Musika. A cappella

Goazen harantz! (narrazio surrealista)

Xabi Strubell.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Triki ta jo ta ke, irabazi arte», zioen pandero jotzaileak; eta orduan mojito bat burutik behera botatzera gerturatu zitzaion norbait, eta blai-blai eginda utzi zuen. Jirafa bat agertu, eta safari-park hark bestelako koloreak hartu zituen. Agertoki gorri, beltz eta zuri hura kolore berriak hartuz joan zen han-hemenka, eta txipiroi tintazko atrezzo guztia erori egin zen.

Mara-mara ari zuen orduan, zirimiri ere tarteka, eta noizean behin zarra-zarra ere bai. Gezurretik egiara, eta zirt-zart batean, egiaren hegi berri baterantz. Ttur-ttur iritsi ginen errealitate berri hartara. Orduan egia ari zuen, poliki-poliki: gure egia.

Musika da oroitzen ez dudan bakarra. Baina a cappella tarte honetan musikaz aritzen garenez, saiatuko naiz gogoratzen.

Gor baten entierroan jotzeko musikak nolakoa behar du? Bada erantzunik. Ez da galdera erretorikoa. Isiltasunezko sinfonia amaigabea. Itzuli gaitezen bada narrazio surrealistara.

Sandia bat erditik moztu, eta arbola bat jaio zen. Kalabaza bat erditik ebaki, eta desertu bat jaio zen. Bitartean, mendi tontorretatik haitzak erortzen ziren. «Genero humanoak hartu zion genero perruari aurre», euskal mito hark esaten zuen bezala. Wurms glaziazioa eta Gurs-eko kontzentrazio eremuaren arteko soka eta hari eta lokarri guztiak berriz biziberrituta agertu zitzaizkigun, lotzen gintuzten ahala askatzen gintuztela.

Euriak euri soinua zuen berriz. Euria euri. Herria herri, eta harria harri.

Soinua berriz. Soinu txiki asko, eta musika musika ez balitz bezala, baina, era berean, soinu txiki horiek guztiek sinfonia baten abarrotsa osatuko balute bezala. Sinfonia berri hartan, polirritmia eta polifonia arraro eta sakonak, zabal eta ilunak, argi eta hezeak, lehor eta mikatzak. Zarata, soinu eta xuxurla denek bat egingo balute bezala, sinfonia berri hura, geroz eta errotuagoa, bere sustraiak lurrean ondo sartu, sortu eta sustraituta. Azkenerako, errealitate berri batean esnatu izan bagina bezala, herrialitatean.

Isiltasun hartatik, itzalak,hitz hilak, hitz itzaliak, bits harrotuak, adur eta lerde borbortsuak. Isiltasun handi hari soinua jarri genion beraz. Irrintzi bat. Garrasi bat. Xuxurla bat. Isiltasun handi baten oihartzun sendatua.

Orduan, zarata itzali genuen, eta soinari lotuta, soinua esnatuta, hasi ginen ibiltzen. Goazen harantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.