GORA BEGIRA, ERRAIETATIK

Goraka doaz antzezlan kopurua, publikoaren erantzuna eta antzerki testuen argitalpena. Hala sumatzen dute antzerkiaren munduan era batera edo bestera lanean ari diren lau lagunek. Dena den, oraindik ere lan asko dago egiteko haien ustez, besteak beste, lanbidea duintzeko eta gizartean prestigioa emateko.

AGUS PEREZ - LALI MARIMON.
Ainhoa Sarasola.
2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Taula gainean erakusten dena baino ez du ikusten publikoak. Baina horretara iritsi aurretik zenbat lan egin behar den ongi dakite antzerki munduan dabiltzanek; baita oholtzara igo ondotik ere. Ongi dakiten bezala zeinen zaila den emanaldiak lotzea, egindako lana erakusteko aukera izatea. Eta baita zeinen zaila den sektorean bizimodua aurrera ateratzea ere. Baina, bestalde, badakite zer diren ere publikoarekin konektatzea, haren txaloen berotasuna eta oholtzan pilatzen den emozioa. Maiz bat egiten duten arren, bi aldeak ditu antzerkiak: oihalaren alde batera agerian dagoena bata, eta oihalaren atzealdean ezkutatzen dena bestea. Biei barrutik begiratu nahi izan die BERRIAk, antzerkiaren nazioarteko egunaren bezperetan. Bost datu mahai gainean jarrita, haien inguruan beren gogoetak partekatu dituzte antzerki munduko lau lagunek: Agus Perezarte eszenikoetako BERRIAko kritikariak (Bilbo, 1954); Itziar EliasEHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko koordinatzaile eta aktoreak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1980); Oier Guillan idazle eta antzerkilariak (Donostia, 1975); eta Manex Fuchs Le Petit Theatre de Pain konpainiako kideak (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1975).

%44

LANGABEZIA TASA ANTZERKI AKTOREEN ARTEAN

Sortzaileen lan baldintzen inguruko azterketa egin zuen iaz Aisge interpreteen jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituen elkarteak, eta, besteak beste, honako datu hau utzi zuen lanak: euskal interpreteen gehiengoak (%58) ez du lanik aurkitzen bere arloan. Ikus-entzunezkoen, bikoizketaren eta antzerkiaren arloak aztertu zituzten, eta antzerkian aritzen diren aktoreen langabezia tasa %44koa dela ondorioztatu. Hala, aktore lanbideaz bestelakoetara jo behar izaten dute askok bizimodua aurrera ateratzeko. Eta, sektorean jarduteko aukera dutenetan, sarri aritzen dira baldintza prekarioetan.

Datuak ez ditu harritu elkarrizketatuak. «Guretzat, errealitate krudela da, lanbidean gabiltzanok oso barneratuta daukaguna», dio Itziar Eliasek. Oier Guillanen ustez, «prekaritatearena kezka bizia da» sektoreko langileen artean. «Babesgabetasuna erabatekoa da, ez dago arte eszenikoetako langileen —ez soilik aktoreen— egoera erregulatzeko instituzio publikoen planik, eta ez dago kulturari sozialki balioa emateko eta jendartean betetzen duen papera prestigiatzeko plan estrategikorik, are gutxiago euskaraz». Hala, Guillanen hitzetan, sortzaileen esku geratzen dira «autobabes eta biziraupen ahaleginak, gorputzak aguantatzen duen bitartean, eta horrek beti dauka muga bat».

Ipar Euskal Herrian, egoera ezberdina dela uste dute biek. Elias: «Gizarteak hemen ofizioaz duen ikuspegiari ere begiratuko nioke, askotan ez delako lanbide bezala ikusten, eta uste dut kulturala dela. Ipar Euskal Herrira joatea besterik ez duzu gizartearen ikuspegia zer desberdina den ohartzeko; oso desberdina da lanbidearekiko errespetua, baita lanbidea duin mantentzeko laguntzak ere». Guillanen iritziz, egoera horrek, gainera, beste prekaritate mota bat dakar: prekaritate ideologikoa. «Hego Euskal Herria Espainiako kultur sistemaren ereduaren menpe dago, kultur balioetan oso pobrea den eredua. Kultur enpresen jardunari ematen zaio balioa, proiektuen etekin komertziala; ekimen enpresarialak laguntzen dira, eta ez sortzaileen ekimenak. Nire uste apalean, urgentzia handia dago eredu hori gainditzeko, eta Euskal Herriko arte eszenikoen eta, oro har, kulturaren errealitatea aintzat hartzen duen eredu propio bat sortzeko». Adibidetzat jarri du beste herrialde batzuetan konpainiak kultur elkarteak izatea bilatzen dela, eta ez enpresak. «Agian egon behar lirateke kultur enpresak ere? Ez dakit, oraintxe ez naiz ausartzen ezezkoa esaten, baina argi daukadana da eredu horrek ezin duela izan lehentasuna, sortzaileak lagundu behar direla eta ez enpresak, eta hori bat datorrela lan baldintzak duintzearekin. Kultur proiektuetan arriskuak hartzeko, ikertzeko, esperimentatzeko eta lengoaia berritzaileak topatzeko orduan —edota euskara hutsean lan egiteko orduan—, enpresari loturiko mentalitate horrek arazoak besterik ez ditu ekartzen».

Muga administratiboaren bestaldeko ikuspegia eman du Fuchsek, eta intermitentzia deritzon sistemari esker, egoera ezberdina dela azaldu: «Hemen, aktore guztiak, berez, langabetuak gara; pagatuak gara antzerkia ematen dugun egunean —behar ditugu urtean, demagun, 50 bat kontratu pagatuak—, eta pagatuak ez garen beste egun horietan, ia guztietan, badugu langabezia kutxatik ematen zaigun indemnizazio moduko bat». Hartara, egoera desberdina dela bai, baina debateak beti «bi edo hiru aurpegi» dituela ohartarazi du. «Erran nezake lortu den langabezia sistema horri esker bizitzeko aukera erosoagoak ditugula; konparatzen baldin badut nire egoera Ander Lipus lagunarekin, erosoagoa zait sistemaren aldetik». Aldiz, Ipar Euskal Herriko aktore euskaldun gisa, bestelakoa da Fuchsen egoera. «Euskaraz %100ean aritzeko beharbada ez da hain erraza Iparraldetik; itxarongo banu euskaraz emango lizkidaketen paperak oro har Euskal Herrian, zailtasun gehiago nituzke Ander Lipusek baino; nork emango dio Iparraldeko bati paper bat, ez bada paper oso jakina edo oso berezitua edo ez bada Iparraldekoarena egiteko? Gutxik».

23

IAZ ESTREINATUTAKO EUSKARAZKO ANTZERKI OBRAK

Perezen eta Lali Marimonen artxibategitik heldu da datua orriotara: iaz, euskarazko 23 antzezlan estreinatu ziren Euskal Herriko agertokietan, talde amateurrek taularatutakoak zenbatu gabe—horiek aintzat hartuz gero, nabarmen handiagoa litzateke zenbaki hori—. Kontutan hartu behar da, halaber, lan horietatik hainbatek beste bertsio bat izan zutela erdaraz —gazteleraz gehienek—.

Eliasek goranzko joera ikusten du obra kopuruari dagokionez, «nabarmena», gainera. «Uste dut, zorionez, geure sormen lana emankor dagoela, hau da, bertako jendeak bertatik kontatu nahi hori oholtzara eramaten ari garela, eta hori gero eta nabarmenagoa dela azken urteetan». Beste lan batzuen bertsioak egiteko joera bazter uzten eta obra berriak sortzen ari dira konpainiak, haren ustez. «Geure tripetara begira ari gara sortzaileak, benetan geure tripetatik ateratzen dena, kontatu nahi hori, oholtzara eramaten». Bat dator Perez goranzko joera hori nabarmena dela esatean. Are gehiago: «Igual ari gara ailegatzen muga batera; hori baino gehiago ezin da ekoiztu gure tamainako herri batean. Aurtengo denboraldian, behintzat, leherketa bat izaten ari da; azken bost-lau-hiru urteotan esponentzialki ari da igotzen antzezlanen agerpena. Muga batera heldu garela uste dut, edo gainditu dugula ja; panorama kolapsatua dago une honetan». Ladydi García obra jarri du horren adibide; orain izango du bigarren emanaldia, eta iazko otsailean estreinatu zuen Ados teatroak. «Antzokien datak eta programatzaileen agendak hain daude beteta, ez dago lekurik».

Baina batzuk ere ikusten dituzte, Guillanek esaterako: «Nik beti eduki dut irudipena urtero euskaraz estreinatzen denaren argazki orokorra uste duguna baino askotarikoagoa, konplexuagoa eta interesgarriagoa dela. Arazoa da amildegi handi bat dagoela publikoarekiko, komunikazio mailan eta programatua izateko orduan. Publikoak, oro har, estreinatzen denaren %10aren berri izango du, oso-oso zalea ez bada behintzat». Horren zergatien atzean, hainbat bururatzen zaizkio: sortzaileek beren lana gizarteratzen edo interesa pizten ez asmatzea izan liteke bat, baina baita proiektuak zabaltzeko eta sortzaileen lanari balioa emateko kultur politiken gabezia ere. «Batean zein bestean badaude ahaleginak, baina oso indibidualak edo oso talde txikietan egiten direnak». Beste nonbait ikusten du baina hori Fuchsek. «Suposatzen dut zenbaki ona izango dela aurreko urteei konparatuta. Gero, zer erran nahi duen erlatiboa da. Bilan ustez positiboa eman dezake zenbakia huts-hutsean begiratuta, baina... 23 horietatik, bi bertsioetan emandakoak barne izanik, zenbat landuak izan dira benetan euskaraz? Galdera beste modu batera eginda, zein da bietarik lehen eman dena? 23 horietatik, nire ustez, askoz txikiagoa litzateke kopuru hori».

Eliasen ustez, «konpainia txikiak» izaten dira normalean euskara hutsez aritzeko hautua egiten dutenak. Eta, hain zuzen, bide horretan egon liteke, Perezen ustez, gorakadaren zergatia. «Euskara hutsezko eremua eta euskara eta gaztelania partekatzen dituen eremua gero eta gehiago ari dira desberdintzen, esparru ezberdinak ari dira hartzen, eta horrek esplikatuko luke hazkunde astronomiko hau; hau da, berez nahiko hazita zegoen panorama horri gehitu zaio azken hamar urteotan euskara hutsezko eremuaren birsortzea —edo sorrera garaikidea, hutsetik ez delako jaio— eta horrek eduki duen eboluzio zoragarria, bai alde artistikoan eta bai ikusleen onarpenean». Bide hori izugarri handitu dela uste du kritikariak, «aberastasun handiarekin, gainera, hainbat talde elkarlanean arituta, bakoitzak bere nortasuna izanik ere auzolanari uko egin gabe, eta ez bakarrik gazteekin, baizik eta edozein adinetako publikoekin kontaktatzeko gaitasuna eta naturaltasuna» erakutsiz gainera.

5+2

IAZ PUBLIKATUTAKO EUSKARAZKO ANTZEZLANAK

Maiz esaten da antzerki testu gutxi publikatzen dela. Aurreko urteekin alderatuta, baina, argitaratutako euskarazko antzerki lanen kopuruak nabarmen egin zuen gora iaz. Bost antzezlan liburu kaleratu ziren: Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak (EDO); Oier Guillanen Mr. Señora (Txalaparta); Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak (EHAZE); Luis Elizetxearen Argiaren hautsa (Antzerkiaren alorreko Donostia Hiriko Kutxa saria); eta Xabier Leteren Gabon Txirrita (Aztarna). Horiez gain, beste bi lan plazaratu zituen Erlea aldizkariak, antzerkiari eskainitako 10. zenbakian: Patxo Telleriaren Spray (korapiloa)Planteamendua, korapiloa eta desenlazea antzezlanaren zati bat dena—, eta Aizpea Goenagaren Omenaldia pieza laburra.

Normala iruditzen zaio gorakada hori Eliasi, aurreko ideiari lotzen baitio, «joera horri, nor bere sorkuntza bideratzen eta bere tripetara begiratzen hasteari». Publikoan sumatu duen gorakadarekin lotzen du datua Fuchsek. «Antzerki talde gisa, gure antzerkiekin bederen, ikusten dugu publikoaren eskaera handiago bat urtez urte». Ipar Euskal Herrian, profesionalizazioaren ondorioz, kontrako joera sumatzen du, ordea. «Baina Hegoaldean publikoaren eskaera emendatuz doa, gosea handituz doa. Jendea badago lan egiteko, eta publikoaren aldetik eskaera, hortaz, suposatzen dut zenbaki hori aurreko urteekiko emendatze bat badela, baina emendatze horren atarian baizik ez gaudela. Beharra handituko da; horren konfiantza badut».

Aldaketa bat sumatu du Perezek. «Idazle batek testu bat sortzea eta gero zuzendari batek hartzea, oso molde konbentzionala da, XIX. mendeko moldea, orain arte iraun duena». Publikaturiko lan gehienak, ordea,«sortze prozesutik bertatik, prozesu komunitario batetik» sorturiko testuak izan direla nabarmendu du, Guillanenak adibidetzat jarrita. «Idazlea prozesuaren parte da, ez du idazten bere etxeko bakardadean». Guillan bera ere «paradigma aldaketaz» mintzo da teatro-argitalpengintzan, antzezlanak ulertzeko, sortzeko eta taularatzeari begira. «Antzerkia literatur genero baten gisa ulertua izan da luzez. Nire ustez, XX. mendean, mundu osoan paradigma aldaketa bat eman da, eta oraindik ere bizirik dago eztabaida. Gaur egun testua sakralizatzen duen literatur idazketa antzerkia idazteko modu posible guztien artean bat gehiago besterik ez da. Zaindu beharrekoa, baina bat gehiago. Eta gaur egun liburu batek benetan antzerkizaleekin (eta irakurzaleekin) konektatu nahi badu, nire uste apalean, beste idazketa mota horiei ere erreparatu behar die».

Testuen argitalpenean EHAZEk hasitako bidea txalotu du Guillanek. «Material asko dago publikatu gabe euskaraz, altxor ikaragarria, literaturatik harago begiratzen asmatuz gero». Hain zuzen, «hutsuneaz» ohartarazi du Eliasek: «Oholtza gainean, antzerkia jaiotzen da eta hiltzen da; bizi bat du, eta bizi hori amaitzean ez baldin bada liburu batean argitaratu, oroitzapenean galtzen da. Pena handia ematen dit, egun lan asko ikusten baititut esanguratsuak, eta horiek datozen gazteek edo aktoreek ezingo dituzte jaso. Nik neuk faltan sumatzen ditut nire aurrekoek egindako lanak; ez baditut oholtzan ikusi, galdu ditut, galdu dut bide bat. Euskal antzerkian dugun erronka handi bat da dokumentazio sail duin bat egitea eta gauzak jasotzea».

29

DANTZERTI ESKOLAKO IKASLE KOPURUA GAUR EGUN

Euskal Herrian, Dantzerti da arte eszenikoen ikasketetan titulazio bat eskaintzen duen eskola bakarra. 2015eko udazkenean ireki zituen ateak Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Mailako eskolak, eta, beraz, bigarren ikasturtean murgilduta dabil. Antzerkiaren adarrean, hamabost ikaslerekin hasi zuen ibilbidea, eta beste horrenbeste hartu ditu 2016-2017 ikasturtean ere; 29 ikaslek jarraitzen dute han orain aktore eskolak jasotzen. Ibilbide luzeagoa du Nafarroako Antzerki Eskolak, gisako titulaziorik eskaintzen ez badu ere. 1985-1986ko ikasturtetik ari da adin eta interes desberdineko herritarrei arte dramatikoko eskolak, antzerki tekniken hastapenei buruzkoak, udako ikastaroak, mintegiak eta bestelakoak eskaintzen; gehienetan, Iruñeko egoitzatik at, eskoletan. 2016-2017ko ikasturtean, orotara, 2.730 lagun ari dira haren eskutik prestakuntza jasotzen, eta urteotan antzeko kopuruak izan dituzte. Ipar Euskal Herrian, berriz, ez da antzerki eskola ofizialik, baina bai ibilbide luzea egina duen bat: Donibane Garaziko lizeo publikoko euskal antzerki tailerrak 21 urtez iraun du, Antton Luku irakasle, idazle eta ikerlaria taula zuzendari izanik. Iazko irailean erretiroa hartu zuen, eta jada ez da euskarazko talderik. Urteotan, 200 bat ikaslek antzerkia ikasgai izan dute, eta 22 obra eta beste hamar libertimendu taularatu dituzte. Hiru eskola horiei Euskal Herri osoko herri eta auzoetakoak batu behar zaizkie.

Zer eta nola irakasten den, hori da gakoa Guillanentzat, eta hainbat gunek «beste lengoaia batzuk belaunaldi berriei ekartze aldera, euskal tradizioa testuinguru garaikide batean kokatze aldera, eta harreman sareak sortze aldera» egiten duten lana txalotu du. «Nire ustez, eskolek helburu horietan jarri beharko lukete lehentasuna, eta ez tituluetan edo matrikulazio kantitateetan». Era berean, Lukuren ekarpena nabarmendu du Fuchsek, euskara eta euskal kulturaren transmisioari begira «alimaleko lana» egin duela iritzita. «Transmisio hori funtsezkoa zait, antzerkia euskaraz transmititzearekin jada hizkuntza bera transmititzen baita, maila askotan. Antzerkia ez da literatura, ahozkotasunari lotua den ekintza soziala da, beraz, euskaraz gero eta gehiago formatzearen aldekoa naiz».

Euskal antzerkiarentzat «funtsezko lana» egiten duten arren, eskoletako irakasleen lan baldintzak eskasak direla salatu du, berriz, Eliasek. «Eskola txiki horiek inurri lana egiten dute, lan bikaina, eta baldintza penagarriak dituzte askotan. Funtsezkoa da euskal antzerkiarentzat egiten duten lana, katearen oso alde garrantzitsua dira, antzerkia tripetatik erakusten dutelako, eta errespetua, afizioa eta antzerkia ikusteko grina lantzen dituztelako».

42

EMANALDI KOPURUAZ ADIBIDE BAT: 'FRANCOREN BILOBARI GUTUNA' ANTZEZLANA

Izaten dira, tarteka, emanaldi kopuru esanguratsua pilatzen duten antzezlanak. Oraintsukoen artean, ibilbide oparoa izaten ari da Francoren bilobari gutuna antzezlana. Joan den urteko urrian estreinatu zuten Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak, eta 42 emanaldi egin dituzte orain arte. Ekaina bitarte, 60 inguru ere izango dira. Taldeen arteko elkarlana nabarmendu dute bai Perezek bai Eliasek. Perez: «Auzolana eta izpiritu komunitario oso nabarmena dituzte, eta hori sentitu egiten da. Edozein adinetakoekin konektatzen dute gainera». Elias: «Hiru konpainia oso indartsu dira, antzerkia egiteko modu berritzaileak erakutsi dizkigute, beti daude prest barrutik gauzak erakusteko, eta konpromiso handia dute euskal antzerkiarekin». Zoritxarrez, beste konpainia askok ez dutela halako saio kopururik lortzen dio EHAZEko kideak.

Guillanen iritzian, 40-45 emanaldi artean egon daiteke euskarazko formatu ertain-handiko lanen bizi itxaropena, baina formatu txikiko hainbat lanek kopuru hori gainditzen dutela dio. «Norbaitek idatzi beharko luke noizbait formatu txikiko euskal teatroaren historia; datu argigarriak aterako lirateke». Haren ustez, aniztasuna «ezinbestekoa» du arte eszenikoen paisaiak: «Emanaldi asko lortzen dituzten lanak zaintzea bezain garrantzitsua da arrisku kreatiboak hartzen dituzten lanei ibilbide minimo bat bermatzea, eta jendeak jakitea batzuk zein besteak existitzen direla. Segur aski euskal kulturaz denok dugun ustea zabaltzen lagunduko luke horrek».

Hiru taldeek elkarrekin ondutako aurreko lanetan ere —Errautsak eta Hamlet— 45 emanaldi inguru egin zituzten, eta emendatze bat izan dela dio obran aktore lanetan dabilen Fuchsek. Zergatien artean, adin guztietan publikoaren gorakada aipatzen du. «Nahi nuke sinetsi egoera orokor baten seinale positiboa dela eta antzerkia euskaraz egitea ekonomikoki gero eta bizigarriagoa dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.