokeo egoeratik ikasita, buelta eman dio egoerari; orain, L'estro armonico kontzertu sorta mendean hartu eta Estro balleta sortu du. Muturreko dantza da, egilearen iritziko, «une oro gehiago emateko grinaren menpekoa da ia».
Ordu eta erdi eskasean, fantasia eta harmonia uztartzen ditu, zuzendariak azaldu duenez; sakontasuna dela eta,«dimentsio erlijiosoa» dauka. Nork bere mugak gainditzeaz egiten du solas; aurrera egitearen inguruan.
Gizakiaren muina dantzatzeko
'Nocturnes' pieza estreinatuko du Malandain Ballet Biarritz dantza taldeak, gizatasunaren inguruko 'Soirée' obraren barrenean.Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko dute, larunbatean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu