«Mapa bat marrazten ari gara, 2014ko euskal sorkuntzaren mapa». Urteak dira Durangoko Azokak azoka soil izateari utzi zionetik eta euskal kulturaren plaza bilakatu zenetik, eta urrats bat gehiago egin nahi izan dute aurten antolatzaileek. Bi dira nobedade nagusiak. Karpa bakarra izan beharrean, bi karpa izango ditu aurten Ahotsenea guneak eta bikoiztu egingo ditu horregatik zuzenekoak eta literatur aurkezpenak. Batetik, hori; eta, bestetik, gogoeta gune bilakatuko du Areto Nagusia Gerediaga Elkarteak. Nerea Mujika lehendakariak laburtu du asmoa: «Non gauden eta norantz goazen aztertzea da helburua, hiru gai hizpide hartuta: hizkuntzaren hautua, sostengu ekonomikoa eta transmisioa». Hiru egunez, lehen lerroko kultur eragile, sortzaile eta kudeatzaileak batuko dituzte horretarako elkarrizketa, solasaldi eta mahai inguruetan. Atzo egin zuten zortzi guneetako koordinatzaileekin aurkezpen orokorra Durangon (Bizkaia); azokaren argazki osoa ematea zen asmoa: «Betea eta plurala izango da eskaintza». Abenduaren 5etik 8ra.
Erronka jarri dio bere buruari Gerediagak aurten. «Euskal kulturaren plaza nagusia, euskal kulturari buruzko gogoeta gune garrantzitsu bilakatzea». Eta hiru eguneko egitaraua prestatu dute horregatik. Euskal kulturgintzan eztabaidagai den gai bat egun bakoitzeko: hizkuntza, finantzaketa eta transmisioa. Hiru saio antolatuko dituzte horretarako. Elkarrizketa pertsonal bat, bi pertsonaren arteko solasaldia eta mahai ingurua, eta, egitaraua erabat itxita ez badago ere, aurreratu dituzte parte hartuko duten zenbait pertsonaren izenak: Bernardo Atxaga idazlea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Fermin Muguruza musikaria, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ordea, Gotzon Barandiaran kultur eragilea, Anari kantaria, Jon Sarasua idazlea eta Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, besteak beste.
Sortzaileen azoka ere izango da aurtengoa, inoiz baino nabarmenagoa izango baita haien presentzia. Izan ere, ohikoa bilakatzen ari da azken urteetan. Ahotsenean parte hartzeko zerrenda zabaldu bezain azkar bete ziren hutsune guztiak, eta kanpoan gelditu ziren sortzaileei leku egitea izan da horregatik erronka. Horregatik jarri dituzte bi karpa. Zuzenekoetarako aurrez aurreko bi oholtza izango ditu haietariko batek, eta aurkezpen eta solasaldiak egingo dituzte bestean. Guztira, 55 kontzertu eta 35 solasaldi izango direla zehaztu du Lutxo Egia Ahotseneako koordinatzaileak. Orotara, 90 musikari eta idazle, oholtza gainean.
Zortzi guneko azoka
Oraindik erabat itxi gabe dago egitarau orokorra, eta hurrengo asteetan emango dute aurtengo Argizaiola sariaren irabazlearen eta herrialde gonbidatuaren izena. Programako ildo nagusiak prest dituzte, ordea, eta horiek aurkezten izan ziren atzo guneetako koordinatzaileak Landako Gunean. Orain hilabete batzuk finantzaketa zalantzan egon bazen ere, eutsi egingo baitio azokak iazko gune guztiei. Zortzi izango dira aurten ere: Szenatokia, Irudienea, Ahotsenea, Plateruena, Saguganbara, Kabi@, Azoka TB eta Areto Nagusia.
Ikasle eguna abenduaren 5ean egingo dute, bestetik. 36 ikastetxetako 1.170 ikaslek hartuko dute parte, guztira, eta ekitaldi egitarau berezia prestatuko dute haientzat.
Gogoeta eta zuzenekoen azoka
Euskal kulturgintzari buruzko hausnarketa Durangoko Azokaren erdigunera eraman nahi du aurten Gerediaga Elkarteak.Ahotseneak bi karpa jarri, eta bikoiztu egingo du bere eskaintza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu