Dantza

Gorka Duran eta Alberto Sagardia sarituko dituzte gaur, Donostian, Dantzaren Nazioarteko Eguneko galan

Dantza estiloen sorta zabala erakutsi, eta bertako dantzari eta taldeen lana nabarmenduko dute Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak antolatutako ekitaldian, Viktoria Eugenia antzokian.

Cristina Casak eta Jon Agirretxek parte hartuko dute gaurko galan, besteak beste. DONOSTIA KULTURA
Gaurko galan Cristina Casak eta Jon Agirretxek parte hartuko dute, besteak beste. DONOSTIA KULTURA
Ainhoa Sarasola.
2025eko maiatzaren 4a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXVIII. gala hartuko du gaur. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak 1997tik antolatzen du ekitaldi hori, eta, urtero bezala, dantza estilo ugari erakusteaz gain, bertako dantzari eta konpainien lana nabarmenduko du aurten ere. Elkarteak, halaber, Gorka Duran dantzaria eta Alberto Sagardia pianista sarituko ditu ekitaldian. 

Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatu dute gala, eta, beste urte batez, bi saio izango dira: 12:00etan bata eta 19:00etan bestea. Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute aurten: Jon Agirretxek, Cristina Casak, Alejandro Polok, Gaizka Moralesek, Mikel Aranak eta Uikan Dantza konpainiak, baita Madrilgo Dantza Profesionaleko Mariemma Errege Kontserbatorioak ere. 

Galan bertan jasoko dituzte sariak Duranek eta Sagardiak. Dantzari hasiberri onenaren aitortza emango diote Durani; Oinkari dantza taldean hasi zuen ibilbidea, hainbat eskola eta taldetan trebatu zen gero, eta Alemanian dabil iaztik, Wiesbadeneko Hessisches Staatsballett konpainian. Sagardiari, berriz, aipamen berezia egingo diote, pianista gisa dantzarien laguntzaile lanetan urte luzez egindako ibilbideagatik. 

Galak emango dio amaiera Dantzaren Egunaren harira Donostian antolatutako ekitaldi sortari, zeinak apirilaren lehen asteburuan hasi ziren. Dantza Kalean ekitaldiaren XVII. aldia egin zuten orduan; hamahiru eskolatako ia 300 dantzarik parte hartu zuten, eta askotariko dantza estiloak erakutsi zituzten kaleetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.