Gora Iruñea plataformak uztailaren 4an manifestazioa egingo du Iruñeko Udalaren jarrera salatzeko. Pasa den astelehenean Udaleko osoko bilkuran plataforma horri sanferminetan Takonerako gunea ez uztea erabaki zuten, UPNren arabera "ekintza politikoak" egiteko erabiltzen dutelako. Hasiera batean bilkura horretan Gora Iruñeari Takonera uzteko mozioa aurrera ateratzea espero zen, baina PSNk azken unean bere aldetik mozio bat aurkeztu zuen.
Izan ere, Gora Iruñeak Takoneran gunea izateko NaBaik mozioa aurkeztu zuen, PSNk eta ANVk babestea espero zen hori. Modu horretara gehiengoa lortuko zuten eta eskaera aurrera aterako zen. Baina, azkenean, PSNk bere aldetik beste mozio bat aurkeztu zuen eta horretan Gora Iruñeari Takonera uztearen aldeko agertu zen betiere talde horrek "terrorismoa gaitzesten badu".
Gora Iruñeak adierazi du ez dela "terrorismoa kondenatu ala ez bezalako eztabaida politikoetan sartuko", eta soilik arazo kulturaletaz kezkatzen dela. PSNri Takonerako gunea Gora Iruñeari uzteko asmoa "babesteko" eskatu die, "bestela herritarrei festarako gunea ukatzen ari direlako".
"UPNk jai elitisten eta pribatuen alde egiten du, eta horrek iruindarrak eta haien kultura kanpoan uzten ditu. Gu jai pluralen aldekoak gara", adierazi dute plataformako ordezkariek. Hala ere, Takonerako gunea uzten ez badiete ere, sanferminetan Iruñeko kaleetan izango direla nabarmendu dute.
6:00etan itxi beharko dituzte tabernak
Iruñeko Udalak gaur jakinarazi du sanferminetan tabernak, jatetxeak, ikuskizun kafeak eta bingo aretoak 6:00etan itxi beharko dituztela. Lizentzia berezia duten eremuetan ere ordu muga hori errespetatu beharko dute.
Diskotekak, berriz, 7:00ak arte irekita egon daitezkeela baimendu du Udalak.
festak
Gora Iruñea plataformak uztailaren 4an manifestazioa egingo du, Udalaren jarrera salatzeko
Udalak Takonerako gunea ukatu dio plataforma horri. Bestalde, San Ferminetan taberna guztiak 6:00etan ixteko agindu dute eta diskotekak 7:00ak arte irekita egon ahal izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu