Fantasiaren eta beldurraren eremuak hain dira zabalak, egitarau beraren barruan zonbiak, Godzillaren antzeko munstroak, psikopatak, galtzagorriak, superheroiak, gizon ikusezinak eta mamuak elkartu ditu Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Asteak. Bihar hasiko dute jaialdia, Japoniako zinemagintza protagonista nagusitzat hartuta, eta elkarren artean oso desberdinak diren bi lan erakutsita: Hideaki Anno eta Shinji Higuchi zuzendari japoniarren Shin Godzilla filmak inauguratuko du Sail Ofiziala Antzoki Zaharrean; Agurtzane Intxaurragak zuzendutako Teresa eta Galtzagorri, berriz, Viktoria Eugenia antzokian emango dute, eta haurrentzako euskarazko lan bat da. Azaroaren 4an amaituko da festibala, lehiaz kanpo erakutsiko duten Swiss Army Man lanarekin—Sundance nahiz Sitgesko jaialdietan saritutako film estatubatuarra—.
Jaialdiko film gehien-gehienak ez dira, ziurrenik, haurrek ikusteko modukoak, baina haiek izango dira lehenak zinemaz gozatzen, bihar eguerdian estreinatuko baitute Teresa eta Galtzagorri lana. Animazioko filma da, 3 eta 8 urte arteko umeentzat, eta neskatila baten eta galtzagorri baten arteko laguntasuna du ardatz. Duela sei urte, bi protagonista horien inguruan sei ipuin labur idazteko enkargua egin zion Dibulitoon estudioak Intxaurragari —Patxi Pelaezek egin zituen marrazkiak, eta Mai Egurzak jarri zien kolorea—. Orain, pertsonaiei bizitza eman, eta abentura berri batean murgildu dituzte film batean.
Arte eszenikoetan eskarmentu handia du Intxaurragak, eta animazioko pelikularik inoiz zuzendu ez bazuen ere, ilusioz hartu zuen proposamena, atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez. «Pertsonaiei bizitza eman behar niela ulertu nuen. Banekien ez zirela hezur-haragizko aktoreak, baina nik hala tratatu ditut». Juan Luis Carrerasek eta Susana Pintok duela bi urte idatzitako gidoiarekin hasi ziren lanean, eta talde lanean aberastu dutela azaldu zuten zuzendariak berak eta Ricardo Ramon Dibulitooneko ekoizleak. Prozesuan, elkarrengandik asko ikasi dutela adierazi zuten biek ala biek. Joseba Beristainek jarri dio musika lanari, eta hainbat euskal aktorek ahotsa pertsonaiei; tartean, Anjel Alkainek eta Aintzane Crujeirasek. Filma zinema aretoetan ikusteko urtarrilaren 27ra arte itxaron beharko da.
Haurrentzako beste film bat ere sartu dute egitarauan: Lotte eta harri bitxien sekretua. Etzi ikusi ahal izango da, Antzoki Zaharrean, eguerdian.
Japoniari begira
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean beti izan dira Japoniatik iritsitako filmak, baina aurten inoiz baino protagonismo handiagoa eman diote herrialde horretako zinemagintzari. Urtero jaialdiari hasiera eman ohi dion zonbien mozorro martxak, esaterako, japoniar deabruei pasatu die lekukoa —Konitxi Walk izena jarri diote martxari—. Halaber, Sail Ofizialean izen handiko zinemagile japoniarren lanak ikusi ahal izango dira: Shin Godzilla-z gain, Minoru Kawasakiren Kaijyu Mono, Takashi Miikeren Terraformars eta Koji Shiraishiren Sadako vs. Kayako emango dituzte.
Azken urteetako zinema japoniarrari ere ziklo bat eskaini diote. Fantasiazko Japonia, XXI. mendea izenburupean, 2000. urtetik hona estreinatu diren bederatzi zinemagile japoniar esanguratsuren pelikulak bildu dituzte zikloan, eta, besteak beste, Hideo Nakataren Dark Water (2001) eta Takashi Shimizuren The Grudge / Ju-on (2003) ikusi ahalko dira. Gainera, bai Sail Ofizialean bai zikloan beren lanak erakutsiko dituzten sei zinemagile Donostian izango dira: Shinji Higuchi, Tomoo Haraguchi, Noburu Iguchi, Yoshikazu Ishii, Minoru Kawasaki eta Koji Shiraishi. Lehen bostek mahai inguru batean parte hartuko dute etzi, San Telmo museoan —Shiraishi geroago iritsiko da hirira—. Eta guztia borobiltzeko, liburu bat plazaratuko du jaialdiak, Daniel Aguilarren —zikloaren komisarioa dena— eta Antonio Jose Navarroren koordinaziopean.
Baina beste herrialdeetako lanak ere ez dira gutxi izango. Sail Ofizialean, bi euskal zinemagilerenak sartu dituzte: Haritz Zubillagak zuzendutako El ataúd de cristal, eta Roberto San Sebastianen La noche del virgen. Horiekin batera, beste hainbatek lortu ahal izango dute Publikoaren Saria. Horien artean daude, besteak beste, Rob Zombie estatubatuarraren 31, Na Hong-jin korearraren The Wailing / Goksung, Nicolas Winding Refn danimarkarraren The Neon Diamond, Yeon Sang-ho korearraren Train to Busan, eta Babak Anvari irandarraren Under the Shadow.
Beldurra eta fantasia dosi txikietan ere eskaini ahal denez, film luzeak ez ezik, hamalau lan labur ikusi ahal izango dira Film Laburren Nazioarteko Saileko lehian. Horiez gain, beste zortzi lan labur lehiatuko dira Espainiako film labur onenaren saria irabazteko, eta animazioko beste bederatzi film labur beren saria lortzeko.
Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte; Antzoki Zaharreko proiekzioek gaztelerazko azpidatziak izango dituzte, euskaraz eramango dituzten hiru lanetan salbu, eta Viktoria Eugenia Antzokian erakutsiko diren filmek, berriz, euskarazkoak. Bestalde, urtero bezala, proiekzioak eta erakusketak izango dira hainbat kultur etxetan ere. Udal Liburutegiko sotoan, esaterako, Misterioaren Itsasargia erakusketa izango da ikusgai jaialdiak iraun bitartean.
Egitarau osoa ikusteko,bisitatu webgune hau:
www.sansebastianhorrorfestival.eus
Godzilla eta galtzagorriak, hasteko
Bihar ekingo diote Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Asteari. Japoniako zinemagintza izango da ardatz nagusietako bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu