Musika. A cappella

Gorliz Beach

2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hondartza bukaeratik ikusi nuen; haitz batean eserita zegoen, itsaso zabalera begira. Bakarrik, gustuko ei zuen moduan. Malenkonia barneratzen utziz, jakin al du besterik egiten bizitzan?

Toki onean jaio zen, bai horixe, malenkoniak norberaren barnea harrapatuko badu; Areeta, Neguri, Aiboa… baita Algorta hasiera, Lezama-Legizamon jauregi gaineko kaletxoak. Aipaturiko edozeinetan jaio eta bizi zen, zehaztea ez baitzuen gustuko. Agian horregatik esaten zuen Getxo, kitto, dena-ezer ez esanda. Familiak bazuen txalet bat, ulertzen genionez, beste txalet batzuek inguratzen zutena. Boteretsuen indar biderkatua, bururatzen zitzaidan. Nahiz bera «ahul» sentitu sorterri hartan, esaten zigun, «triste, deprimitu, bizitzari ezin zentzurik aurkituta».

Maite nuen, egia esan, garai hartan berak isurtzen zuen musika. Adarra jotzen banion ere, berak eta lagunek jorratzen zuten estiloa, adibidez, definitzerakoan; «rock de colegio mayor».

Duela gutxi izan nintzen bere Getxo horretan, pasiatzen. Kale bakartiak, garbiak. Zuhaitzez hornituak. Hesien bestaldean, etxe soilak eta lorategiak. Dudarik gabe, Euskal Herriko lekurik onena deprimituta bizitzeko.

Londresera joaten zen sarri, bere moduko denak joaten ziren Londresera. Ez zioten joateari utzi ezkondu ostean, ezta sortu ziren aberrian bizitzeari ere. Bera eta lagunak zuzenean ikustera agertzen ziren neska haiekin, zeintzuen edertasuna honela definitzen bainion; «el getxo diferencial».

Bera ez zen ezkondu. Ala bai. Ez dakit oso ondo. Maite zuen malenkonian bizitzea, malenkonia hura musikatzea, lorategira begira. Betirako.

Hondartza bukaeratik ikusi nuen, pasa den igandean. Haitz batean eserita eta itsaso zabalaren aurrean. Esan zidan Gorliz dela —Bizkaian— eguzki ordu gehien dituen udalerria, horregatik jarri zutela bertan ospitalea. Ezagutzen dudan malenkonia isurtzailerik handiena ere —ospitalea—, erantzungo nion. Isildu nintzen, ordea, ez baitakit nahiko aberatsa ote naizen malenkoniaren goien gradua ahotan hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.