Hiritarren kezka nagusia ez denean gehiago zerbitzu publikoa, eta beren odol-izerdien bidez baino diruaren bidez zerbitzatu nahiago dutenean, Estatua erreka jotzeko punduan da jadanik. Gudura atera behar ote da? Tropak pagatzen dituzte eta etxen egoten dira. Alferkeriaren eta diruaren bortxaz, azkenean, soldaduak badituzte aberriaren meneratzeko, eta ordezkariak ere, haren saltzeko.
Merkataritzaren eta arteen alderako kezkak, irabaziaren gose biziak, nagikeriak, eta aisetasunen preziatzeak diru bihurrarazten ditu pertsonaren zerbitzuak. Mozkinaren parte bat uzten da, gero haren nahi bezala berretzeko esperantzan. Dirua emazu eta laster burdinak izanen dituzu. Finantza hitza esklabo hitza da; zibitatean ez da ezaguna. Egiaz libro den Estatu batean hiritarrek dena eskuz egiten dute, deus ere ez diruz. Ez diote pagatuz beren eginbideari ihes egin nahi, aitzitik beren eginbideen egiteko pagatu nahiago lukete. Arras urrun naiz ideia arruntetarik; uste dut libertateak diru zergak kontrakoago dituela neke zergak eta lan behartuak baino.
Zenbatenaz hobeki eratua baita Estatua, hainbatenaz egiteko pribatuek baino toki handiago dute egiteko publikoek hiritarren izpirituan. Areago dena, egiteko pribatu anitzez gutxiago ohi da orduan, zorion komuna handiago izanik, gizabanakoak hartarik zati handiagoa hartzen baitu, eta ez baitu, beraz, hainbeste ihardunbide partikularretan ibili beharrik zorion bila. Zibitate ongi kudeatuan orok laster egiten dute biltzarretara; gobernamendu txarra denean, aitzitik, inork ez du urratsik egin nahi haietara joateko, inork ez duelakotz interesik hartzen han egiten direnetan, eta badakitelakotz nahimen orokorra ez dela nagusituko han; azkenik, ihardunbide pribatuek ez diotelakotz beste deusi ere tokirik uzten. Lege onek hobeak ekartzen dituzte, eta txarrek txarragoak. Noiz ere inork, Estatuaren arazoak direla-eta, baitio: zer zaizkit niri?, kontua atera Estatuarenak egina duela.
SAIAKERA (ZATIA)
Itzulpena: Beñat Oihartzabal.
Argitalpena:Pentsamenduaren Klasikoak.
Urtea: 1993.
Literatura. Pasarte hautatua. Jean-Jacques Rousseau
'Gizarte-Hitzarmena'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu