Alberto Lizarralde. Musikaria

«Goraipatzekoa da euskal musika galdua kaleratzea»

1980ko eta 1990eko hamarkadan Alberto Lizarraldek egindako grabazio esperimentalak bildu eta disko batean argitaratu ditu Hegoa Diskak zigiluak.

ANTTON ITURBE.
Antton Iturbe.
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hegoa Diskak-ek euskal musikaren altxor ezkutu berri bat atera du lurpetik berriz ere: Haizetxe, Alberto Lizarraldek 1980ko hamarkadan egin eta argitaratu gabeko grabaketa esperimentalen aukeraketa ederra. Lizarralde ibilbide luze, oparo eta askotarikoko artista, ekoizle eta editore donostiarra da. Kolaboratzaile eta lagun izan dituen Mikel Laboa, Joxean Artze edota Amaia Zubiria bezain ezaguna ez den arren, haien obra askoren atzean izan da.

Nolakoa izan zen diskoaren sortze prozesua Mikel Acosta Hegoa Diskak-eko arduradunarekin?

Mikel Facebooken bidez jarri zen nirekin harremanetan. Soundclouden igoa nuen musika entzun zuela kontatu zidan, eta galdetu ea argitaratu gabeko materialik ba ote nuen. Disko gogorretan bilatu, eta izenbururik gabeko grabaketen artean soinu onargarria zutenen arteko aukeraketa bat atonduko niola esan nion. Entzun bezain pronto, diskoa editatzeko aukera planteatu zidan. Pasatu nizkion abestiek ez zuten data zehatzik; 80ko hamarkadaren erdialdearen eta 90eko hamarkadaren hasieraren artean kokatuko nituzke. Hortik aurrera, doinuak lantzen jarraitu nuen, baina gero eta modu esporadikoagoan.

Nola sortu zenituen kantuok?

Mikelek izugarrizko lana egin du aukeraketan. Nik 60-70 grabaketa pasatu nizkion; nolabait, eredu musikal jakin baten inguruan lantzen nituen ikerketa moduko saioak. Adibidez, saio horien bidez, Laurie Andersonen, nire erreferentzia nagusietako baten, soinu eta egituretara gerturatzen saiatzen nintzen. Beste batzuetan, Brian Eno izan zitekeen, haren musikaren ehundurak. SPK taldeko Graeme Revell —haren Songs of Byzanthine Flowers diskoa—, Michael Portal, George Russell... Laburrean, ez nuen disko bat egiteko asmorik. Nire bururako eraikitzen nituen sormen guneak baino ez ziren grabaketa haiek.

Zeintzuk dira zure lehen oroitzapen musikalak?

Musikaz inguratuta hazi nintzen. Aita Donostiako Orfeoiko partaidea zen; nire arreba Beatles eta garaiko abeslari frantsesen musikan sartzen hasia zen. Dena den, erabateko mugarria Donostiako Jazzaldian ikusi nuen lehen kontzertua da: John Lee Hooker. Nahiz eta tutik ulertu ez, haren gitarrak aho bete hortz utzi ninduen.

15 urterekin hasi nintzen gitarra jotzen, Bob Dylan, Simon eta Garfunkel, Cat Stevens eta blues doinu pila bat joz. Ez nuen musikari profesional bilakatzeko asmorik, baina lagun batzuek taldetxo bat egitea erabaki genuen. Hala ere, nire interesak politikanzeuden. Kuba eta Nikaraguako borrokan murgilduta, bertan bizi izan nintzen hilabete batzuez. Garai hartan, Amaia Zubiriaren laguna nintzen. Haizearen bigarren etapan ezagutu nuen, eta behin, taberna bateko terrazan ginela, lagun batek galdetu zigun zergatik ez genuen egiten talde bat bion artean. Batak besteari begiratu, eta «zergatik ez?», pentsatu genuen. Juana Agurain kolektiboa sortu genuen. Hor hasi nintzen abestiak konposatzen eta egokitzen, baina maila teorikoan ez nekien ezer. Guztiz autodidakta naiz.

Zure bizitzan gitarratik teklatu elektroniko eta sintetizadoreen mundura jauzi egiten duzun une bat egon behar du...

Une horiek denboran kokatzeko, niretzat garrantzitsuak ziren diskoak erabiltzen ditut. Horietako bat Paul Hornen Inside 2 izan zen. Disko batean eremuko grabaketak entzuten nituen estreinako aldia izan zen. AEBetako mendebaldeko saxofonista bat da, oso soinu garbia du; une batean, gerora new age deitu zitzaion musikarekin esperimentatzen hasi zen, eta emaitza txundigarriak lortu. Beste mugarri bat Madrilen izan zen, handik gutxira. Ana Benegas eta Iñaki Salvadorrekin jotzera joan nintzen, eta, aretoko nagusiarekin hitz egiten ari ginela, DJarengana korrika joan nintzen entzuten ari ginen musikaz galdetzera. «Laurie Anderson, Mister Heartbreak», esan zidan, eta nik hau pentsatu nuen: «Ados, musika hau behar dut».

Entzule gehienek rock gogorragora jotzen zutenez garaian, era honetako musika delikatuak arbuiatua izateko arriskua izan zezakeen. Horrek bultzatu zituen kaxoi batean gordetzera?

Ez. 1988an, Jazzle diskoetxea eta Musika Garaikideko Eskola sortu, eta klaseak ematen hasi ginen. Militantziak ere dedikazioa eskatzen zidan. Gauza pila bat ari ziren gertatzen nire bizitzan, eta musika egitea, are gehiago argitaratzea (beti ilusioa egin didan arren) ez zen nire lehentasuna. Gustura egingo nukeen, hainbatek animatu ninduten, baina ez nuen aurrera egin. Musika argitaratzea ere ez zen gaur bezain erraza.

Zer deritzozu Mikel Acosta Hegoan egiten ari den lanari?

Zoragarria deritzot. Londresen bizita horrelako proiektu batean murgiltzea erabaki duen pertsona batekin topo egitea ikaragarria izan da niretzat. Euskal musika ia galdua argitaratzea eta berriz ere nazioartean jartzea benetan goraipatzekoa da. Haizetxe mundu osoko webgune eta dendetan salgai dago, eta dagoeneko sold out horietako hainbatetan. Bigarren edizioa prestatzen ari dira, eta bilduma berri bat argitaratzeko aukera ere aztertzen ari gara. Sorpresa ikaragarria izan da niretzat.

Are gehiago, oso kritika onak jaso ditu diskoak.

Hori ere beste sorpresa eder bat izan da, irismena eta feedback positiboa. Lehen, kasete bat egiten zenuen; bost laguni pasatu, eta hor geratzen zen. Baina, bat-batean, musika Soundclouden jartzen duzu, eta munduko edozein tokitatik entzuten dute. Are gehiago, kopuru hori pixkanaka handituz doa, eta miresten dituzun musikariak zurekin harremanetan jartzen hasten dira. Sinestezina egiten zait. Feedback hori oso garrantzitsua da niretzat. Mikelen lanari esker, tirada mugatuko disko bat oso zabalduta dago.

Nahitaezkoa da Joxean Artze aipatzea. Oso presente egon da egin duzunaren zati handi batean. Miresmena eta bion arteko adiskidetasuna sumatzen dira.

Bai, biak. Joxean deskubritzea John Lee Hookerren antzeko flasha da nire bizitzan. 17-18 bat urte izango nituen, eta aurretik Laboa eta Jexuxek [Artze] zuzenean egindako Ikimilikiliklik entzuna nuen. Horri esker, Joxeanen Hitzez eta Hotsez obraren aurkezpenera joan nintzen EUTGra, nire Grundig irrati kasete erraldoiarekin. Joxeanen lehen ikuskizuna zen, eta soinu koadrafonikoz egina zegoen; tipo batek Revox erreproduzitzaile batez delay efektuak egiten zituen, proiekzio bisualak erabili... Ondoren, bere Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona (1988) disko zoragarriaren soinu erreferentzia iritsi zitzaidan. Oihana Auhenka-ren ediziotik aurrera bere inguruan egin ditudan hainbat lan Ikimilikiliklik JA Artzeren Unibertsoa instalazioan eta San Telmon bera hil ondoren egindako omenaldian bateratzen dira.

Liburu editore ere jardun duzu, 3e Argitalpenak-en, Artzeren beraren liburuak editatuz, gainera.

Ikimilikiliklik-en grabaketari berrekin genionean, edizioa Joxeanen testuekin batera egiteko asmoa genuen. Ez ziguten baimenik eman, baina, egindako lan hari guztiari esker, haren testu argitaragabeen edizioa egin ahal izan genuen. Benetan, sortzaile handia da niretzat. Idazle eta txalapartaritzat hartzen da normalean. Eta nik diot: «Ez, Joxean Artze idazlea, txalapartaria, eta multimediatzat har daitezkeen ikuskizunen sortzailea da». Ikuskizun erabat multimediak ziren harenak, eta baliabide gutxirekin egindakoak. Zorrotzak, baina izugarri sortzaileak. Normalean aipatzen ez den beste alderdi miresgarri bat ere bazuen: soinu-sortzaile artistikoarena. Plazaratu zituen bi diskoak poesia hutsezkoak direla uste dute gehienek. Eta ez, edo ez soilik. Munduko testuinguru batera eramanda, spoken word estiloan sailkatu beharko genituzke. Bere hitzak, eremuko grabaketak eta era guztietako soinu bitxiak benetako artista baten modura nahastu eta moldatzen ditu.

Elkarrizketa osoa helbide honetan dago irakurgai:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.