Literatura

Goiatz Labandibarrek ‘Eresia’ nobela laburra plazaratu du

Politikari miretsi baten heriotzako orduan haren alabari sortzen zaizkion gogoetek harilkatzen dute istorioa. Pertsonaia publikoen atzean dagoen alde pribatua eta beste hainbat gai umorez landu ditu idazleak.

Goiatz Labandibar idazlea, lan berria eskuetan, Donostiako Elkar liburu dendan. JON URBE / FOKU
Goiatz Labandibar idazlea, lan berria eskuetan, Donostiako Elkar liburu dendan. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko maiatzaren 2a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaren deia jaso du Talak: aita hil dela esan dio. Segituan heldu da albistea hedabideetara ere, alabarentzat aita zen hori Aitzol Agirre baitzen, Euskal Errepublika independenteko lehen lehendakaria, politikari miretsia, militante konprometitua. Eta berehala antolatu dituzte agurreko ekitaldi publikoak Euskal Herri osoan. Dolu egun horietan Talak egiten dituen gogoeten bidez, pertsonaia publikoen gabezia pribatuak, familia barruko gorabeherak eta beste hainbat gai umorea erabiliz jorratu ditu Goiatz Labandibar idazleak Eresia nobela laburrean. Elkar argitaletxeak plazaratu du liburua.

Hil-kanta aitari du azpititulu lanak, eta, hain zuzen, Talaren begietatik dago kontatua istorioa, lehen pertsonan. Labandibarrek azaldu duenez, galdera bat izan zuen abiapuntu idazten hastean: pertsonaia publikoen bizitza pribatuan zer pentsatzen ote duten haien ingurukoek. «Rebecca Solnit idazle eta kazetari estatubatuarraren liburu bat irakurtzen ari nintzen, eta bertan, halako hausnarketa bat eginez, aipatzen zuen Martin Luther King ziurrenik aita txarra izango zela bere hiru seme-alabentzat, baina gizarteari eman ziona askoz garrantzitsuagoa zela etxean eduki ez zutena baino. Ez dakit Martin Luther Kingen seme-alabak ados dauden horrekin, akaso bai, baina nik neure buruari galdetu nion ea zer pentsatuko zuten. Eta hortik hasi nintzen nobela eraikitzen».

Erabat fikziozko pertsonaia batzuk eta testuinguru bat sortzea erabaki, eta zehaztu gabeko etorkizun bateko Euskal Errepublika independente batean kokatu du kontakizuna. «Niri ariketa errazteko ere izan da, oso zaila egiten zitzaidalako eta errespetua ere ematen zidalako hezur-haragizko norbaiten azalean sartzea». Eta behin fikziozko testuinguru hori sortzen hasita, «heroi nazional bat» itxuratu zuen. «Herri guztiek behar izaten dituzte beren heroi nazionalak, eta kasu honetan Aitzol Agirre da iritzi publikoak goraipatzen duen pertsonaia hori».

Tala da hala ere protagonista, Agirreren alaba bakarra. Aita hil dela jakiten duenetik agurreko ekitaldiak bukatu arteko egunak berak nola bizi dituen kontatuko du, eta, hala, baita «zer dagoen askotan iritzi publikoak goraipatzen edo jainkotzen dituen pertsonaia horien atzean». Dolu baten narrazioa ere bada horrenbestez, «urruntze fisikoaz gain, urruntze emozional batena ere bai», idazleak zehaztu duenez. 

Heriotzak, bestalde, badu «halako lilura bat edo guztia on bihurtzeko gaitasun bat», haren iritziz. Eta, «halako pertsonaia publikoen heriotzaren ondoren izaten den parafernalia» aintzat hartuta, satirara jotzeko bidea edo aitzakia ere aurkitu du. Nahita bilatu du tonu jostalaria, azaldu duenez, ez baitzuen nahi Tala pertsonaia «negarti edo txaplata bat» izaterik, irakurleari sinpatia sortuko ziona baizik.

Bigarren mailako pertsonaiak ere badira istorioan: Agirreren alderdikideak, Talaren ingurukoak... Ihintza Ekiza nabarmendu du idazleak, alderdiko komunikazio eta protokolo arduraduna —«uste dut pertsonaia klabea dela nobelan»—. Eta nahiz eta Agirreren itzalak istorio osoa zeharkatzen duen, protagonista erabatekoa Tala dela berretsi du.

Ironiarako joera

Idazlearen ibilbide «emankorra» ekarri du gogora Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak, zeinetan ipuin bildumak eta nobelak tartekatu dituen —Amez (2022), Bekatua (2023) eta Zoo (2024) zituen orain arte lanik berrienak—. Eta haren begirada nabarmendu du. «Gure inguruari begirada zuzen batekin erreparatzen dio, eta erretratu soziologiko oso zorrotzak eta zehatzak egiten ditu, baina, aldi berean, irribarre batekin». Hain zuzen, Labandibarren lanak bustitzen dituen umorea goraipatu du editoreak. «Ez da ebasiozkoa, baizik eta errealitatetik abiatzen den umore bat. Gure gizarteaz eta harremanez pentsarazten duten istorioak dira, baina aldi berean ondo pasatzekoak, eta hori nik uste Euskal Herrian behar-beharrezkoa dugula».

«Ironiarako joera handi samarra» duela uste du idazleak ere, baina aitortu du Talari mesede egingo zion tonu hori aurkitzeak ahalegin bat eskatuko ziola ere aurreikusi zuela. «Gero ahalegin hori ez da izan hain behartua, baina bai kontzientea». 

Idazketa prozesuaz, azaldu du ohikoa ez duen modu batean aritu dela oraingoan. «Oso idazketa azkarra izan da, konpultsiboa. Nik normalean nahiko pausatuki idazten dut, ez dut presarik izaten, baina hau, gogoak hala eskatuta, oso azkar idatzi nuen». 

«Nik normalean nahiko pausatuki idazten dut, baina nobela hau, gogoak hala eskatuta, oso azkar idatzi nuen»GOIATZ LABANDIBARIdazlea

Istorioaren hasiera eta bukaera nahiko argi izan zituen hasieratik, eta lehen atalak iragartzen du ondoren datorrenaren hezurdura. Hain zuzen, Agirreren agurreko momentuen arabera egituratu ditu nobelaren atalak —Etxean, Beilatokian, Hil-kaperan, Biran, Ekitaldian, Mendi tontorretan eta Biharamunean dute izenburu—. 

Edonola ere, momentu horietan protagonistak egiten dituen gogoeten bidez, denboran atzera ere egiten du istorioak tarteka, eta, hala, Talaren haurtzaroa eta gaztaroa ere agertuko dira, baita bere «fobiak eta filiak» ere, eta Agirreren alaba izateak berarengan izandako eragina ere bai. «Badago borroka bat bere izaera bere aitaren itzaletik banatzeko. Esango nuke Tala oso ondo ezagutzera heltzen dela irakurlea, eta Aitzol Agirre aita bezala zer izan den jakitera ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.