Donostiako 59. Zinemaldia. Michael Fassbender. Aktorea

«Gizakion arteko komunikazioak intimitatea galdu du gaur egun»

Fisikoki nahiz psikologikoki biluzi da 'Shame'-en, Steve McQueen ingelesak zuzendutako film gordinean; sexuaren mendekoaren rolak bere burua hobeto ezagutzeko balio izan dio.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Veneziako zinema jaialdian aktore onenaren saria eskuratu zuen, bakardade sentimenduari aurre egiteko sexu harreman noizbehinkakoen mendekotasuna duen pertsonaiaren rolarengatik. Veneziatik motorrean etorri da Donostiara Michael Fassbender, Alemanian jaio baina Irlandan hezitako aktorea (Heidelberg, 1977). Gosaria zerbitzatu diote Maria Cristina hotelean elkarrizketari adeitsu erantzuten dion bitartean. Ostalaritzako langileak greban direla jakitun da, eta ulergarri egin zaio haien jarrera. Ez du izarren dibismorik ageri gaur-gaurkoz, eta solasaldian barneratua nabari zaio.

Steve McQueen zuzendariarekin egin duzun bigarrena da Hunger-en ondoren. Bikotekide artistiko egokia topatu duzu?

Bai, ziur asko bai. Nire bizitza aldatu egin zen Hunger-en lan egiteko aukera eman zidanetik. Oso erraza da harekin lan egitea, baina, era berean, erronkaz beteriko bidea proposatzen du. Ezagutzen ez ditudan nire baitako zokoak deskubritzen laguntzen dit, baina, gainera, oso giro entretenigarria eta atsegina lortzen du filmaketetan.

Zure barneko zein zoko deskubritzeko balio izan dizu film honek?

Zaila da zehaztea. Film bat abian jartzen duenean mila ikuspuntu eskaintzen dizkizu eta aurrez ezarritako iritziak alboratzen laguntzen dizu. Gauzak gerta daitezen utzi behar direla ikasi dut McQueenekin. Era berean, film honekin ulerberagoa eta toleranteagoa izaten ikasi dudala uste dut; pertsona mota asko dago munduan, baina guztiok ditugu beste pertsonen ezaugarriak aldi berean. Nik ere baditut Brandonen elementuak. Beraz, ulerberago egiten nau horrek. Eta arduraz ere asko ikasi dut, norberarekin eta besteekin arduratsu izaten.

Unean uneko sexu harremanetan itotzen du bakardadea Brandonek, baina horrek ez du asebetetzen. Inkomunikazioa al da gaur egungo gaitz nagusia?

Arraioa! Ez naiz ni nor gaitzik larriena zein den esateko, baina bai, komunikazio eta ulermen gabezia izugarria dago. Informazioa nahi adina dugu, larregi, baina informazioarekin batera denetik saltzen digute: janaria, sexua, jokoa, dirua, bizitza hobe baten promesa, arropa, bisitatu beharreko lekuak... Zorionez eta zoritxarrez, aukeratzeko oso esparru zabala daukagu. Txokolatea erostera joan, eta milaka izango dituzu aukeran. Gauza guztietara iristeko gaitasun horrek antsietatea eta presioa eragiten du; presio sozial bat dago teorian zoriontsuago egingo zaituzten gauzen jabe izateko... Gainera, komunikazioak intimitatea galdu du. Komunikatzeko modu ugari ditugu, teknologia ugari, baina aurrez aurreko komunikazioa galtzen ari gara.

Psikologikoki ala fisikoki prestatu behar izan zenuen gehiago sexu mendekotasuna duen pertsonaia hori?

Bi kontuak batera doaz. Asko prestatzen dut pertsonaiaren alde fisikoa. Pertsonaia asko markatzen baitu emozioek fisikoan duten isla horrek, eta Brandonen fisikoan hori nabaria da oso. Ordu asko lan egin nuen gidoia behin eta berriz irakurtzen. Gainera, mendekotasun hori duen jende askorekin bildu nintzen, eta haien istorioak entzun nituen. Istorio horietatik informazioa eta keinu asko ateratzen duzu; gisa horretako pertsonaiek duten barne gatazka hobeto ulertzen duzu.

Zinemak ez al du lagundu sexuaren eta haren bilaketaren irudi idealizatuegi bat ematen?

Tira, sexua leku guztietan dago, ez zineman bakarrik. Freskagarri bat erostera zoaz, eta harekin batera sexua saltzen dizute. Are gehiago, zinemaren mundua kontserbadoreago bilakatu da azken urteetan. Ni gazteagoa nintzenean sexu eszena gehiago zegoen zineman. Sexua gaur egun eskuragarriagoa dugu, eta, horrenbestez, harekiko sentiberatasuna galdu dugu. Ni umea nintzenean, pornografia eskuratu nahi bazenuen, bideoklubera joan, eskua azkeneko apaleraino luzatu, saltzaileari erakustearen lotsa pasatu eta bideo erreproduktorean sartu behar zenuen zinta. Gaur egun, lotsaren faktore hori desagertu egin da. Botoi bat sakatzea aski da pornografia eskuratzeko. Hori arazo bihur liteke nerabearentzat. Nerabeak sexua oso modu zuzen eta antzeztuan jasotzen du. Gaur egun, sexu irudi asko oso agresiboak dira eta, batez ere, emakumearen irudi irreal bat ematen dute. Emakumeak ez dira behar bezala tratatzen pornografian.

Nola bizi duzu aktore izatea eta, batez ere, famatu bihurtzen ari den aktore bat izatea? Beste asko ez bezala, hurbileko izaten saiatzen zarela dirudi...

Ez dakit zer esan. Beldurtu egiten naiz halako gauzak entzuten ditudanean. Aspergarria dirudi hau esateak, baina hau da nire lana, eta ez nuke nahi aldatzerik. Era berean, fresko mantendu nahi nuke. Nire ardura bakarra gizartean gertatzen ari dena pertsonaien bidez adieraztea da, jendeak bere burua ikus lezakeen istorioak kontatzea... eta, ahal bada, zerbait aldaraztea. Baina rol eta pertsonaia horietako gauza garrantzitsuena ez naiz ni, baizik eta istorioak proposatzen duen bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.