Patrick Alfaya. Musika Hamabostaldiko zuzendaria

«Gizarteak ezin du aurrera egin kultur ondarea zaindu gabe»

Krisiari aurre eginez, Donostiako 73. Musika Hamabostaldia hasiko da datorren ostiralean; Europa osoko orkestra eta zuzendari onenekin osatutako programa antolatu du Patrick Alfaya buru duen lantalde zabalak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Musika klasikoak inguratutako bulegoa dauka Patrick Alfayak (Madril, 1971). Diskoz, kartelez eta programez beteta dauka gela, eta musika katean sinfonia bat entzuten da. Donostiako 73. Musika Hamabostaldia hasiko da ostiralean, baina zuzendariak ez du urduritasunik ageri. Pozik dago aurtengo programarekin. Frantziara begira egindako egitaraua da, izan ere, Claude Debussyren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratuko dute musikariaren obrak eskainita. Krisiak inoiz baino gogorrago jo dio aurten Hamabostaldiari, eta laburragoa izango da, abuztuaren 3tik irailaren 2a arte. Baina Alfayaren esanetan, kalitateari eustea lortu dute beste behin.

Donostiako Jazzaldia amaitu berri da, eta orain Musika Hamabostaldia dator. Udan musika mugimendu handia dago hirian; turistengatik da, ala musika entzuteko grina sartzen zaie herritarrei garai honetan?

Bi jaialdiek dute turismoa helburu. Jazzaldiak baditu bere urteak. Hamabostaldia, berriz, 1939an sortu zuten hainbat merkatarik, hain zuzen ere, hirira turismoa erakartzeko asmoarekin. Dena den, egia da udan erlaxatuago gaudela, denbora gehiago daukagula aisialdirako, eta, beraz, kultur ekitaldiek arrakasta handiagoa dute uda garaian.

Hamabostaldiaren zuzendaritza hartu zenuen duela lau urte, krisi ekonomikoa azaleratzen hasi zenean, eta ordutik aurrekontua murriztuz joan da urtero. Aurten, gainera, BEZa %21 igo dute kultur jardueretan. Hamabostaldiak aurre egin diezaioke egoerari?

Egia da egoera ekonomikoa ez dela onena, baina kultura arloan hartu dituzten neurriak zentzugabeak dira. Suhiltzaileen moduan ibili gara urte guztian suak itzaltzen. Gainera, guk datozen urteetarako hainbat gauza programatuak ditugu , denbora asko behar delako kontzertuak lotzeko, eta geure buruari galdetu behar diogu ea zer gertatuko den datorren urtean? Edukiko al dugu nahi duguna kontratatzeko dirurik? Ez dakigu zer gertatuko den, eta horrek ez digu uzten programan asko arriskatzen. BEZa igotzeak ere oso eragin kaltegarriak izango ditu sarreren salmentan, eta Hamabostaldiari bereziki eragingo dion neurria da, izan ere, Hamabostaldiaren diru iturrien erdia baino gehiago iturri pribatuetatik dator, eta horren %39 zuzenean sarreren salmentatik lortzen dugu.

Hamabostaldia Jose Antonio Etxenikeren esku zegoenean, ondo kudeatu zuten aurrekontua, eta nik ez dut gehiago eskatzeko beharrik izan. Hezkuntza arloa hobetu nahi izan dugu. Kontzertuak eskaintzeaz gain, iruditzen zait ezinbestekoa dela musikariak eta entzuleak heztea.

Halako egoera larrian, gogorra al da Hamabostaldia zuzentzea?

Gogorra baina, aldi berean, ederra da. Buruhausteak dakartza, baina gauzak ondo ateratzen direnean polita da urtebeteko lanaren bilakaera ikustea.

Beraz, zure ustez, egokiak al dira krisi ekonomikoaren ondorioz gobernuekkultura kudeatzeko hartu dituzten neurriak?

Erabat gelditu da kultur kudeaketa. Politikariak ez dira gurekin hitz egitera etorri, ez digute azaldu zein izango den etorkizunean haien plana. Hori huts larria da. Moztea ez da nahikoa, kultur arloko arduradunak bildu eta aurrerantzean edukiko dugun aurrekontua eta egitasmoak zehaztu behar dira, ez datozen lau urtetan, orain, iraila baino lehen.

Gizarte batek ezin du aurrera egin kultur ondarea zaintzen ez badu. Ezinbestekoa da kultur ondarea aberatsa eta sortzailea izatea. Animalietatik bereizten gaituena kultura da; gizaki gisa hazteko aukera eskaintzen du kulturak. Kulturarik gabe, ez dago garapenik. Italian, adibidez,konturatu dira horretaz, eta merkatariak ados jarri dira opera saioak eta kontzertuak herriz herri mugitzeko eta prezioak adosteko. Espainian ez dute jakin hori egiten, eta, ondorioz, krisiak jaialdi asko jan ditu.

