ESTRAGON(eztiki): Nirekin mintzatu nahi huen? (Vladimirrek ez du erantzuten. Estragonek urrats bat egiten du aurrera.) Zerbait esan nahi hidan? (Isilunea. Beste urrats bat aurrera.) Esan, Didi...
VLADIMIR(jiratu gabe): Ez diat deusik hiri esateko.
ESTRAGON(urrats bat atzera): Haserre hago? (Isilunea. Urrats bat aurrera.) Barka! (Isilunea. Urrats bat aurrera. Esku bat pausatzen dio sorbaldan.) Ea, Didi. (Isilunea.) Eman eskua! (Vladimir jiratu egiten da.) Besarka nazak! (Vladimir zurrun-zurrun egiten da.) Utzi besarkatzen! (Vladimir bigundu egiten da. Elkar besarkatzen dute. Estragonek atzera egiten du.) Baratxuri-kiratsa daukak!
VLADIMIR: Giltzurrunetarako duk. (Isilunea. Estragonek arreta handiz begiratzen dio zuhaitzari.) Zertan gara orain?
ESTRAGON: Esperoan.
VLADIMIR: Bai, baina esperoan gauden bitartean?
ESTRAGON: Eta geure burua urkatuko bagenu?
VLADIMIR: Horrela tente jarriko litzaigukek noski.
ANTZERKIA (ZATIA)
Jatorrizko hizkuntza: frantsesa.
Jatorrizko izenburua: 'En attendant Godot'.
Itzulpena: Juan Garzia.
Argitalpena: Alberdania, 2001.
Azalpena: Duela 60 urte estreinatu zen Samuel BeckettenGodoten esperoan, 1953ko urtarrilaren 4an, Roger Blin-ek zuzendua, Parisko Babylone antzokian. Aurreko urtean argitaratu zuen liburua Editions de Minuit argitaletxeak.
Literatura. Pasarte hautatua. Samuel Beckett
'Godoten esperoan'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu