Gordin eta fresko, M taldea

Hirugarren lana argitaratuta, laugarrena grabatzeari ekin dio M taldeak Bergarako baserriko estudioan

Hirugarren diskoa aterata, laugarrena egiten ari da M taldea. BERRIA.
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irailean jarri zuen M taldeak Etzaik lurra oinetara alleatzen...!!! hirugarren diskoa www.mmusikak.com webgunean, eta hor eska daitezke kopiak nahi izanez gero. Musika gordina eta bat-batekoa egiten dutela diote, horrek freskotasuna ematen diolako. Laugarrena grabatzen ari dira dagoeneko, Elosuko (Bergara) baserri batean daukaten estudio txikian, Manolo Aizbitarte gitarrista eta abeslariak (Azpeitia, 1963) azaldu duenez. Izan ere, 2011. urtearen bukaerarako bazeukaten grabatua, baina «hoztu» egin zen kontua, abesti gehiago egiten segitu baitzuten. 2012ko irailean atera zuten diskoa, eta laugarrenerako kantuak egiteari ekin segidan. «Maiatzerako espero dugu, ekainerako gehien jota».

2008an elkartu zen Aizbitarte Iñigo Zubeldia bateria jotzailearekin eta Unai Zubeldia Atxuiya baxu jotzaile eta abeslariarekin. Jotakie taldean aritutakoa da Aizbitarte, eta Atxuyarekin Messias Berriak taldean jardun zuen. Musika zaletasuna ez ezik, taldean jarduteko filosofia ere konpartitzen dute: «Larrua jotzeko soilik elkartzen diren lagunak dauden moduan, musika jotzeko lagunak elkartzen gara. Horretarako elkartzen gara; horrela, haserretzeko astirik ere ez daukagu». Bat-batekotasuna hobesten dute konposatzeko: osatu abestia, grabatu lehendabizikoan eta gehiago egin. «Jo, grabatu, eta ez dugu gehiago errepikatzen. Egiten disfrutatzen dugu». Musika egiteko bi modu daude, haren aburuz: «Sormenaren arabera, hartu eta egin egin daiteke, edo egindako hori lantzen hasi. Asko landuz gero, oso mekaniko bihur daiteke. Gure moduak fresko eta indarrez egiteko bidea ematen du».

Modu horretan ekoitziz musika, batzuetan beraiek ere «harritu» egiten dira lortzen dutenarekin: «Disfrutatu nahi dugu, ez daukagu konpromisorik. Ez diogu inori erakutsi behar zein onak edo zein txarrak garen». Baserri-rocka gisa definitzen du estiloa Aizbitartek. «Oso efektu gutxi erabiltzen ditugu, ez oihartzunik ez delay-rik. Distortsioa dauka, eta kito; baita ahots gordinak ere». 70eko hamarkadako diskoen tankera hartzen du horrela euren lanak: «Berezko soinua errespetatuta. Oraingo diskoak estudioan oso landuta daude; bestelakoa da gure filosofia».

Atxuiya da hitzak egiten dituena. «Hitzak etorri bezala botatzen ditu. Gai gazteak direla? Pozik egongo litzake hori entzunda». Sexua, droga kontuak, maitasuna eta etorkizun beltza dira jorratu dituzten gaietako batzuk. «Hitzak basatiak dira, botaka egitea bezalakoak». Euskara «sasiazpeitiarrez» idatzita daude, gitarristak azaldu duenez: «Hasieran egin genituen saioak batuan jarduteko, baina graziaren erdia galtzen zuten... Horrela laga ditugu hori errespetatzeko. Eta euskara hutsean beti, hori bai».

Lantzean behin elkartu arren entsegutarako, hiruzpalau egunetan disko erdia osa dezaketela dio Aizbitartek. Laugarrena atera orduko bosgarrenerako kantuak egiteari ekingo diotela nabarmendu du: «Denbora falta zaigu». Halere, udan jotzeko asmoa dute, zuzenean jotzen «abestiak egiten beste» gozatzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.