Euskal Herrian inbertsio handia egin dute kulturan eta hezkuntzan, eta emaitzak begien bistan daude; horrek garapena ekarri du. Kulturan ez bada inbertsiorik egiten, gizartea hil egiten da.

Ondo saldu al dira aurten Hamabostaldiko sarrerak?

20.000 sarreratik gora saldu dira dagoeneko. Azken hamar egunetan egon da jaitsiera txiki bat, baina, oraingoz, pozik gaude salmentekin. Eserlekuen %81 hartuta daude Kursaaleko emanaldietan. Dena den, iazko salmentak handiagoak izan ziren.

Aurrekontua murriztuagatik, Europako orkestra eta zuzendaririk esanguratsuenak ekarri dituzue Hamabostaldira. Gakoa harreman onak izatea al da?

Harremanak beti dira garrantzitsuak, eta nik harreman handia daukat Parisko orkestrarekin,adibidez. Baina inork ez dizu prezio merkeagoa egingo soilik harreman onak dituzulako. Urte batean egingo dizute fabore txiki bat, baina ez urtero. Aurten zorte handia izan dugu, beste urteetan prezioen ondorioz ekarri ezin izan ditugun orkestrak lortu ditugulako. Krisia dela eta, prezioak jaitsi egin dira, eta kontzertu asko bertan behera gelditu dira Espainian. Harrigarria da, izan ere, Espainia Europako orkestra eroslerik handienetakoa izan da orain arte, baina aurten jaialdi asko aurrekonturik gabe gelditu dira. Zulo horiek aprobetxatu ditugu guk orkestrak erakartzeko.

Musika klasikoan, oro har, bertan behera geratu al dira kontzertu egitarauak?

Ez ez, Espainian izan da kolperik bortitzena. Alemanian programari eusti diote, eta Frantzian handitu egin dute kultur jardueretarako aurrekontua. Arrazoi nagusia kudeaketa izan da. Espainian, orkestra handiak ekarri dituzte, eta dohainik eskaini dituzte kontzertuak, aurrekontu guztia publikoa zelako. Aurrekontu hori bertan behera geratu denean, dirurik gabe gelditu dira.

Orkestrek eta zuzendariek jaitsi dituzte apur bat kontratazio prezioak, baina ez gehiegi, Austria, Alemania eta Frantzian berdin ordaintzen dietelako. Zorionez, duela urte batzuk baino askoz ere maila xumeagoan bidaiatzen dute musikariek.

Bidaien maila xumeagoa izanagatik, Donostia ez da hiri merkea. Garesti ateratzen al da musikariei ostatu ematea?

Oso garestia. Gainera, garai hauetan hotelek prezioak igotzen dituzte, eta horrek asko ito gaitu. Hamabostaldia urtero egiten den ekitaldia da, eta prezio egokiagoak adostu beharko genituzke hotelekin eta pentsioekin.

Aurten ere opera ekarri duzue, Wolfgang Amadeus Mozarten Xirula magikoa. Aurrekontuak horretarako ematen al du?

Bai, akordio bat lortu dugulako Madrilgo Escorialekin. Han ere eskainiko dute opera, hemen egingo den lantalde berarekin. Entseguetan eta antolaketan izugarri aurreztu dugu. Ezinezkoa litzateke halako ekitaldiak eskaintzea beste erakunde batekin gastuak partekatu ezean. Halako neurriak dira benetan aurrezten laguntzen dutenak eta aurrera egiten laguntzen digutenak.

Gogoan daukat duela urte batzuk Donostian opera eraikin bat eraikitzeko proiektua erakutsi zidatela, hiriak halako eraikina «eskatzen» zuela eta. Baina halako proiektua ez da errentagarria, ezin zaio eutsi. Askoz ere logikoagoa eta merkeagoa litzateke Bilboko opera emanaldiekin bat egin eta herritarrei mugitzeko erraztasunak ematea.

Xirula magikoa mota guztietako entzuleak erakartzeko aukeratu al duzue?

Bai, dudarik gabe. Xirula magikoa historian gehien interpretatu den opera da, adin eta gustu guztientzako aproposa. Interpretazioasko onartzen ditu, gaztetxoentzat printzeez eta dragoiz osatutako ipuina da, eta, helduentzat, Ilustrazioaren balioen aldarrikapena. Nire ustez, Mozart beharrezkoa da Hamabostaldian, musika klasikoaren zutabe nagusietako bat delako. Datorren urtean ere opera ekartzea espero dugu, Giuseppe Verdiren jaiotzaren urteurrena izango baita.

Dena den, bidean geldituko ziren hainbat eta hainbat proiektu, ezta?

Zoritxarrez, bai. Debussyren obra handietako bat egin nahi nuen, orkestra eta solistekin batera, Le martyre de Saint Sebastien, esate baterako, edo Pelleas et Melisande Debussyren opera ederra. Bestetalde, ballet ekitaldia programatu genuen aurten, baina kendu egin behar izan dugu, maiatz erdialdean aurrekontua murriztu zigutelako. Viktoria Eugenia antzokian egin behar genuen, Pablo Sorozabalen musikarekin.

