Poza eta haserrea. Bi ertzak ezagutu dizkio Josetxo Cerdanek (Tutera, 1968) Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiari zuzendari lanetan eman dituen lau urteetan. 2009an hartu zuen postua, eta bi erronka jarri zizkion bere buruari: jaialdia kanpoan ezagun egitea bata, eta herritarrei gerturatzea bestea. Biak bete dituela dio, eta horregatik dago pozik. Baina haserrea ere ezagutu zuen iaz. Programazioaren %90 itxita zeukatela, Nafarroako Gobernuak diru saila gutxitzea erabaki, eta iazko jaialdia bertan behera uztera behartu zituen antolatzaileak. Bi urteko bihurtu zuten ekitaldia. Mintegi bilakatu zuten horregatik iaz, eta aurten itzuli da jaialdi formatura, gaur hasi eta igandera arte. Cerdanek zuzendutako azkena izango da.
Iazko etenaldiaren ostean, aurten, jaialdiaren espazioa aldarrikatzea izango da helburua?
Inpresioa dut aldarrikapena ez dugula guk bakarrik egingo: jaialdira datorren jendeak ere egingo du. Guk beti bezala lan egin dugu, eta erantzun handia jasotzea da gure ilusioa. Jaso egingo dugun inpresioa dugu, gainera. Orain arte entzun dugunagatik, badirudi lortuko dugula. Jaialdi gogoz sumatu dugu jendea.
Iaz, Nafarroako Gobernuak diru saila murriztu, eta kolokan utzi zuen jaialdia. Agerikoa zen zure haserrea Yolanda Barcina lehendakariari idatzi zenion eskutitzean. Nolakoa da orain jaialdiaren eta gobernuaren arteko harremana?
Hobera egin du, eta jaialdia egin egingo dela da horren froga.
Hasiera batean, hori ere zalantzan egon zen.
Benetako arriskua izan zen hori, bai. 2011ko irailean izan zen krisi hura, eta gaur egun beste jaialdi batzuk egun batetik bestera desagertu direla ikusirik, esan daiteke gure egoera ona dela. Urteroko jaialdia izatea litzateke onena, baina gurea baino jaialdi handiagoak kolpean desagertu dira, eta, beraz, egoera positiboa da gurea. Pozik gaude horregatik eta gobernuak erantzun egin duelako.
Egun haietan, gizarteak ere egin zuen jaialdiaren aldeko presioa.
Dudarik gabe. Hainbat faktore izan genituen alde. Jaialdi txikia da, baina jende askoren sostengua du. Hori, batetik. Bestetik, lehenak izan ginen gerra egoeran sartzen, eta gainontzeko jaialdiak zuzenean desagerrarazi dituzte gerora. Guk erreakzio aukera bat izan genuen. Eta, azkenik, Donostiako Zinemaldia martxan zen unean heldu zen gure krisia, eta oihartzun handia egin zuen gure aldarrikapenak han. Gure aldeko jende asko zegoen orduan han, eta balio izan zuen ekitaldiak egituratzeko. Gainera, etsian aritu ginen. Dena edo ezer ez. Hori izan zen gure apustua, eta ongi atera zitzaigun.
Jaialdia herritarrengana gerturatzea zen zure xedeetariko bat. Jaialdia bi urtean behineko bihurtuta, zaildu egingo da hori.
Aurten, krisiaren gaiaren bultzadarekin iraun egingo du jaialdiak. Ikusteko dago hemendik aurrera zer gertatuko den. Horregatik ere bada garrantzitsua aurtengoa ongi ateratzea, indar horrek bi urtez iraun dezan. Mintegia egingo da datorren urtean, eta tentsio bat mantentzea da asmoa. Hemen gaudenik ez ahaztea.
Inoiz baino jaialdi monolitikoagoa izango da aurtengoa. Krisia izango da jaialdia alderik alde gurutzatuko duen gaia.
Kalean dago gaia, jaialdiak ere ezagutu du krisia, horri buruzkoak dira egiten diren filmetariko asko... Ez dugu krisia soilik ikuspegi negatibotik landu nahi, ordea. Horregatik eskaini diegu atzera begirako bana Eduardo Coutinho brasildarrari eta Thomas Heise alemaniarrari. Krisi latzak ezagutu dituzte haiek, eta ikuspuntu interesgarria eskaintzen dute beren lanetan horri buruz. Zinema dokumentalari eskainitako jaialdi bat da hau, eta krisiaz kontziente izan behar dugu, baina ireki egin nahi dugu ikuspuntu eskaintza. Argi pixka bat ere egon dadin nahi dugu.
Aurtengoa izango da zure azken jaialdia zuzendari gisa. Zergatik?
Hori da INAAC Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutuarekin egindako tratua. Baina egia da lau urteotan ere nekatu egin naizela. Oso pozik nago egindako lanarekin, baina zailak izan dira tokatu zaizkidan urteak. Are gehiago: jaialdirik egin ez den urtea izan da niretzat nekagarriena. Hori izan zen tentsio puntu gorena.
Zer gelditzen da egiteko?
Jaialdiari nola eutsi. Hori da erronka. Ezegonkortasun handiko egoera da oraingoa, eta jaialdia bi urtekoa da. Ez dakigu gobernuak zenbat iraungo duen, hurrengoak nola hartuko duen ere ez... Aurtengoak goia jo dezan lortzea da datozenetarako egin dezakegu ekarpenik onena. Hau garrantzitsua dela erakustea.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.puntodevistafestival.com
Josetxo Cerdan. Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria
«Goia jo behar dugu aurten»
Iazko etenaldiaren ostean, gaur hasiko da Iruñean Ikuspuntu jaialdia, eta Josetxo Cerdanek zuzendutako azkena izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu