Glenn Close aktorea izango da Epaimahai Ofizialeko burua

Donostiako Zinemaldiaren 70. aldia dela eta, kantu berri bat sortu dute jaialdirako Arantzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik

Ezker-eskuin, Maite Arroitajauregi, Jose Luis Rebordinos eta Arantzazu Calleja, atzo, Tabakaleran. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Glenn Close aktorea izango du buru Donostiako 70. Zinemaldiaren Epaimahai Ofizialak, eta beste sei lagun izango ditu ondoan: Antoinette Boulat zinemagilea, Tea Lindeburg gidoigilea, Matias Mosteirin ekoizlea, Rosa Montero idazle eta kazetaria, Lemohang Jeremiah Mosese zinemagilea eta Hlynur Palmason zuzendari eta gidoigilea. Jaialdiak iraun bitartean, hainbat zinemagile, aktore, gidoilari eta ekoizle entzutetsu izango dira Donostian.

Atzo eman zituzten Zinemaldiaren inguruko xehetasunak Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez Anuzita komunikazio arduradunak. Sail Ofizialaz gain, gainerako epaimahaiak nork osatuko dituen ere eman zuten aditzera.

Zuzendari Berriak saileko epaimahaiburu Alina Grigore arituko da, eta harekin arituko dira Paolo Moretti, Paula Arantzazu Ruiz, Selva Almada eta Ashmita Guha.

Horizonte Latinos saria emateko ardura, berriz, Tatiana Huezok eta Julia Olmok izango dute, Giovanni Pompili buru dutela. Albertina Carrik gidatuko du Zabaltegi-Tabakalerako epaimahaia, eta Vanja Kaludjercic eta Manuel Calvo izango dira harekin batera. Irizar sarietako epaimahaikideak, berriz, Ander Izagirre, Nerea Kortabitarte eta Txema Muñoz izango dira.

Nest sarietan, artista bakarra arituko da epaimahaian: Andres di Tella. Eta, azkenik, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko saria emateaz hirukote hau arduratuko da: Pau Brunet, Claudia Calviño eta Katrin Pors.

Sarrerak, laster eskuragarri

Astelehenean argitaratuko da programazio osoa Zinemaldiaren webgunean, eta hilaren 11n, 09:00etan, Zinemaldi Plazako online sistemaren eta leihatilen bidez. Salmentaren sistema iazkoaren antzekoa izango da. Alegia, irailaren 11n Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako —irailaren 16, 17 eta 18 sarrerak erosi ahalko dira; hilaren 12an, berriz, irailaren 19, 20 eta 21eko sarrerak; eta horrela egingo dute jaialdia amaitu bitartean. Belodromoko hiru filmetarako —Sintiéndolo mucho, Rainbow eta Black is Beltza II: Ainhoa sarrerak, berriz, irailaren 16an jarriko dituzte salgai.

Donostiako Zinemaldiak ez ditu alferrik egin 70 urte. Eta, horregatik, melodia berri bat sortu dute jaialdirako Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi konpositoreek. Kornetaren, tubaren eta serpentoiaren hotsak ordenagailuz egindakoekin nahastu dituzte, eta ahotsa ere erantsi diote doinuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.