Christian Zacharias Hamabostaldian ohikoa den piano jotzaileak bitan eskainiko du kontzertua, Bambergo Orkestra Sinfonikoarekin Kursaalean eta Arriaga laukotearekin, Viktoria Eugenia antzokian. Errepikatzeko gogoekin gelditzen al dira musikariak?

Christian Zacharias askotan etorri da Hamabostaldira, eta guretzat ohore handia da. Laguna dut Zacharias, eta ahal bezainbestetan etortzeko eskatzen diot beti. Hemengo entzuleek asko maite dute, eta aretoa betetzen du. Dirua edukita, kontzertu didaktikoak antolatzea gustatuko litzaidake, zuzendari eta pianista aparta baita. Oso ondo ezagutzen du Bambergo Orkestra Sinfonikoa, urte askotan zuzendu du, eta kontzertu bikaina eskainiko du Jonathan Nottekin batera.

Hamabostaldia Frantziara begira jarri da aurten Debussyren jaiotzaren 150. urteurrenean. Ba al dago Ipar Euskal Herritik datorren entzulerik?

Zaila da entzuleak nongoak diren jakitea, gehienek sarrerak Interneten erosten dituztelako, baina Ipar Euskal Herriko herritarrak erakartzeko helburu sendoa daukagu. Frantzian krisia ez da hain nabarmena, eta kultura inbertsio handia dago. Horregatik, guretzat interesgarria da haiekin proiektuak partekatzea, baina ez da erraza, oraindik kostatzen zaie muga zeharkatzea. Aurten, bereziki, saiatu gara mugaz bestaldeko herriekin parte hartzen, eta zenbaitetan lortu dugu. Aurten, Debussyren urtearekin eta Parisko Orkestrarekin erakarriko ditugula uste dut.

Donostian musikazaleak erakartzeko hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, hala nola Musika Parkean. Kalean doako kontzertuak eskaintzeak erakar dezake jendea musika klasikoa entzutera?

Bai, eta gustatuko litzaiguke halako proiektuak gehiagotan egitea. Egitasmo ederra izateaz gain, Europan eta AEBetan oso ondo funtzionatzen du. Orkestra handiekin ezin da egin, baina ganberako taldeak Kristinaeneara ekartzea ez da ezinezkoa, eta entzule asko erakarriko lituzke. Chicago hiriko erdialdeko parkean, adibidez, Frank O. Gehryk diseinatutako agertokia dago, eta, han, mota guztietako musika eskaintzen dute borondatearen truk. Halako egitasmoak ez dira garestiak, eta herritarrek asko eskertzen dituzte. Musika Parkean egitasmoaren arrakasta bistakoa da.

Musika klasikoarekin gozatzen jakiteko hezkuntza ezinbestekoa dela esan izan duzu, ezta?

Jakina. Musikaz batere ikasi ez duen batek Gustav Mahlerren obra batekin goza dezake, baina hobeto ulertuko du musika ezagutzen badu. Beharrezkoa da ezagupena musikarekin gozatu ahal izateko, eta musika ikasketak, oro har, klasikoarekin hasi ohi dira. Zoritxarrez, eskoletan eta unibertsitateetan ez da musika irakasten, eta nik uste dut hor hutsune handi bat dagoela. Helburua ez da musika guztia gustatzea, musikaz gozatzen ikastea baizik.

Musika hezkuntza bultzatzeko, Musikene eta EGOko gazteekin proiektuak egiteko asmorik baduzue?

Asko gustatuko litzaiguke kontzertu didaktikoak antolatzea, eta ikasleei nazioarteko orkestrekin parte hartzeko aukera ematea. Ez da proiektu garestia, baina denbora behar da helburu didaktikoa betetzeko.

Nazioarteko musikariez gain, Hamabostaldiak leku zabala eskaintzen die Euskal Herriko musikariei, esate baterako, EOS, Easo abesbatza, Andra Mari abesbatza eta Donostiako Orfeoia taldeei. Entzuleak leialak al dira hemengo musikariekin?

Leialak dira, eta, batez ere, ezagutzen dutena entzun nahi izaten dute. Hemengoak izateaz gainera, EOS eta Donostiako abesbatzak kalitate eta izen handiko taldeak dira, eta proiektu handiak eraikitzeko profesionaltasuna eskaintzen dute. Esate baterako, aurten Leos Janaceken Meza glagolitikoa eskainiko du Donostiako Orfeoiak, Halle Orkestrarekin batera. Lehen aldia da obra hori eskainiko duguna, eta pieza zaila da. Halako kontzertuak berritasuna ekartzen dute. Betiko obrak eskaintzea bezain garrantzitsua da entzuleei gauza berriak ezagutzeko aukera ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.