Gloria Gaynor, Diana Krall eta Jan Garbarek izango dira Donostiako Jazzaldian

Brandford Marsalis, Marc Ribot, Ibrahim Maalouf eta Christian Scott ere izango dira, besteak beste, uztailaren 20tik 25era egingo den jaialdian

Jan Garbarek saxo jotzaile norvegiarra, iaz, Pecsen (Hungaria) emandako kontzertu batean. TAMAS SOKI / EFE.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Kantu bati lotutako abeslaria izango da beti Gloria Gaynor abeslari estatubatuarra (Newark, 1949). Haren ahotsean egin zen ezagun I Will Survive kantua, 1978an, eta ereserki da oraindik gaur egun ere. Aurten Donostiako 51. Jazzaldiaren izen handienetako bat izango da Gaynor, 1970eko hamarkadaren amaieran mundu osora zabaldu zen disco musikaren ordezkari nabarmenetakoa. Uztailaren 20tik 25era egingo da musika jaialdi hori, eta antolatzaileek bertan parte hartuko duten artista garrantzitsuenak iragarri zituzten atzo. Gaynorrekin batera, Donostian izango dira Diana Krall, Brandford Marsalis eta Kurt Elling, Jan Garbarek, Steve Coleman, Marc Ribot and The Young Philadelphians, Ibrahim Maalouf, Christian Scott eta Brad Mehldauk, John Scofieldek eta Mark Guilianak osatutako hirukotea.

Gaynor jazz zirkuituetan hasi zen lanean, arrakasta handirik gabe hasi ere, 70eko hamarkadaren hastapenetan, baina ia bera ohartu gabe ere, musika lurrikara baten erdian zegoen 1975ean. Never Can Say Goodbye bere lehen diskoaren grabazioan bete-betean zeudela, ekoizleek erabaki bat hartu zuten: perkusioak eta baxuak indartzea, musika dantzagarriagoa izan zedin. Garaian baziren DJak eta dantzalekuak, baina Gaynorrek eta haren ingurukoek propio haientzat eta haietarako egindako musika sortu zuten. Hor sortu zen disco musika. «Munduak arazo handiak zituen garai hartan, eta dantzalekuek arnasa hartzeko eta ondo pasatzeko bide bat eman zioten jendeari», adierazi zuen Gaynorrek orain dela urte pare bat. Kantariak ez dio utzi diskoak grabatzeari —bere kristautasuna nabarmentzen dutenak, azkenaldian—, baina zuzenean bere garai loriatsuaren aleak izan ohi dira nagusi.

Gaynorrena izango da, publiko zabalarentzat, izen ezagunena, baina jazzari lotuagoak dauden beste hainbat artista ere izango da Donostiako Jazzaldian. Diana Krall abeslari eta pianista kanadarra (Nanaimo, 1964) ez da ezezaguna Donostian, 2008an eta 2013an izan baita Jazzaldian jotzen. Iaz kaleratu zuen Wallflower bere azken diskoa, eta Donostian laukote formazioan izango da.

Jazz musikari ospetsuen familiakoa da Brandford Marsalis saxo jotzailea (AEB, 1960), eta Jazzaldiaren aspaldiko laguna, 1980an jo baitzuen aurrenekoz bertan. Oraingoan, Kurt Elling abeslaria ariko da Marsalisen laukotearekin.

Hazten ari diren bi tronpeta jotzaile gazte izango dira Jazzaldiaren beste protagonistetako bi. Ibrahim Maalouf (Beirut, 1980) libanoarrak bere jaioterriko doinuetatik tiratzen du musika garaikidea egiteko, eta Christian Scottek (New Orleans, AEB, 1983), berriz, ibilbide luze eta oparoa egin du gaztea izan arren. Biak ala biak Donostiako Jazzaldiaren apustuak izango dira.

Marc Ribot gitarrista laudatua azaroan izan zen Donostian, The Young Philadelphians taldearekin, eta formazio berarekin joko du berriz Donostian; Jan Garbarek (Norvegia, 1947) saxo jotzaileak ere joko du bere laukotearekin. Garbarek jazz garaikideko musikari handia den bezala, Steve Coleman (Chicago, AEB, 1956) saxo jotzaileak bide berriak arakatu ditu, beti abangoardian. Five Elements taldearen formazio berri batekin ariko da Donostian.

John Scofield gitarristak, Brad Mehldau pianistak eta Mark Gulilana bateria jotzaileak osatutako hirukotea ere izango da jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.