Gorantz erori eta ozen abestu

Elorrioko Antton taldeak Gorantz erori lehen diskoa kaleratu du, pop eta rock musika nahastuta

Lander Iraola, Antton Uriarte eta Rami Unzeta. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Elorrioko Lor taldearen errautsetatik sortu da Antton. Abeslariaren izena hartu badute ere, talde egitasmoa da. Antton Uriarte da taldeko kantaria eta berben egilea, Lor taldeko Lander Irazola gitarrista eta ahotsa, Rami Unzeta bateria jotzailea, Mikel Nuñez teklatu jotzailea eta Txaber San Pedro baxu jotzailea. Uriarteren ahots sakona Lor taldeko kide ohien rock astinduekin uztartuz, power pop doinuak gailentzen dira taldean.

Abesti guztiak diskoari izena ematen dion Gorantz erori (Baga-Biga) kantarekin lotuta daude. Lege fisikoari aurre egin, Newtonen teoria hankaz gora jarri, eta gorantz erortzea erabaki du taldeak. «Guk tente erortzearen zentzua eman nahi izan diogu», nabarmendu du taldeko abeslariak. «Bostak lagunak gara, eta zortea dugu gustatzen zaiguna egiten ari garelako». Aldi berean, gorantz erortzea altxatzearekin lotuta dagoela azaldu du Uriartek: «Guk uste dugu gora egiteko, lehenengo jausi beharra dagoela. Beti goian mantendu gura dugu, konturatu barik behera jausi behar dela gorantz egiteko, altxatzeko». Kontraesan horiekin jokatu du taldeak. «Geu ere sarri geure burua gezurtatzen dugu» .

Barneko doinuak

Hitz gehienak sortu eta abestu Uriartek berak egin ditu, baina sormen lan horretan zenbait kolaborazio izan dituzte. Ohe hutsegiak kantuan Zea Mays taldeko Aiora Renteriak abestu du. Hartu arnasa abestiari Sustrai Colina bertsolariak jarri dizkio hitzak. Bestalde, Maitasuna ixil ixilik Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Endika Zarrabeitiaren bertsoetan oinarrituta dago.

Gorantz erori diskoko abestiakteklatuaren erritmora hasten dira, «gozo-gozo jaio eta intentsitate handiagoaz bukatu, eztandabat balitz bezala», Baga-Biga ekoizpen etxeko Ritxi Aizpururen arabera. Edukiari dagokionez, kantu batzuk intimoagoak dira, eta beste batzuk kritikoagoak. «Gogoeta pertsonalak sartu ditugu, eta une oro jausteko eta altxatzeko jarrera azpimarratzen dugu», azaldu du Uriartek.

Unzeta bateria jotzaileak gaineratu du baladarik ez dagoela:«Kantu epikoak dira, ukitu eztiz hasi eta indarra hartzean eztanda egin eta hustu egiten direnak». Abenduaren 23an Gernikako gaztetxean zuzenean joko du taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.