Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi zuen Suhar gizonezkoen koruak 2023an, eta, horren ostean, Euskadiko Orkestrarekin abesteko aukera eman zieten. Bost kontzertu emango dituzte guztira: gaur eta hilaren 8an Donostiako Kursaal auditoriumean, hilaren 5ean Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, hilaren 6an Iruñeko Baluarte auditoriumean, eta hilaren 7an Bilboko Euskalduna jauregian. «Ilusioz eta gogotsu» dago abesbatzako zuzendari Esteban Urzelai (Oñati, Gipuzkoa, 1979).
Zer moduz kontzertu hauetarako entseguak eta prestaketa? Noiz hasi zineten Orkestrarekin batera lan egiten?
Oso ondo joan da prestaketa prozesua. Orkestrarekin aste honetan bakarrik aritu gara. Aurrez, koruak bere zatia prestatu du. Ahalik eta ondoen egin behar da lan hori, gerora orkestra zuzendariak eskatzen dizkigun azken ukitu horiek eman ahal izateko. Astelehenean egin genuen lehen entsegua Dinis Sousa zuzendariarekin, pianoaz lagunduta. Eta asteartean eta asteazkenean, orkestrarekin batera entseatu dugu errepertorio osoa. Azken entsegua Kursaalean bertan egin dugu, lehen kontzertua egin baino lehen.
Bost emanaldi emango dituzue guztira, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Zer espero duzue kontzertu horietatik?
Suhar gizon korua osatzen dugun guztientzat izugarrizko aukera da Euskadiko Orkestrarekin batera aritzea. Ilusio handiz hartu dugu proiektu hau. Izan ere, oraintxe beteko dira sei urte lehen kontzertua eman genuenetik. Talde berria gara, eta Euskadiko Orkestrarekin proiektu bat egin ahal izateak pozez betetzen gaitu. Bost kontzertu hauek emateko gogotsu gaude.
Sei urte beteko ditu abesbatzak. Zergatik sortu zenuten?
Euskal Herriko musikaren historian oso ohikoak izan dira gizonezkoen koruak, baina gaur egun gain behera doaz. Behar horri erantzuteko sortu zen Suhar; mota horretako taldeentzako errepertorioak berreskuratzea eta mailarik gorenera eramatea da asmoa. Horretan aritu gara azken urteetan. Hasieran, kontzertuak prestatu genituen, 2022an disko bat ere atera genuen, eta 2023an lehiaketa batzuetan parte hartu genuen. Horrelako ekitaldiak tranpolin baten modukoak dira askotan, korua ezagutarazteko balio dute eta. Oso ondo ibili ginen. Tolosako lehiaketan, lehen saria eta bost sari nagusiak irabazi genituen, eta horren ondorioz jaso genuen orain emango ditugun kontzertuetarako gonbidapena. Horrek adierazten du aurrera goazela egin nahi genuen bide horretan, eta pauso sendoak ematen ari garela.
«'Gaueko abestia basoan' Schubertek konposatu zuen, eta gizonezko korua eta lau tronpa arituko gara. 'Eguneko uneak' orkestra osoarekin abestuko dugu; Straussen obra bat da, Schuberten heriotzaren mendeurrena gogoratzeko idatzitakoa»
Bi obratan parte hartuko duzue Euskadiko Orkestrarekin batera egingo dituzuen kontzertuetan. Zer berezitasun ditu bakoitzak?
Gauaren ingurukoak dira, eta lotura sendoa dago abestuko ditugun bi obren artean. Lehenengoa, Gaueko abestia basoan, Schubertek konposatu zuen, eta gizonezko korua eta lau tronpa arituko gara obra horretan. Kontzertuaren hasiera edo sarrera gisakoa izango da hori. Bigarren pieza, Eguneko uneak, bigarren zatian abestuko dugu, eta orkestra osoak lagunduta arituko gara. Straussen obra bat da, eta Schuberten heriotzaren mendeurrena gogoratzeko idatzi zuen. Korua ez da protagonista izango: orkestrako beste instrumentu bat izango da.
Dinis Sousak izango du orkestra zuzentzeko ardura. Aurretik elkarrekin lan eginda zaudete?
Ez, orain arte ez genuen elkar ezagutzen. Gaztea da, 1988koa, gaur egun gorantz doazen zuzendari horietako bat. Ingalaterrako hainbat koru eta orkestrarekin egin du lan, baita Portugalen ere, sona handiko taldeetan. Ez nuen aurrez aurre ezagutzen, baina oso lankidetza polita sortu dugu, eta oso erraza izan da harekin lan egitea.
2023an Tolosako abesbatzen lehiaketa irabazi zenuten. Horri esker arituko zarete Euskadiko Orkestrarekin batera. Nola gogoratzen duzu ekitaldi hura?
Tolosara joan ginenean, han bertan geneuzkan helburuak. Alegia, lehiaketa horretan ahalik eta lan onena egitea. Lehiaketak erakusleihoak dira, eta are gehiago irabaztea lortzen duenarentzat. Urtebeteko prestaketa egin genuen: askotariko abestiak, taularatzeak, afinazioak, obraren soinuak... gauza asko landu behar dira, eta ez da erraza izaten. Oso berezia da Tolosako oholtzara ateratzea, eta esperientzia zoragarria izan zen. Euskal Herri osoko eta Espainiako hainbat korutako zuzendari, lagun eta ezagun asko biltzen gara, eta haien beroa sumatzen da.

Abesbatza guztiek ez dute Euskadiko Orkestrarekin batera abesteko aukera izaten. Zer moduzko esperientzia izan da orain arte?
Guretzat, beste ate bat irekitzea bezala izan da. Orain arte a capella edo pianoarekin aritu gara, Euskal Herrian, Zaragozan, Madrilen… Beste pauso bat eman dugu esperientzia honen bidez, eta espero dugu gehiago ere izatea aurrerantzean. Oso aberasgarria da, eta etorkizunean halako beste esperientzia bat etortzen bada, ongi etorria izango da.
Zer beste erronka dituzue hemendik aurrera?
Lituaniara egingo dugun bidaia daukagu gertuen. Hango jaialdi batean arituko gara azaroan, eta errepertorioa prestatu beharko dugu, orkestrarekin egingo dugun kontzertuan zentratu baikara orain arte. Aurretik, Azkoitian arituko gara maiatzean.