Aurpegi berri bat, gutxienez, izango da abenduaren 18ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean: Gorka Pagonabarraga Agorriarena. Durangoko 21 urteko bertsolaria nagusitu da gaur Etxebarrian (Bizkaia) jokatu den lehen finalaurrekoan, eta puntuazio onarekin gainera. 500 lagun inguru bildu dira han.
Bigarren izan da Onintza Enbeita Maguregi, eta hirugarren Miren Amuriza Plaza. Horiek beste bi finalaurrekoetako emaitzen zain egon beharko dute Bilboko finalean izango diren edo ez jakiteko. Laugarren egin du Imanol Uria Albizurik, bosgarren Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendiak, eta seigarren Paule Ixiar Loizaga Legarrak. Zihara Enbeita Gardokik egin ditu gai jartzaile lanak. Hauek izan dira puntuazioak:
1- Gorka Pagonabarraga Agorria: 529
2- Onintza Enbeita Maguregi: 518,5
3- Miren Amuriza Plaza: 505,5
4- Imanol Uria Albizuri: 488
5- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia: 441,5
6- Paule Ixiar Loizaga Legarra: 434
Saio bakoitzaren irabazlea zuzenean sailkatzen da finalera, eta gainerakoek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala iritsi aurretik egingo diren beste bi finalaurrekoak Galdakaon (hilaren 27an) eta Larrabetzun (abenduaren 4an) jokatuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren harira kaleratutako azken oharren ondotik, antolatzaileek adierazi dute datozen saioetako segurtasun neurriak indartuko dituztela. Areto bakoitzaren ezaugarrien arabera, kontuan hartuko dituzte, besteak beste, edukiera, zaleen arteko distantzia eta maskaren erabilera, eta gogorarazi dute ezingo dela ez jan, ez edan.